Gara: Latest news - Printed edition  |  Le Journal |  Documents
 
EUS | ES | FR | ENG
 » PRINTED EDITION
  - Index
  - Sujet à la une
- Basque Country
- Local
- Opinion
- Culture
- Sports
 » DOCUMENTS
 » Hemeroteka
Le JPB > L'opinion > Azken hitza 2006-01-18
Eneritz ZABALETA
Euskal Herrian Euskaraz

"Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas". Hala dio Xabier Amurizak orain 25 urtetik gora idatzi eta Oskorri taldeak plazaratu zuen kantu gogoangarriak. Zenbat urte geroztik. Denborak aintzina darrai. Zoritxarrez, menderik mende, urterik urte, Euskal Herriko zazpi probintzietan ezin daiteke euskaraz jolastu. Tafallan, Barkoxen, Donapaulen, Arrangoitzen, Irunen... ezin daiteke euskaldun egiten gaituen hizkuntzaz bizi atzerritarra izan gabe. Euskal Herrian ezin gara euskaraz jostatu eta ez da jostetako kontua... Aldarrikapenak aldarrikapen, hontzak gauerdiko eztula ere erdaraz egin beharko du Aturri eta Ebro artean. Noiz arte jarraituko dugu ezin aterazko ziklismo pista honetan itzuli eta itzuli ezin ateraz?

Hala ere esperantza ate joka heldu zaigu urte berriarekin. Hala dio behintzat Lamassoure jaun eta euskaltzale ezagunak. 2006 urtea mugarri izango omen da gure iparralde hontako nortasun eta hizkuntzarentzat. 2006an lege proposamen bat prestatuko omen du "eskualde hizkuntzek" erakundeen ezagutza ofiziala lor dezaten. Konstituzioa konstituzio eta jakobinoak jakobino, gure hizkuntza errepublikaren familia handiko seme bihurtuko omen da. Hara, legea beti lege. Legeari esker 2006 euskararen eta Ipar Euskal Herriaren urtea bilakatuko zaigu beraz. Urte hau mugarri izanen da beraz. Bestela Lamassoure jaunak 2007ko lehendakaritzarako hauteskundeak zipriztintzea egin du promes.

Azkenean euskara salbo ikusiko dugu gure lurraldetxoan... Azkenean etxeko sototik Herriko Etxerat, Ikastolatik Unibertsitaterat, hilkutxatik karrikarat zabalduko dugu gure ama hizkuntza. Aitorren hizkuntza zaharra Pierre, Audrey eta Marionek ere erabiliko dute Angeluko zentru komertzial erraldoian ! Legea lege, gizartea gizarte. Noski, ez deritzat oker Lamassoure jaunaren egitasmoari (promesa egitasmo bihurtzen bada behintzat...). Oker geundeke halaber erakundeek Euskal Herrian egun batez hitz eta jolas egitea ahalbidetuko dutela usteko bagenu. Euskara herriaren hizkuntza bilakatuko da baldin herriak (gizarte zibilak gaur egun erraten den moduan) militantzia, gogoa eta sukaldeko lana egiten badu. Larrutik egin beharko dugu denok lan gu izaten segitzeko, gu egiten gaituen hizkuntza denona bihurtzeko. Esperoan egotea alferrik da... Legea alde batera utziz ilusioz eta gizalegez joka dezagun. "Euskal Herrian euskaraz" aldarrika dezagun, "Euskal Herrian euskaraz!" oihu egin dezagun. Euskal Herri euskalduna egin dezagun! Euskal Herrian euskaraz...


 
Print
...More news
Sujet à la une
Le réalisateur Safy Nebbou dévoile les secrets douloureux de l’enfance d’Ingmar Bergman
Pays Basque
L’aéroport de Biarritz-Anglet-Bayonnea dépassé les 800 000 voyageurs par an
Pays Basque
La Cour Européenne des Droits de l’Homme condamne la France pour violation de la vie familiale
Pays Basque
Situation inchangée à l’hôpital, un nouveau blocage prévu pour lundi
Culture
Cloch’Art : le théâtre à l’école de l’humanisme
Pays Basque
La justice prolonge l´interdiction de Batasuna deux ans de plus
  © 2006 Baigura | Contact | About us | Advertise