Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2007-2011 epealdian indarrean izango duen Euskararen Plan Gidaria aurkeztu berri du. Unibertsitatean euskararen egoera hobetzea eta erabateko elebitasuna lortzea helburu nagusi gisa hartuta, hainbat helburu zehatz jarri dizkio bere buruari EAEko unibertsitate publikoak. Horiek betetzea dute orain erronka.
Gizartetik datorkion eskaerari, edo are zehatzago esanda, ikaslegoaren aldetik datorkionari erantzuteko bezain beste tresna ez ditu izan orain arte unibertsitateak, hizkuntzen erabilerari dagokionez.
Urtetik urtera hazten doa beraien ikasketak euskaraz egin nahi dituzten ikasleen kopurua eta, euskara plan berriaren aurkezpenean unibertsitateko arduradunek onartu zutenez, EHUren erantzuna arlo honetan gizartearen eskaeraren atzetik joan izan da.
Aurkezpen berean emandako datuak ikusi besterik ez dago. Azken hamar urteotan asko hazi da hautaprobak edo selektibitatea euskaraz egin dutenen kopurua: 1997-1998 ikasturtean unibertsitatean sartzeko azterketak euskaraz egin zituztenak % 30,9 izan baziren, 2006-2007 ikasturtean % 51,8 izan dira. Euskaraz matrikulatutako ikasle berrien kopurua, berriz, bikoiztu egin da: % 23,46 izan ziren 1997-1998an, eta % 43,90 azken ikasturte honetan, 2006-2007an.
Ikasgaien eskaintza eta irakasle elebidunen kopuruak ez datoz bat, ordea, euskararen hautua egiten duten ikasleen kopuruarekin: % 34,1 besterik ez dira elebidunak irakasleen artean; nahitaezko edo derrigorrezko ikasgaien artean, berriz, kredituen % 73,05 dira euskaraz ere eskaintzen direnak. Horixe konpontzeko urratsak eman nahi dituzte, hain zuzen ere, EHUko agintariek, Euskararen Plan Gidariarekin.