Andee Sainte-Marie, Sabin Intxaurraga, Patxi Azparren, Xabier Sarasua, Xabier Oleaga / Ezkerreko abertzaleak
Desobedientzia zibilaren zilegitasuna eta beharra
2000 ko urrian gutxik espero zuten hainbat gizarte mugimendutan ziharduten 12 lagunen aurkako sarekada hura. Gero 18/98ko sumario gisa ezagutua izan den prozesuaren desobedientziaren atalean, Euskal Herriko herri mugimenduan ezagunak ziren dozena bat lagunek Garzonen aurrean deklaratu behar izan zuten. Zazpi urteren buruan, epaia iritsi da eta gehienek espetxe zigor handia jaso dute. Jakina, kasu hau ez da Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskutik egin den bidegabekeria bakarra. Aitzitik, Francok sortutako Epaitegi horrek askotan eman ditu giza eskubideen aurkako erabaki politikoak.
Salbuespeneko Auzitegi hau deuseztatzearen aldeko aldarrikapena geure egiten dugularik, gaur bereziki desobedientzia zibila defenditzeagatik zigortuak izan diren lagunen aldeko hitzak idatzi nahi izan ditugu. Izan ere, desobedientzia zibila zilegi izateaz gain, zenbait egoeren aitzinean beharrezkoa dela ikusten baitugu. Gainera, zigortu dituzten lagun hauen lana zigortzean disidentzia politiko osoa zigortu dutela uste dugu.
Euskal Herrian adierazpen bortitzak dituen gatazka politiko larria dagoenez gero, hori konpontze aldera eginiko saiakera guztiak ikusten ditugu begi onez. Are gehiago, gatazkaren indarkeriazko gertaerak gainditzeaz gain gatazka bera errotik konpontzea bilatzen badute batetik, eta bestetik, horretarako indarkeria ezaren bideak badarabiltzate. Orain arte Euskal Herrian desobedientzia zibila egitea proposatu duten taldeek eta pertsonek gatazka hori errotik konpontzeko parametroak proposatu dituzte eta bistakoa da indarkeria ezaren baitako jardunez aritu izan direla. Horrelaxe egin zuten atxilotu zituzten Mikel Zuloagak, Sabino Ormazabalek, Mario Zubiagak, beste batzuek eta epaitu ez (gin)zituzten beste askok. Gogoan izan Euskal Herrian euskal gatazka bideratzeko desobedientzia zibilaren aldeko ekimen gehienak 1998ko egoerak eta su-etenak sortu zuen giroaren baitan kokatu zirela. 2000n atxilotu zituztenean horixe adierazi genuen batzuek. Desobedientzia zibilaren eta indarkeriarik ezaren bidea zigortuz su-etenari egin zion eraso espainiar Estatuak, eta aldi berean bide baketsuak oztopatzea ere bazen bere helburua.
Zazpi urte pasa dira eta iritsi da epaia. Fiskalak berak eskatutakoa baino handiagoa izan da zigorra. Aurkeztutako froga guztiak, Madrileraino hurbildu diren lekuko guztiak eta egindako defentsa juridikoa alferrikakoak izan dira, aldez aurretik epaia idatzita zegoen eta. PPren gobernuaren teoria eta poliziak asmatutako tesia bere horretan onartu dute oso-osorik. Hots, "Euskal Herriaren nazio eraikuntzaren aldeko edozein ekimen terrorismoari laguntzea da" . Hitz horien harira justifikatu zuten hainbat lagunen atxiloketa eta bistan da sententzian ere tesi hori nagusitu dela, auziperatuen jarduna edo horiek egindakoa ez baitute kontuan hartu, baizik eta Espainiar Estatuaren interes politikoak besterik ez. Askotan egin ohi duten legez, Espainiako erakunde judizialak tresna politiko bilakatu dituzte. Kasu honetan, besteak beste, indarkeria ezaren bitartezko euskal disidentzia zapuzteko helburuz.
Arestian aipatzen genuen 1998ko giroak gorpuztutako hainbat ekimen zigortzeko asmoz asmatu zutela 18/98 sumarioa. Beste garai batzuk ziren eta bortxa armaturik gabeko jarduna nagusituko zela pentsatu genuen urte horietan, bai guk eta baita Espainiar Estatuko indarrek ere. Egun, ez da aurreikusten tamalez alde anitzetako bortxa politikoa epe laburrean amaituko denik, eta beraz, espainiar Estatuak euren Auzitegi Nazionaletik egindako erasoak emaitzak eman dituela pentsa genezake. Baina gu ez gaude egoera hori onartzeko prest, indarkeriarik gabeko desobedientzia zibilaren xedean eta eraginkortasunean konfiantza dugu eta.
Egun hauetan pairatzen ari garen alde ezberdinetako adierazpen bortitzen gainetik, Euskal Herrian beste nahiak eta desioak nagusitu dira dagoeneko. Euskal Herriko gizarteak gatazka konpondu nahi du, errotik konpondu ere. Gehiengo zabalak bortxa guztiei eman nahi die amaiera, giza eskubideak errespetatzea exijitzen du tinko.
Euskal Herria nazio gisa ulertzen dugunok zera ikasi dugu, espainiar eta frantziar sistema juridikoek ez dituztela bermatzen gure giza eskubideak, ez zibilak eta ez politikoak. Horretarako, gure sistema propioa behar dugu. Eta hori lortzeko, beharrezkoa da konfrontazio politiko baketsua eta demokratikoa, eta bide horretan, desobedientzia zibila tresna zilegizko eta beharrezkoa dela aldarrikatzen dugu.
Martxan jartzeko gai izango ote gara?
|