Gara: Latest news - Printed edition  |  Le Journal |  Documents
 
EUS | ES | FR | ENG
 » PRINTED EDITION
  - Index
  - Sujet à la une
- Basque Country
- Local
- Opinion
- Culture
- Sports
 » DOCUMENTS
 » Hemeroteka
Le JPB > L'opinion > Tribune Libre 2007-04-28
Nestor Esteban / Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea
Euskara ofiziala herri guzietan, Euskal Herrian

M endeak dira herri honek gatazka politikoa bizi duela, gatazka politiko horren korapiloan hizkuntza gatazka dagoelarik. Euskal Herrian bi hizkuntza arrotz dira nagusi, espainiera eta frantsesa, euskara zokoratu zapaldu eta eremu soziolinguistikoa erabat murriztu dutenak. Egoera ez da kasuala, urteetan inposatu eta aplikatu diren legedi eta hizkuntza politika ezberdinen eragina baizik. Honek, euskara, desagertze arriskuan dauden hizkuntzen artean kokaturik egotera eraman du.

Herri honek ez dauzka bere hizkuntzaren geroa bermatuta, komunitate euskaldunak ez ditu hizkuntza eskubideak babestuta, egungo hizkuntza politikak ez dira burujabeki erabakiak izan eta ondorioz, egun Euskal Herriko txoko eta esparru guztietan urratuak dauzkagu hizkuntza eskubideak; Karrantzatik Aragoiko Petillara, eta Xibertatik Kortesera; udal administrazioetan, epaitegietan, eskoletan, komunikabideetan, osasun zerbitzuetanŠ Ikasturte hasieran gernikar batek, lekuko moduan euskaraz deklaratzeagatik 6 hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen; ezabaketa astean Iruñeko Arrosadia auzotik zihoazen bi euskaldun, udaltzainek identifikatu eta frogarik gabe isuna jaso zuten kartelak jarri zituztelakoan; Mauleko 12 euskaltzale frantsesez deklaratzera deitu zituzten erdal seinaleak herriko etxearen aurrean uzteagatik; Bergaran 5 euskaltzale eta Iruñean bat, erdaraz epaitu zituzten, modu horretan defentsarako eskubidea ere urratuz; Azpeitiko eta Barañaingo osasun etxeetan; Euskal Herri osoko erdal eskoletan; etabŠ Euskal Herri osotik bira egin eta hizkuntza eskubideen urraketen adibideak jarriz jarrai genezake. Hor dugu, orain egun gutxi Hizkuntza Eskubideen Behatokiak aurkeztutako dossierra, eta Kontseiluak argitaratutako Udalen Hizkuntza-politikaren neurketaren datu kaxkarrak. Egunero pairatu behar dugu hizkuntza zapalkuntza eta horiek defendatu edo aldarrikatzeagatik garesti ordaintzera irits gaitezke euskaldunok: espetxe zigorrarekin, isunekin, debekuekin, edo mespretxuarekin. Tamalez sektore eta alderdi politiko gehienek ezertxo ere egin ez eta gainera egoera hau asimilatzera eraman nahi gaituzte. Testuinguru honetan kokatzen dugu aurtengo IV. Hizkuntza Eskubideen Eguna; arrazoiak hamaika. Erasoen sokaren azken ekarpena Atarrabiako eta Burlatako udalek, UPN eta PSNk, hurrenez hurren, herri horietan Hizkuntza Eskubideen Eguna antolatzeko eman diguten debekuaren berrikuntzarekin. Euskararen kontrako estrategia ardatz, interes politikoek eta hauteskundeek eman ahal dizkieten emaitzak lehenetsi dituzte, hizkuntza eskubideen gainetik. Lotsagarria da UPN eta PSNren jarrera, eta lotsagarria ere haien burua euskaltzaletzat edo abertzaletzat dauzkaten bestelako alderdi politikoena ere, haien erantzukizunetik abiatuz isildu baitira euskararen aurkako oldartze honen aurrean. Hala ere ez da harritzekoa, jarrera bera mantendu baitzuten Iruñeko udalak eta Nafar Gobernuak Korrikarekiko jarritako oztopo, traba eta 15 herritarren identifikazioen aurrean ere.

Esan bezala, Euskal Herrian ezin dugu euskaraz bizi, ez digute euskaraz bizitzen uzten, eta euskararen normalizazioa urrun ikusten jarraitzen dugu. Lurralde zatiketan oinarritzen diren administrazioen legediek garamatzaten bidetik jarraituz gero, euskararen normalkuntza ezinezkoa da. Horra Azpeitiko udal ordenantza, auzitegi espainiarrak indargabetu izanaren adibidea, erdaldunen hizkuntza eskubideak urratzen zituelakoan. Hori ez, baina euskaldunon hizkuntza eskubideak nahi duzuen guztietan urratu. Hala erakusten digute, euskarak urrats esanguratsuak eman ahal dituenean, epai bat edo dekretu bat atera eta euskararen ur isuri berriei iturria itxi. Horrela ikustarazi dugu jendartean, euskaltzale askok daramagun eta egiten ari garen lanari esker. Indarrean dagoen markoaren magalean dauden legediek ezinezkoa egiten dute euskararen normalkuntza, eta beraz garaia da hizkuntza eskubideen urraketa egoeratik, hizkuntza eskubideak bermatuko diren markora jauzia egiteko. Euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan ezarriko duen markoa behar dugu, hizkuntza politika berria behar dugu. Ziur gara bide horretatik euskararen normalkuntzaren bidea irekiko dugula, eta horrek lagunduko digula aldi berean, gatazka politikoaren korapiloa askatzen. Ziur gara, eta ziurtasun horretatik jarraituz, aurtengo Hizkuntza Eskubideen Eguna parametro horietan kokatu nahi dugu "Euskara ofiziala herri guztietan Euskal Herrian" aldarrikatuz.

Ausardiaz jokatzeko momentua iritsi da, euskalgintzatik euskararen normalkuntzan eta gatazkaren konponbidean urratsak emateko garaia da. Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen dugun heinean, euskararen normalkuntzatik eta gatazkaren konponbidetik hurbilago izanen baikara. Gatazka politikoaren korapiloa askatzen laguntzen dugun heinean, hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean urratsak emango ditugu. Jendarte osoari dagokigu hasi dugun bide honi jarraipena ematea, hizkuntza eskubideak egunero borrokatuz, ofizialtasuna aldarrikatuzŠ Eta udal eta foru hauteskundeak hurbil direla baliatuz, bereziki udalek euskararen normalkuntzan duten paper garrantzitsua azpimarratu nahiko genuke, aipatutako bidean urratsak eta ekarpenak ere egin ditzaten. Udalek tresna bat behar dute izan, bihur ditzagun euskararen normalkuntzaren aitzindari herri guztietan.

Euskaltzaleok beraz, hurrengo mugarriak maiatzaren 5ean Atarrabiako udaletik Burlatako udalera eginen dugun Manifestazioan eta maiatzaren 6an Azpeitian hizkuntza eskubideen egunean dauzkagu. Atarrabia eta Burlatako udalek erakutsi duten jarrera salatuko dugu, Euskal Herri osoan gertatzen diren hizkuntza eskubideen urraketak salatzearekin batera, eta euskararen ofizialtasuna bermatuko duen marko berria aldarrikatuko dugu bi egun hauetan.

Ekin diezaiogun beraz Euskararen ofizialtasuna herri guztietan eta Euskal Herri osoan aldarrikatu eta gauzatzeari.


 
Print
 
...More news
Pays Basque
"Nicolas Sarkozy fera un fleuve en Pays Basque"
Pays Basque
L’exécutif basque confirme sa décision d’interdire la commercialisation de l’anchois
Pays Basque
La CGT, l’UNSA et la FSU réitèrentleur opposition à inviter le syndicat LAB
Culture
Maddi Oihenart déploie ses ailes
Sports
Le bonheur du BOPB se trouve en Catalogne
Sports
Bras de fer au Trinquet moderne
Sujet à la une
Une ligne très haute tension menace le ciel navarrais
  © 2006 Baigura | Contact | About us | Advertise