Gara: Latest news - Printed edition  |  Le Journal |  Documents
Google
EUS | ES | FR | ENG
 » PRINTED EDITION
  - Index
  - Sujet à la une
- Basque Country
- Local
- Opinion
- Culture
- Sports
 » DOCUMENTS
 » Hemeroteka
Le JPB > L'opinion > Azken hitza 2008-03-10
Toni MOLLÁ
Ama hizkuntzan

Chang-Rae Lee idazleak Native Speaker (Ama hizkuntzan) izenburuko liburua argitaratu zuen orain dela urte batzuk; eleberri zoragarria izateaz gain, balio enpiriko ukaezineko dokumentu soziolinguistikoa ere bada. Nire iritzi apalez, bikain idatzita dago eta kontakizunaren eremu geografikoa (New York hiria) gainditzen duen balio unibertsaleko edukia du. Lan paradigmatikoa da, istorioa munduko hiri garrantzitsuenean gertatzen delako eta hiri horretan azaltzen diren joerak, jarrerak eta jokabideak mundu osora hedatzen direlako. Egilea Hego Korean jaio zen eta, hiru urte zituelarik, AEBetara emigratu zuen gurasoekin. Kutsu autobiografikoa erabiliz, Chang-Rae Leek etxe orratzen hirian bizi den etorkin baten egoera deskribatzen du, nola saiatzen den identitate berria bilatzen hiri konplexu hartan. Amerikarra den aldetik, ingelesez ezin hobeki daki, baina arrotz sentitzen da etengabe bere etxetzat daukan munduko hiriburuan. Chang-Rae Lee honela mintzo da Ama hizkuntzan liburuan: "Antzinako Erroma izan zen benetako lehen Babel. Litekeena da New York hiria izatea bigarrena. Eta azkena, dudarik gabe, Los Angeles izango da".

Soziolinguistak, ibiltaria baldin bada -eta hala behar du-, ezin hobeto jakingo du zertaz ari den gure idazlea. Italiatik kanpo dagoen italiar hiri nagusia da New York, Irlandatik kanpo dagoen irlandar hiri nagusia eta, jakina, hiri judu nagusia. Baina ibiltariak New York zertxobait ezagutzen badu, jakingo du Amerikako melting pot delakoak hainbat gauza uztea nahiz integratzea eskatzen duela. Akulturazio prozesu orok alde onak eta txarrak ditu: gizarte hartzailean integratzea dakar, baina baita arrotz sentitzea eta jatorrizko gizartearen hainbat gauza bazter uztea ere. "Hala ere, -jarraitzen du Chang-Rae Leek- toki liluragarri horietan sartzeko, iritsi berriek oinarrizko latina ikasi behar dute. Estatu Batuetako hiriaren garrasi heterogeneoak entzun". Ez da gai hutsala, eta komenigarria litzateke, alarmismo gehiegirik gabe, gure hizkuntzen lokalismo gero eta handiagoaz hausnartzea, eta zergatik baztertuak izan diren zeregin urbano eta globaletatik. Zer leku dugun herri globalean eta zergatik gauden (des)konektaturik munduko sare soziolinguistikoetatik.

Bere aldetik, Isaac Bashevis Singer idazleak, NYeko yiddish literaturaren patriarka nagusiak, Brooklyn auzoan bere hizkuntzari eta etniari eusteko egindako ahalegin izugarriak kontatzen ditu bere lanetan. East River ibaiaz bestaldeko auzo horretako kaleetatik igarotzen den ibiltariak hasidimak topatuko ditu oraindik, beltz-beltzez jantzita eta ile kiribilez, bai eta ileordez apaindutako haien emazteak ere, garaiz eta tokiz kanpo. Tradizio irmoa duten familiak dira, eta yiddish mintzatuz bizitzen saiatzen dira, ahalik eta xumeen. Hizkuntzen hilerri den New Yorki aurre egiten diote, kosher janaria eskaintzen duten jatetxeetara joaten dira eta Bashevis Singer bera erredaktore izan zuen Forverts egunkaria irakurtzen dute. Premiazko gogoetaren ardatzak dira, batetik, ingelesak zer-nolako funtzio instrumental eta integratiboa izango duen etorkizuneko bizitzan eta, bestetik, jatorrizko nortasuna biltzen duten hizkuntzak desagertuko ote diren -edo iraungo duten. Soziolinguistak ez du ahaztu behar hiriko eredu trinkoek esparru publikoak sortzeko eta iraunarazteko joera dutela. Eta hiri aldirietako ereduek, berriz, lurraldea zatitu eta kohesio soziala murrizten dutela; esaterako, Los Angelesen eta Mediterraneoko kostaldean gertatzen ari den bezala. Egoera horietan, Darwinismo kulturala eta soziolinguistikoa erabat ezartzen da. Bizikidetza soziolinguistikoa zaildu egiten da, gero eta bateratuagoa den munduan, egiturak hainbeste aldatzen ari diren munduan. Eta soziolinguista harrituta dago, ibiltaria bezainbat. Hausnarketak eta diagnostikoak, ikusten eta aztertzen duten errealitatearen konplexutasun bera behar dute, halabeharrez.


Print
 
...More news
Pays Basque
Jean Grenet en ballottage très favorable
Pays Basque
Benoît Saint Cricq force Didier Borotra au deuxième tour à Biarritz
Pays Basque
Peyuco Duhart réélu à Saint-Jean-de-Luz mais le Conseil municipal est contrasté
Pays Basque
J.J. Lasserre : " Je ne compte pas réouvrir le dossier de la Transnavarraise »
Culture
Mascarade des Victoires de la musique
Pays Basque
Ecenarro est en grande difficulté face à Sallaberry à Hendaye
  © 2006 Baigura | Contact | About us | Advertise