RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Hasiera > Mintza
19/11/2009

Mintza

Finalaurrekoen bigarren itzulia : Hemezortzi bertsulari Finalari beha

Jon GARMENDIA

Hemezortzi bertsularik segitzen dute txapelketako ibilbidean, eta heietarik zazpik ukanen dute finalean aritzeko parada. Zirt edo zart egiteko tenorea da beraz, eta finalaurrekoen bi itzuliak kontutan hartzen direla jakinik, azken finalean kantatu zuten Sustrai Colina, Unai Iturriaga eta Igor Elortzak ahalegin handia egin beharrean aurkitzen dira, bai behintzat finala errepikatu nahi baldin badute. Dena den, hiruetatik, finalean egoteko parada gehien bertsulari urruñarrak du, mementuotan, han izatetik bost puntutara ageri delako, Aitor Sarriegi zazpigarrenak 651 puntu ditu, eta Sustraik 646. Igor eta Unaik 629 eta 626 dituzte hurrenez hurren, eta saio borobil bat egiteaz gain besteen huts egiteak ere itxaron beharko dituzte, presioa ezarriko die horrek agian, baina heien maila izugarria ikusirik ez da ezinezko kontu bat, are, Unai eta Igor zazpiehun puntu lortzeko gai direla badakite lehian diren beste bertsulariek eta orain artekoa baino gehiago egin behar dutela jakiteak heiei ere presioak eragin diezaieke.

Eta ezin ahantzi dira Sustraingandik hurbil diren Beñat Gaztelumendi, Iñaki Zelaia, Uxue Alberdi, Jone Uria edo ta Arkaitz Estiballes ere, bertsua ez baita zientzia, eta egun on bat parean egokitu ezkero... Kirolari buruz ari girela iduri du, baina txapelketak berekin ditu kalkulu eta matematika kontuak ere. Mementukotz honakoa litzateke finala : Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Miren Amuriza, Julio Soto eta Aitor Sarriegi. Ikusiko da beraz heldu den larunbatetik hasita zerrenda hau aldatzen denentz. Larunbateko saioa Gernikan (Bizkaia) jokatuko da, Jai-Alai ezker paretan arratsaldeko bosterdietatik goiti, eta goian ezkerrean den seikotea plazaratuko da han. Ez gira izenak ematen hasiko, txapelketa garai huntan aski ezagunak izanen baititu irakurleak. Igandean izanen da asteburuko bigarren finalaurrekoa, Iruñeako Anaitasuna pabilioian eta Gernikakoaren tenore berean izanen da hau ere. Eskuinean ageri den seikotea jardunen delarik han.

 

 Ramuntxo ORDOXELAI

Bertso Aniztasuna

Asteburuko saioek zapore gozoa utzi diote hainbat bertsozaleri. Ez da jadanik ohikoak bilakatu diren asteroko ilada eta zale betekadengatik. Bi saio eder ikusi ahal izan dira, izan larunbatean edo igandean.

Bertsoa, kantuan ari den bertsolari kopurua bezain anitza da. Bakoitzak bere ikutua ematen dio bere inprobisazioari, bertsolaritzari bere aberastasun eta kolore guztiak emanez. Batzuen zirtoa, besteen erantzuteko gaitasuna, honakoen teknika txukuna, bide sinesgarri zein originalak atzemateko besteen dohaia... Ikutu horiek denek, eta gehiagok osatzen dute bertsolaritza puzzlea. Zati bakoitzak, bere forma eta kolore bereziarekin, bukaerako irudia osatzeko ezinbestekoak dira.

Asteburu honetan, estilo desberdin horiek entzun ahal izan ziren, eta baita gozatu ere. Bertsolari bakoitza, ez zen usutan erran ohi den bezala, puntuak batzera joan, baizik eta bertsotan bere estilotik aritzera. Horrelakoetan erraten den bezala : autore gisa jokatu zuten bertsolariek, txapelketako lehiakide gisa baino gehiago.

Eta jendeak gozatu zituen Ainhoa eta Uxueren ikuspegi femenino eta desberdina zortziko txikian, Iñaki Gurrutxagaren ideia originalak, Zubeldiaren kolpe eta astokeriak, Aitor Sarriegiren umore eta freskotasuna, Maiaren poesia eta gizontasuna, Ametsen maisutasuna...

Zorigaitzez, estilo desberdin horiek elkargurutzatzeko leku aproposena ez da izaten txapelketa. Arkaitz Goikoetxeak berriki eta maisuki erran duen gisan, txapelketa munstro bat da, hiru buruko munstroa. Munstroaren buruetako batek bertsolariak lotu egiten ditu. Eta besteak lehiatzera eramaten ditu bertsolariak, haiek izatera baino gehiago.

Usu, epaileen arkatz zorro-tza biguntzeko asmoz, «puntuak batzera» jotzen dute bertsolariek. Bukaerako arrazoi sendo bat, errima aberatsa, jendeak onespena lortuko duen argudio efektista... Nolabait errateko, aurtengo txapelketa adibidetzat hartuz «Gaztelumendi estiloa» (eta hau ez da Beñaten aurkako kritika). Horiek dira puntuak batzeko sekretuak. Baina bertsolari guztien estiloa ez da ongi itsasten puntuatzen duen estilo horretara. Azkenean, hemen aipatu estiloan bertsotan egitea ez da errexa, batez ere ez delarik zure estiloa.

Asteburu honetan, munstroaren buruak sorgindutako bertsolari guti ikusi ziren. Haiek direna ahantzi, eta puntuak batzera joan ziren bertsolari guti ikusi ziren. Autore aritu ziren bertsolariak, lehiakor baina autore. Eta entzuleek, saioak bukatzean sentitu zuten aho zapore ona ez zuten kasualitatez sentituko.