Gara: Latest news - Printed edition  |  Le Journal |  Documents
 
EUS | ES | FR | ENG
 » PRINTED EDITION
  - Index
  - Sujet à la une
- Basque Country
- Local
- Opinion
- Culture
- Sports
 » DOCUMENTS
 » Hemeroteka
Le JPB > L'opinion 2005-12-20
Miren ARTETXE
Bukatu da

Bukatu da. Adio 2005eko Bertsolari Txapelketa nagusia. Alta, lerro hauek idazten ari naizen memento honetan ez dakit nork irabazi duen. Ez dakit Egañak laugarren txapela irabazi duen edo beste batek jantzi duen bere lehena. Ez dakit gure iparraldeko ordezkariak nola aritu diren, zenbatgarren gelditu diren. Ez dakit zenbat lapurtar izan zen Barakaldon, zenbat baxenafartar, zenbat xiberotar. Ez dakit BEC-eko langileak elebidunak ziren ala espainolez baizik ez zekiten. Ez dakit kanpotik heldu ziren adituentzat prestatua zen berehalako itzulpen sistema euskaratik espainolerakoa eta ingeleserakoa zen bakarrik ala frantsesera itzultzeko prest zen nehor bazen. Ez dakit, eginiko prentsaurrekoetan, medio espainolei harrera egiteko norbait izanen zen bezala medio frantsesekin mintzatzeko norbait izanen zen (medio frantsesak joan nahi izan balute ere).

Dakidana da, aurten, marka guziak hautsi diren honetan, txapelketari jarri zitzaion helburu nagusia bertsolaritza erdal komunitatera zabaltzea zela; hots, euskaraz ez dakiten jendeei hitzez-hitz ulertzen ahal ez duten hori erakargarri egitea zen xedea, bertsolaritzaren fenomenoa existitzen dela oihukatzea gure hizkuntza-mugen gaindi. Eta baloraziorako mementoa da.

Aurtengo finala, Donostiatik Barakaldora eremana izan da, Bizkaiako ezkerraldera, erdaldunena den zatira. Horrez gain, El correo egunkari espainolak gehigarri berezia atera du finalaren bezperan. ETB2an, ETB1ean bezala, ontsalaz, berrietan atera dira kanporaketetako emaitzak, txapelketaren aurkezpenakŠTelevisión Española-ko bi telebista katetan erreportaia bat ematea hitzartu da, etabar etabar. Bada zerbait.

Jakinez ez dela sekulan holakorik egin bertso-txapelketa baten kari, zinez goresmenak merezi ditu lan hori guzia egin duenak. Goresmenak, beraz. Baina nire iduriko, bada zerbait txapelketari ihes egin diona. Bada zerbait oharkabean pasatu dena, eta oraindik bertsozaleen arteko elkarrizketetan entzun ez dudana. Aurtengo txapelketaren helburua bertsolaritza erdalgunera zabaltzea zen. Ongi. Eta iduri luke helburua lortua dela, hein handi batean. Ados, erdalgune batentzat. Baina erranen nuke badela beste erdalgune bat, guziz ez bada aski ahantzia izan dena: Euskal Herriko frantsesen (edo fransesdunen) komunitatea. Betiko istorioa. Hegoaldeari (orokortasunek beti dakarten arriskuarekin) egozten diodan huts handienetarikoa da hori: Euskal Herria hegoaldea baizik ez dela pentsatze hori, edo ez hain gaixtoki, Euskal Herria iparraldea ere badela pentsatze hori. Ez da harritzekoa hala gertatzea, gaur egungo egoera ikusirik. Gainera, ez da hegoaldearen falta iparraldeaz ez aski oroitzea. Guri da hor girela adieraztea, hortik goiti pittanaka alda dadin dena. Horregatik, goresmenak igandean BEC-en izan ziren lapurtar, baxenafartar eta xiberotar guziei. Haiek ere han zirelako. Goresmenak bizkaitar, gipuzkoar eta arabar guztiei, baita ere. Goresmenak denei; ez bertsolaritza gurea ere badelako, gurea delako baizik. À, eta ahantzi gabe, goresmenak txapeldunari! (Euskal Herrikoa edo beste Euskal Herrikoa izan)


 
Print
...More news
Culture
Egaña, toujours Egaña
Pays Basque
L’anchois, poisson phare des négociations sur les quotas de pêche au Conseil de l’UE
Herriz herri
Jean Dauger fait peau neuve
Pays Basque
La Région soutient la création de 300 logements pour étudiants sur le BAB
Sports
Etcheto arrache d’un souffle sa place en finale
Sujet à la une
Gestion publique ou privée de l´eau, le débat rebondit en Soule
  © 2006 Baigura | Contact | About us | Advertise