Bada ekialdean, Ararat mendi sakratuaren magalean bizi den herri handi bat. Bere istorioak dioenez, bertan bizi direnek Noe izan zuten lehen aitona. Eta duela milaka urte, haren iloba zen printze ausart batek tiranoaren hatzaparretatik askatu zituen.
Marxek erakutsi zigun moduan historia errepikatu egiten da. Lehen aldian drama dena, bigarrenean iruzurra. Orduan tiranoa zena egun Turkia-Iran-Irak-Siria; eta aldiz orduko printzea, egun Occalan terrorista. Orain baina drama zena istorio mitiko bilakatu da, eta iruzurra aldiz historia dramatikoa.
Kurdistan lau estaturen zangopean bizi den herria da. Cia, Mossad, Islamista fundamentalistakŠ.denetariko entsalada elkartzen da haien etsaiei begiratuz gero. Bere aurka, Iran eta AEBak osaturiko duala egikaritu da. Ezinezkoa zinezko izaten da Kurdistanen inguruan ari garenean.
Ez aldiz lagunei begiratuz gero. Kurduak ez ditu inork maite. Ez dira azal zurikoak lehen munduaren begietan. Azal beltzeko herri islamiartua, bokazioz laikoak dira herri islamiarren begietan. Eta honela badirudi, itsasorik ez duen herri hau edozein egunetan lurrak itoko duela.
Kamaradak sareak gonbidatuta, Euskal herrian izan genituen duela ezer gutxi. Beraien ahotik oihu mutu bat ateratzen zela zirudien: Zuek uler gaitzakezue, zuena izenik ez duen herria da, gurea mendietakoa. Ez diren herrien kartografoak garaŠ.
Hori ikasi genuen gazteok gure artean egon zireneko tartean: gureak urruneko errealitate hurbilak dira. Ezberdintzeak ezberdin, berdintasun ugari topatzen ditugu gure historiaren borrokan, eta gure borrokaren historian. Feministak, ukatuak, sozialistak, zanpatuak, askatasun egarriz mugek itoakŠtxiki eta handi, dialektika ezinezko honetan anai arrebak gara.
Duela urte bete izan zen Segiko ordezkaritza bat ere Istanbulen. DTPko gazteen kongresu nazionalean egon ginen elkarrizketan. Mintzagai, gazteon ekarpena gatazken konponbidean. Asteburu eta hiri berean ZP jauna zegoen Erdogan genozidarekin batzartuta. Mintzagai, nola amaitu gatazkak konpondu nahi dituzten herriekin. Ez da kasualitatea, gure etsaiak ere anaiak dira elkarren artean.
Baina errepresioaren nazioarteratzeak segidan, elkartasunaren nazioarteratzea dakar. Eta militar, nazional, pikoleto eta kolore guztietako txakurren parean gure herrien askatasun oihuak jartzen du hesia. Elkartasun internazionalistaren hesia, borrokaz heziriko anai arrebek eraikiriko hesia.
Turkia, Frantzia, Espainia eta indar inperialistak ozen entzun: herri txiki eta handiko gazteak gara, eta ez gaituzue geldituko!! Gurea beti izan da zuenean ezinezko, eta horregatik egingo dugu zinezko. Eta jakin badakigu, garai ilunak datozela. Baina jakin badakigu ere, ez denak dena duela irabazteko. Askatasunaren bidean ukatuok, ez garenok, dena dugula irabazteko.
Gu herri txiki eta handiko gazteak gara. Gu Euskal Herria, Kurdistan eta munduko herri zanpatu guztietako gazteak gara, eta jakin dezazuen, konponbiderako eskua luzatu genizuen bezala, borrokarako prestu gaudela.