RSS
Index > Edition papier > L'opinion

L'opinion - Tribune Libre

Txillardegi, batuaren aita Baionan

18/01/2012

Jean-Louis Davant / Idazlea

Txillardegi joan zaigu beraz, eta harekin gure historiako zati on bat, mende erdia gainditzen duena. Hegoaldean asko aipatzen da, hegoaldekoekin soilik, iparralderik ez balego bezala. Alta bada, bere bizitzaz eta obraz, iparraldekoa ere daukagu Txillardegi.

1961eko urtats irian honara ihes etorri zen donostiar lantegi bateko grebaren ondorioz. Hor ingeniaria izanez, langileen alde agertu zen, greba egitea debeku zagolarik. Espainiar poliziaren usaiako manerak ezagutuz, ETAkoa zela aitortzeko arriskua baztertu zuen bi Estatuen arteko muga iraganez.

Ondoko egunetan, Aljeriako soldadu zerbitzutik itzultzean, Hazparneko Saint-Joseph kolegio katolikoan irakasle sartu bainintzen, Txillardegi hor aurkitu nuen, Piarres Charritton zuzendariak aterpetua. 1858ko udaberritik ezagutzen nuen, Jone Forcada emaztea ere bai, biak Donostian elestatu bainituen. 1961 urte hastean beraz, egun zenbait gurekin egon ondoren, Txillardegi handik lekutu zen familiarekin juntatzeko.

1964ko udazkenean berriz, Hazparneko laborantza eskola sortu berrian, matematiken irakasten hasi zen, eta beraz lehen hiruhilekoan elkarrekin lan egin genuen hor. Zoritxarrez prefetak hemendik haizatu zuen, eta Txillardegi Belgikara joan zen. Urte zenbaiten buruan Lapurdira itzuli zitzaigun familiarekin. 1971an Donibane Lohizungo Aberri Egun istilutsuan parte hartu zuen Monzonekin. Biak berriz desterrura manatu zituen Frantziako gobernuak.

Horien inguruan, Baionako katedralean, historiako bigarren gose greba egin izan zen. Ondorioz gobernuak bere zigorra eztitu zuen, gure bi liderrak denbora batentzat Gersera bidaliz.

Niretzat, Txillardegiren obra nagusia, euskara batuaren sorrerakoa da, iparraldean hasia.

1963ko udazkenetik 1964ko udaraino, euskaltzale batzu hilabetero bildu ginen horren inguruan, Kordelieren karrikako 14an, lehen solairuan, Euskal Idazkaritzak Enbataren aldamenean zeukan gelan, euskara batuari buruzko lehen urratsen finkatzeko. Hor elkarlanean genbiltzan bizpahiru ETAko, beste hainbat EAJko (haietan Monzon), ni Enbatakoa, Roger Idiart irakaslea, azken bilkuretan beste hiru apez: Andiazabal, Hiriart-Urruty eta Lafitte.

Burutzeko, bilkura bat egin zen ber tokian, Baionako Biltzarra, 1964ko abuztuaren 29an eta 30ean, Lafitte gidari, mugaren bi aldeetako euskaltzale gazte andana batekin. Hor onartu ziren euskara batuari buruzko lehen neurriak: grafia eta deklinabidea bereziki. Ondotik Euskaltzaindiari proposatu genizkion, eta honen gehiengoak, 1968ko udan, Arantzazuko Biltzarrean beretu zituen, Koldo Mitxelenaren itzal handiari esker. Gero honek gure ibilbidea markatu zuen, baina beti aitortuz Txillardegiri zor geniona.

Bai, hala da: Txillardegi, euskara batuaren aita dugu, gero Mitxelena gozaita, eguzaita, aita pontekoa izango bazen ere. Euskara batua hazten ari zaigu beti, edozein izaki bizidun bezala. Txillardegi bera ere ez zen lehenbiziko pauso hartan gelditu, etengabe aurrera egin zuen, jo aitzina! Badakigu, aita batek ez du haurra osorik egiten, handiena gero amari dagokio, baina zinezko aita beti hor dauka laguntzaile. Txillardegiri biak zor dizkiogu: lehenbizki pindarra, hura gabe haurrik ez baita, eta gero bere lanez Euskatzaindiari ekarri dion hazkurria, nahiz bien arteko ezkontza gutiz hutsegin genuen 1980an. Euskaltzain oso izateko, Patxi Altunarekin lehian gertatu baitzen, horrek baino boz gehiago bildu zuen, baina gehiengo osora heldu gabe, bi boturen faltan. Euskaltzaindiaren betoa izan zela erran zen, eta ez da egia. Politikaren aitzakia ere aipatu zen, eta hori ere ez da egia, lekuko nago: Mitxelenak eta San Martinek bereziki boza Txillardegiri eman zioten. Egia hau da: apez anitz bazegoela orduan Euskaltzaindian, eta horietarik parte on batek Aita Altunari eman ziola. Ondoko bilkuran berriz hasi behar genuen, eta hor aurkeztu bazen, seguru nago Txillardegik eremanen ziola, aitzinean egonez: besteek amore eman beharko zuten. Gero berantegi zen. Dena dela, ondoko euskaltzainek ez dute horretan ilustekorik, eta beti saiatu dira Txillardegiri zor diogunaren adieraztera, bereziki 2005ean Donostian egin genion omenaldian, Iker saileko 17. liburua eskainiz. Berari on egin zion, eta guri zelan ez! Goian bego Txillardegi, euskara batuaren aita.

inprimatu