Jean-Louis DAVANT
2000
Igaran aste hontan, Enbata aldizkariak bere 2000. zenbakia jelki dü. Lehena 1960ko üdazkenean agertü zen, eta Euskaltzaleen Biltzarraren urteko bilküra handiaren kariala zabaltü Arbotin. Embata izena züan, M batekin euskal ikasleen alkartekoa. Ikasleen aitzindariek gaizki hartü züan. Arren Egüberri-Natibitate altean, M kentzez N hartü züan, euskal grafiaren arabera. Hilabetekaria zen.
Horren ingürüan Enbata mubimentüaren sortü zen 1963ko apirilaren 15ean, Bazko astelehenean, Itsasuko lehen Aberri Egun idekian. Hortik aitzina mubimentüaren aldizkaria date.
1968ko larrazkenean, astekari bilakatüko da, eta geroztik hola dabila. Hor urte pare batez mubimentüa lo egonen da, haütü hori eginik. 1970ko larrazkenean arrapiztüko da, Burgoseko auzi famatüaren kariala. 1974eko urtarilaren 30ean, Pompidou Errepüblikako President delarik, Frantziako gobernüak Enbata debetatzen dü bere ideia "separatisten" gatik. Gero jakinen da aldizkaria ez dela hunkirik, osoki beregain den enpresa berezi bat beita legez, kasetak oro bezala. Urte baten bürüan berriz agertüko da. Geroztik ordüan hartüriko itxüra etxeki dü, bai eta ber bidea: eüskaldünen borroka nazionalaren berri emaitea, bere idazleen ikuspegiarekin.
Düala kasik mente erdi bat, oso gaizki hartürik izan gien. "Euskadi bakarra da gure aberria" erranaldia, blasfema eta sakrilejiotzat züen hanitxek. Iparraldeko jente haboroxentzat, Frantzia Ama Birjinaren heineko izakia zen : "La Madone", "Notre Dame la France", ordüko gizon handi haren hitzetan. Arren gü "Enbata Zikinak", zonbait aldiz hil mehatxü pean, elez eta izkiribüz. bena beti hor, düala 47 urte beno lagün habororekin.
|