Gaur egun merkatal arau nagusia diruaren anarkia da. Nehork ez daki erosten ditugun ekoizpenak nundik pasa diren, nun ekoiztuak izan diren, nork ekoizten dituen, nola... nork ekoizleari erosi berriz saldu, berriz erosi berriz saldu... zer luzetasun duen kate horrek... zenbat bitartekari izan diren produktoa gureganatua izan aintzin. Pagatzen dugun prezioan zenbat ekoizleari doan, zenbat bitartekari bakotxari, zenbat erosguneari...
Ez dakigu eta zailtasunak ukanen ditugu elementu horien jakiteko. Dabilen merkatalgoak munduaren desoreka beti ta beti azkartzen du. Gure herriak ez lirateke hain aberats izanen beste batzu ez baziren pobretzen.
Arauak ezartzen dituzte aberatsen artean, merkatalgoa ahalik eta araugabea izan dadin... araugabetasun horrek du aseguratzen liberalismoaren bermatzea.... araugabetasunean edozer gauza egiten ahal da dirua irabazteko (izan dadin jendearekiko ala naturarekiko) ta hortan dira gaur egungo poderedunak.
Merkatal lege eza horrek gure biziak aspaldi gainditu ditu. Aspaldi kate horren azken elementua izaiten ikasi dugu. Piskanaka piskanaka lortu dute gure kondizionatzen. Beti ta beti behar berriak sortzen dizkigute. Animaleko instrumentu honi aurre egitea ezinezkoa dela sinestuz, itsuki, behar horietan sartzen gira galderen pausatzeko beldurrean. Egunez egun, iparrean nahiz hegoan, pobre berriak sortzen dituen merkatal mamu horrek gure beharra du eta guri ere, iduritzen zaigu bera gabe ezin girela bizi.
Alta gauza gutti behar litaizke beti ta beti sortzen diren desorekak ttipitzeko, gauza gutti baino, gauza bakar bat: merkatalgoan arauak ezartzea. Baina gauza bakar horrek animaleko aldaketak sortzen ditu, bai ekoizlearen bizian, bai merkatal munduan, bai kontsumatzailearen kontsumatzeko moduan. Arauen ezartzeak, izan dadin bio labelekin ala bidezko merkataritzarekin, laborari ttipiei bizirauteko perspektiba bat emaiten die, ta kontsumatzaileari behar berrien korrikaldia murrizten ta elikagai sinpleen plazerra berpizten dio.
Laborarientzat, bizirauteko perspektiba horren beharra hemen berian senditu da. Euskal herriko explotazio ttipiek departamenduko beste parteko handien parean bizirauteko beste merkatal baten asmatzeko beharra senditu dute. Hola dute laborari batzuek Idoki kalitate agintza sortu, ta horrekin herrian laborantxa iraunkor eta ingurumen zaintzaile berri bat martxan ezarri.
Jende batzuentzat, Idoki, bio, bidezko merkataritzako produktoek duten pundu amankomuna haien prezio handia da. Prezio horiek ez dira handiak, usaiako erosgunetan erosten diren produktoak dira apalegiak. Pentsatzen dugu ekonomiak egiten ditugula gauzak prezio ttipian erosiz, alta ditugun behar berri horiekin ainitz gauza erosten dugu prezio ttipian eta azken finean ainitz gastatzen, gauza bakar batzuk prezio normalean pagatu ordez. Hortan da kontsumatzailearen bizimodua aldatzen. Idoki, bio, edota bidezko merkataritzako produktoen pundu amankomuna, prezioa baino araugabeko merkatal munduan jendea ta natura errespetatzen dituzten arauen betetzea da.
Nahi badugu gure herriko laborariak ta artzainak eta haiekin hainbeste maite ditugun mendiak eta lurra bizitzea, hameka gustugabeko produktuen erosketak egin ordez hobe genuke Idokiko ekoizpenen erostea. Bakotxaren esku da merkatal kate desberdin baten bermatzea.