Gara: Latest news - Printed edition  |  Le Journal |  Documents
 
EUS | ES | FR | ENG
 » PRINTED EDITION
  - Index
  - Sujet à la une
- Basque Country
- Local
- Opinion
- Culture
- Sports
 » DOCUMENTS
 » Hemeroteka
Le JPB > L'opinion > Tribune Libre 2007-06-19
Unai Larreategi / EHEko kidea
Beste 4 urtez euskararen semaforoa gorri ?

H orixe ondoriozta dezakegu Kontseiluak hauteskunde aurretik egindako udal programen azterketa eta hauteskundeen emaitzak alderatu ezkero. Udal programa egokiak kolore berdez identifikatu ziren, baina batzuk ez dute indar gehiegirik batu hauteskundeetan eta beste batzuk ilegalizazioaren ondorioz (eta zenbait alderdiren jarrerak medio) eragiteko ahalmenean gutxiagotuta aurkituko dira. Ondorioz, gorriz zein laranjaz identifikatutako programa eta politikak irten dira indartuak hauteskunde hauetatik. Orain arte bakoitzak egunerokoan defendatzen edo gauzatzen duen politiken jarraipena besterik ez dugu ikusi. Alderdi espainolek euskarari ateak ixten dizkiete udaletxeetan noski. Alderdi abertzale gehienek aldiz, hizkuntza politikaren eremuan arduragabekeri handia erakusten jarraitzen dute, elebitasunaren eta hizkuntzen arteko elkar bizitzaren gezurraren aitzakia pean. Argi ikusten da, euskararen berreskurapena modu serio eta antolatuan bultzatzeari ematen dioten lehentasun eza. Tristea da, gehienetan ezker abertzalea soilik kokatzea hizkuntza politika egokiarekin. Programek argi erakusten dute nork kolpatzen duen euskara, nork ez duen egungo mendekotasuna gainditzeko asmo garbirik eta nork erakusten duen konpromiso sendoago bat.

Orokorrean, euskararen sustapenerako ez-nahikoak diren programak izango ditugu beraz datozen lau urteetan udaletxeetan. Eta horren aurrean zer? Begira gelditu? Ez noski. Ezin dugu onartu euskara beste lau urtez udaletxeetatik kanpo egotea edo gehienez ere, minimoen azpiko politikak egitea. Hautetsiei eta alderdi politikoei ikustarazi behar diegu udaletxean euskararen normalizazioaren alde asko dagoela egiteko eta beraien erantzukizuna dela, egokiak diren neurri eta erabakiak hartzea. Presio soziala eragin behar dugu euskarak behar dituen benetako neurriak har daitezen.

Euskara ofiziala eta lehentasunezkoa izendatu behar da udalez udal. Izendapen hau ez da ezeren berma, ados, baina ondoren egingo den politika definitzeko garrantzitsua da euskarak behar duen gutxieneko status hori onartu eta konpromiso hori adieraztea.

Status horri lotuta hizkuntza politika eraginkorrak jarri behar dira abian udaletan. Ekintza zehatz, antolakuntza, pertsona zein ekonomi baliabideetan oinarritutakoa. Hizkuntza politikaren helburu nagusiena euskararen normalkuntza bururaino eramatea izango delarik, horretarako ezinbestekoa delarik euskaldunon hizkuntza eskubideak maila guztietan bermatzea.

Politika hauek garatzeko berriz arau babesa behar da udalerriz udalerri, udal ordenantza hain zuzen ere. Hamaika eztabaida badira honen inguruan, beharrezkotasunari lotutakoak, espainiar zein frantziar mendekotasunari lotutakoakŠ guretzat eztabaida guzti horietan bada nahiko arrazoi ordenantzei bai esateko. Udalerriz udalerri hizkuntza arauak erabaki eta gauzatzeko plangintzak ezinbestekoak dira.

Neurri horiek hartuz hizkuntza eskubideen bermerako norabide egokian jarriko ginateke lanean. Baina ezin gara zonalde guztietan eskubideen bermea helburu dugula gelditu. Zonalde euskaldunetan euskaraz bizitzea ahalbideratu beharra daukagu, hizkuntza eskubideak bermatzetik pauso bat aurrerago hain zuzen. Tresna egokia daukagu horretarako, UEMA hain zuzen.

Zonalde euskaldunen aldeko borroka berraktibatzeak garrantzi berezia izango du aurrerantzean. Horregatik, UEMAko kide izateko erabakia hartzeko eskatzen diegu Euskal Herrian Euskaraz-etik bertan sartzeko baldintzak betetzen dituzten udaletan sortuko diren udalbatza berriei. Alderdi guztiek apustuarekiko konpromisoa adierazi eta lehenbailehen urrats hori eman behar dute, horretarako aukerak handiak direlako. Urrats hori ez ematea onartezina dela deritzogu.

Neurri hauek guztiak hartzea ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera urratsak emateko, baina udaletxean zein bestelako funtzio publiko zein pribatuetan euskarak behar duen ibilbidea garatzeko, ezinbestekoa da euskarak Euskal Herrian daukan statusa iraultzea. Herritar guztiek euskara ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea bermatua ez duten bitartean nekez eman ahalko ditu pauso kualitatiboak euskararen normalizazio prozesuak.

Gaur egun ordea euskal herritarrok ez daukagu horrelako status aldaketa bat aurrera eramateko eskumenik. Euskararen galbidearekin bukatzeko, autodeterminazio linguistikoa eskuratu beharra daukagu ezinbestean. Antzaren gisa hegan egin nahi arren, hegoak lotuta baitauzkagu aspaldian.

Hegoak lotzen dizkigun soka usteltzen hasia dago ordea, eta guztiok batera ekiten badiogu lortuko dugu soka hori behin betirako apurtzea. Horretarako ordea autodeterminazioaren alde gaudenok, elkarlanerako konpromiso zintzo eta sendoa hartu beharra daukagu. Gure artean mokoka gabiltzan bitartean gustura da zaindaria, baina usteldurik aurkitzen den lokarria berri batengatik aldatzeko aukerarik ezin diogu eman.

Urtetako lan eta borrokaz eraikitako egoerari atarramentua ateratzeko garaia iritsi delakoan nago, eta kapitalismo globalizatzaileak gure hizkuntza, kulturaŠ irentsi aurretik behar dugu gainera egin hori. Irenste horren epemuga guk pentsatzen duguna baino gertuago egon baitaiteke.

Ilusioa behar dugu ordea horretarako. Ilusioa udaletxez udaletxe euskarak behar dituen neurriak hartzea exijitzeko, ilusioa euskal herri euskalduna lortzeko dugun eskubidearen jabe egiteko.

Antzara semaforoa berde jarri zain dago hegaldia hasteko. Apurtu ditzagun beraz gure herria lotzen duten soka usteldu guzti horiek. Bada garaia!!!


 
Print
 
...More news
Pays Basque
Exploitants agricoles : à vos plastiques !
Sports
Ça sent la fin de cycle à Osasuna
Culture
Vitoria, le festival jazz cultive sa différence
Sujet à la une
Jean Grenet et Jean Lassalle prendront leurs fonctions aujourd’hui, D. Poulou attendra un mois
Culture
La txapela remportée à nouveau par l’indétrônable Maddalen Arzallus
Pays Basque
Les conseillers municipaux ignorent les consignes de parti
  © 2006 Baigura | Contact | About us | Advertise