Hartzea LOPEZ ARANA
Parke Jurasikoa
Bada gure lurraldean jurasikotik milimetro bakarra mugitu ez den erakundea : txapelokerren kuadrila. Gerlan, diktaduran, demokrazian, berdeak beti bidean, herritarrak aspertzen eta izutzen. Nora zoaz, zer da hau, atera autotik, hustu poltsikoak, begira haruntz, abertzale pintta dun, ixo bestela jasoko duk, nitaz gogoratuko haiz... Etsaiaren tamainan neurtzen da, omen, gure maila, eta guardia zibila gurutzatzen dugun bakoitzean, zilora doazkigu esperantza guziak. Gobernuaren bisaia auto blindatu, ziega, makil, bainera zikin, elektrodo batean ezkuturik. Batzuek ez dute iada kondatzen zenbat aldiz atxilotu zituzten : hirutan, hamar aldiz ?Armada munduko talde terroristarik terroristena da. Autonomoki funtziona dezake, ahalmenak soberan ditu, sarraskiak egitea ez zaio inporta, zibilek halabeharrez onartu behar dute eta ondoko instituzioak, bidelagun, kakatien modura, eskuak gorotzan ez sartu nahiz, pekatuak xurituz eta jateko emanez. Norbaitek ahoa gehiegi ideki eta beti egonen da bizia aberriarentzat sakrifikatu duen dinosaurio medailadun bat ordena mantentzeko. Estatu kolpeak, tapizaren azpian, nunbaitik e. Armada munduko haur mimatuena da. Gose dela ? Tori dirulaguntzak. Klasean gaizki onartua ? Tori propaganda. Jostatu nahi duela ? Tori jomugak. Promenatu nahi duela ? Tori bidaiak. Hasarre dela ? Tori gerla. Denek militarrei zor diegu zerbait : asmakuntza handiak, balentria heroikoak, sorospen helikopteroa mendian, zergak, bakea, bi sos. Intsumituek estolda plaka altxatu eta itzulipurdika utzi zuten itxuragabeko tribu hau. Horregatik eman zizkieten hainbeste kolpe eta kartzela urte, gai seriosekin ez baita jokatzen. Gero derrigorrezko zerbitzua desagertu eta armadaren kontrako dinamikak haizatu ziren. Baina ondarea hor dago, lur azpian, eguzkia eta ura pazientziaz goitatzen. Intsumisioa beste sendra batzuetatik abiatu da, desobedientzian, matxinadan, eraikuntzan. Libre bizitzeko asmoa ibilarazteko sorbaldetan daramagun zaku horretan, poetarena egin nahi izan ezkero. Parke arriskutsuak hesteko ahalbide zuzenena haietara ez joatea dela dakigu euskaldunek, gauza asko ez dakizkigu baina hori bai. Hitz, jantzi eta arma potoloetaz gutxi fido, eta etxean sukaldatu eltzekaria, beti kanpoko salda baino gustagarriago. Hortan desberdintzen gara Cuenca-z, Morthe eta Moselle-z. Orain laborantxa ganbarak, topaguneak, nazio eztabaidak, piztuk, demok, segik, udalbiltzak ta gaineratikoek aitzurra sabaietik atera eta sorora joan dira izerdia botatzera. Ez zaigu hainbeste gelditzen : konzientziazio gehiago, telebista gutxiago, elkartasun gehiago, supermerkatu gutxiago. Pausoz pauso egiten da bidea, norberatik hasiz eta besteen laguntzaz, eroriz eta altxatuz. Bakoitzak bereari ekiten badio, parke Jurasikoak sarrera prezioa apaldu beharko du ikusleak erakartzeko, azkar mantentzeko. Garaipen bat gehiago intsumituentzat. Fakturaren gaineratikoa osoki pagaraziko digutela ? Noski, horregatik sortu ginen euskaldun !
|