RSS
Index > Edition papier > Culture

Culture

BTN 2013 par Gorka Albistur : Urruñarrek ez dute ber zortea ukan

 

19/11/2013

Sustraiak BECen errotuz doaz, Odeiak Oiartzunen gainean gelditu diren bitartean. Larunbatean Odei Barrosok ongi kantatu zuen Oiartzunen antolatutako hirugarren finalaurrekoan. Baina 1 500 bertsozale zorrotzen aintzinean ez zuen hurrengo fasera sailkatzea lortu.

Zortziko handi zein txikian umorez kantatu zuen urruñarrak, baina epaimahaiak ez zuen eginadakoa baloratu. Puntuka ongi ibili ondoren, seiko motzean gora egin zuen, beti umorez kantatuz. Barrosoren duintasuna eta emozioak pasatzeko gaitasuna ezaguna da, eta beharbada umorez kantatu izana kaltegarria izan zaiola.

Baina bertsolariak ez du bakarrik hautatzen noruntz eraman nahi duen elkarrizketa eta beste bertso kideak kantatzen duena erabili behar da. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da aldi oro Barrosok berarekin kantatzen zuen bertsolariari erantzuteko egin duen ahalegina.

Kartzelan kantatzeko gaiak, “oheko maindireak edo mihiseak, egunero aldatu behar izaten dituzu” zioen. Barroso oholtza gainera azkena igo zen eta zerbait desberdin eskaini zuen. Etxeko andrearen paperetik aritu zen, eta hirugarren bertsoan etxeko andrearen lana goizean-goiz esnatzea eta gauean azkena oheratzea zela esanez borobildu zuen bertsoaldia.

Aurtengo txapelketak zapore gazia edukiko duela pentsa daiteke Barrosorentzat, Xilaba txapelketan erakutsitakoa ez zielako Euskal Herriko zaleei nahi bezain bat aurkeztu.

Colinarentzat aldiz, igandeko saioak konfiantza handia ekarriko dio. Murgian, 1 180 bertsozaleren aintzinean, Colinak garaipena lortu zuen 706 punturekin eta Amets Arzallus bezala, hanka bat finalean dauka.

Urruñarra ofizioetan eta bereziki puntuka ondo ibili zen, baita ere seiko motzean ere. Silveirarekin bikotea zen Sustrai eta Xabierri orain arte zuten ohe handia kendu, eta haren lekuan bi ohe txiki jartzea proposatu zion Sustraik.

Lehenean “baina ez nuke gau batez hil nahi zuk aplastatuta” bota zion, eta bigarrean, dotore “bakoitza bere ohean / ta xirrien tenorean / egun batean nerean eta bestean zurean” kantatu zuen Colinak.

Kartzelakoan ez zuen asmatu, gaiak “prest duzu dena, gonbidatuak falta dira” esaten zuenean, Colinak gonbidatu bat bakarrik aipatu baitzuen. Hala ere, bere bertsoaldia ongi borobildu zuen urruñarrak eta garaipena merezita lortu zuen.

Azaroaren 30ean Maulen kantatuko du finalerako sartzea lortzeko esperantzarekin. Jon Maia aldiz, lau aldiz finalista eta azken finalean hirugarren sailkatu ondotik, ez da hurrengo fasera sailkatu. Maulen jakinen da nork ordezkatuko duen finalean.

Sailkapena

Oiartzun - Aitor Sarriegi: 688 puntu; Alaia Martin: 667 puntu; Agin Laburu: 650 puntu; Jon Maia: 623 puntu; Odei Barroso: 620,5 puntu; Beñat Lizaso: 592,5 puntu.

Murgia - Sustrai Colina: 706 puntu; Beñat Gaztelumendi: 697 puntu; Aitor Mendiluze: 694,5 puntu; Unai Agirre: 670,5 puntu; Fredi Paia: 661,5 puntu; xabier Silveira: 622,5 puntu.

inprimatu