Gara: Latest news - Printed edition  |  Le Journal |  Documents
 
EUS | ES | FR | ENG
 » PRINTED EDITION
  - Index
  - Sujet à la une
- Basque Country
- Local
- Opinion
- Culture
- Sports
 » DOCUMENTS
 » Hemeroteka
Le JPB > L'opinion > Courrier des lecteurs 2005-12-24
Zergatik txistuak ?

Izugarrikoa izan zen Igandeko BEC-eko bertso lehiaketa, egunaren parte handienean behintzat. Zein giroa! Nolako bertsuak! Euskararen eta bertsolaritzaren uhainek, jendeak zentzu berean eramaiten gintuzten, zoriona eraginez. Festa hortan oso zoriontsu sentitzen nintzen ni behintzat, une madarikatu hori arte.

Aitzinetik, gerta zitekeela pentsatua nuen. Duela lau urte pasa bazen, zergatik ez zen berriz ere pasako? Bainan hala ere, zoin ximikoa sentitu nuen bihotzean sari-banaketako txistuak entzutean! Bat batean, BEC-eko airea aldatu zen, gorroto usaina zuen. Zoin herra sentitzen zen txistu horien aldetik! Lehengo zorion uhaina gorroto eta koldarkeri uhainean bihurtu zen.

Neri min egin zidaten gisan, pentsatzen dut txistu horiek beste jende batzu ere minduko zituztela. Eta hasteko sariak banatzeko oholtzara igo zirenak. Horregatik, elkartasun osoa adierazi nahi diet Fernando Tapia, Miren Azkarate eta joera intolerante hori pairatu izan behar zuten beste guziei.

Jarrera hori ez da berria eta iduritzen zait forma desberdinetan eta jende desberdinek pairatzen dutela Euskal Herrian. "Talde" desberdin batekoa izaiteagatik soilik, jendea baztertzean datza. Batzuek fundamentalismoa deitzen dute. Egia erran, ez dakit zer den hori zehazki. Nik sinpleki intolerantzia edo bazterkeria deituko nuke. Bazterketa joera hori nahiko "normala" bihurtu da gure gizartean. Alta izugarri larria iduritzen zait neri, eta tamalez, Euskal Herriaren gaitz hori kronikoa bihurtu dela beldur naiz. Hori, aztertu beharreko gaia dela uste dut, bainan ez naizenez aditua eta hemen lekurik ez legokeenez, hortan utziko dut. Joera beraz gain (larriena kontsideratzen dudana nik behintzat), ondorioak ere aztertu daitezke. Txistu horiek, jendea zatitzen dute eta euskara eta bertsolaritza politizatzen dituzte. Finala BECera eramaitearen helburuetariko bat, euskara eta bertsolaritza Bilboren ezkerraldean indartzea zen. Egun eta ordu luzez hori lortzeko egindako lana ez ote dute txistu intolerante horiek neurri handi batean deuseztatu?

Beste hainbat galdera egiten dizkiot buruari: BBK txistukatzen zutenen artean, ez ote zen banketxe hortako bezerorik? BECetik ateratzean gazteleraz mintzatzen zen jendearen artean, txistuak bota zituztenik ba ote zen? Gaurko gizartea "erosotasunaren" gizartea bihurtu da neurri batean, eta noski, askoz erosoago da jende-taldea segitzea behatza ahularen norabiderantz altxatuz, eguneroko bizitzan norberaren ideiekin koherentea izaitea baino. Horregatik zoriondu nahi ditut herraren uhain horren korrontearen kontra, kurai handiz eta erosotasuna ondoan utziz, txapelketa antolatzen lagundu duten sari-banatzaileak txalotu dituztenak.

Ongi orroitzen banaiz berriki Durangon saritu duten Gotzon Garatek zioen ezkerreko ideologia maitasunean oinarritu behar dela. Ni horrekin arras identifikatua sentitzen naiz. Segur naiz txistuka ari ziren jende gehienek ere, beren burua ezkertiartzat dutela, bainan haiek dirudienez gorrotoaren bidea nahiago dute maitasunarena baino.

Xalbador ere txistukatu zuten gogorki 67an. Berak, hitzak eta manera atseman zituen jendearen txistuak txalotan bihurtzeko. Idatzi zituen ondoko beste bertso hauek, sari banaketaren egoeraren nahiko erakusgarri dira: "...Badakit askoz ere nukela hobea / nehori ez agertu ene dolorea / odolaren mintzoa eduki gordea / nahiko nuke, bainan ezin dut ordea. // Ama Euskal Herriaz naiz naigabetua, / uzterat doalakotz betikotz mundua, / bere seme alabez abandonatua; / nork barka dezaguke gure bekatua? // Bata dela eskuina, bertzea ezkerra, / euskaldunen artean hazi dugu herra, / ahantziz, Ama, zure maitasun ederra; / horra zure seme hok dautzugun eskerra...". Agian, bertso hauek irakurriz geroz, 67an bezala, txistugileak txalogile bihurtuko lirateke eta ez litzateke holako une tristerik gehiago gertatuko. Bestenaz, proposamen bat banuke antolatzaileentzat: aitzinetik badakigunez nor txistukatua eta nor txalotua izanen den, sariak binaka eman ditzatela, jende-taldearengandik onartua eta baztertua direnen artean. Bukatzeko: saria emaiteko une hori, ez zen txistuzko murruak altxatzeko unea, txalozko zubiak eraikitzekoa baizik.


 
Print
...More news
Pays Basque
«Pour certains le périmètre de l’EPFL est trop étendu, pour d’autres, trop étroit »
Sujet à la une
4 000 M€ pour le `Y Basque’
Culture
Regards sculptés de colère et de tendresse
Sports
La grande finale en ligne de mire
Pays Basque
Elisée Reclus
Pays Basque
Duel pour la présidence de la communauté de communes
  © 2006 Baigura | Contact | About us | Advertise