RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Hasiera > Mintza
19/11/2009

Mintza

A Gripearen aurkako txertoa : hartu edo ez hartu ?

Aste huntan abiatu da A gripearen aurkako txertaketa hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian urritik abian den kanpainan gertatu gisara, osasun arloko langileek lehentasuna dute txertoa hartzeko. Osasun langile gehienek, aldiz, ez dute txertorik hartuko

Maider EIZMENDI

Urdazubiko osasun zentroan egiten du lan Mikel Barea sendagileak. Eri direnekin duen kontaktu zuzena dela eta, birusa hartzeko arrisku gehien duen taldean egon arren, ez duela A gripearen aurkako txertorik hartuko erraten du. Ez berak, ez eta bere lankideak ere.

Izan badira txertoak hartzeari uko egiten dioten mediku eta erizainak, baina hori ez da Barearen kasua : «Gripe arruntaren txertoak heltzen direnean ni izaten naiz hartzen lehena eta nirekin lan egiten duen erizaina bigarrena». Baina oraingo huntan ez, ez du A gripea saihesteko txertorik hartuko, ez dio konfiantzarik eragiten. «Txertoa sortu eta karrikaratu arteko garaiak handiagoa izan behar du ; hiru hilabete ez dira nahiko».

Bere ustetan, ez da behar adina ikerketarik egin, ez baita horretarako beharrezko denbora hartu. «Gero ikusiko da honek zer ondorio-hurbileko izanen dituen, txertoa ez baita behar adina probatu».

Gainera, eraginkorra izanen ote den ere ez da segrtaturik Barearen hitzetan : «Mementuan ez dakigu dugun birusari aurka egiteko txertoa prestatu den ala ez. Hau da, birusek mutatu egiten dute eta maiztasun handiarekin, gainera ; agian ez du lortuko lortu nahi duen helburua».

Osasun arloan lan egiten duen jendea txertoa hartzeko lehentasun taldean sartzea begi onez ikusten du. Heiek dira eri direnekin lan egiten dutenak ; «eritzen bagira, nork artatu behar ditu gainerako guziak ?». Aldiz, honakoa ere zehaztu du : «Lehentasuna gauza bat da, pribilegioa bestea».

Kontsultara heltzen diren herritarrei dagokionez, ohartarazi du ez dutela txertoa hartzeko asmo edota interes berezirik agertzen. «guk hartzeko asmoa dugun galdetzen digute eta, ezetz erantzuten diegunean, heiek ere ez dutela hartuko erraten digute», azaldu du, osasun zentro tipietan mediku eta herritarren artean izan ohi den konfiantza tratua argitu ondotik.

Oro har, A gripearen inguruko informazioa modu nahasian kudeatu dela uste du Bareak. «Puztu egin da, argi da. Urtero jende anitz hiltzen da ohiko gripearen eraginez, baina ez da nehoiz neurtu eta ez da nehoiz erran urtean horrenbeste jendek galtzen du bizia gripe arruntagatik. Orai, Cadizen bat hil eta hemengo egunkari eta albistegi guzietan ageri da».

«Ez gira apokalipsiaren aitzinean»

Orai apokalipsiaren aitzinean girela iduri du eta azken batean gripe ziztrin bat baino ez da ; ez gira minbizi baten inguruan ari. Egia da jendea hil daitekeela, baina gehienetan bestelako osasun arazoak dituelako da ; gripeak jota ez balitz hilko, beste eritasun bategatik hilko litzateke».

Herritarrek A gripearen gainean larritasuna baino jakin-mina dutela iritzi du Urdazubiko medikuak : «Kontsultarat heltzen dira bai, baina kalean ere gelditzen gaituzte halakoa ala bestelakoa egin den galdegiteko».

Bere lankideetako batek osasun zentroko atean eskuz idatzitako ohar deigarri hau ezarri zuen : «A gripeak gripe guzien tratamendu bera du ; orai arte emandako informazio txarraren errua politikariek dute». Mezu horrek argiki islatzen du medikuak A gripea artatzen adina esfortzu jartzen ari direla aurten gripearen itzulian sortu den beldurrari aitzin egiten.

Juan Carlos Arbonies, Errenteriako medikua

Astelehen huntan hasi den txertaketa kanpainan parte hartuko duen medikuetako bat da Juan Carlos Arbonies. «Nik ezin diet nire kontsultara heltzen direnei txertoa hartzeko eskatu nik hartzen ez badut». «Medikuek eredu funtzioa dugu nolabait, guziek ez dute hartu beharko, baina arrisku taldean direnei hartu dezaten eskatzeko garrantzitsua iduri zait eredu izatea», ohartarazi du.

Oro har, aholkatzen diren txertoak hartzeko ohitura duela adierazi du : «Ohiko gripearen txertoa, adibidez, urtero hartzen dut. Izan ere, funtsezkoa iduri zait nire kontsultarat eri heltzen direnak babestea eta bide batez ni ere bai». Horregatik osasun langileek txertoa hartzeko lehentasuna izatea begi onez ikusten du.

Txertoari buruz kezka handirik ez du, baina onartzen du «sendagai edo botika guziek bezala ondorio-hurbilak» izan ditzakeela, «are gehiago medikamentu berria izanki». Arboniesen idurikoz, «nahikoa proba egin da». «Fidatzen naiz adituen hitzez», berretsi du.

Hala ere, argi utzi nahi izan du errespetu guzia diela bestelako iritzia duten medikuei : «Ulertzen dut hartu nahi ez dutenen jarrera. Zonbaitentzat oraindik ere goiz da txertoa ematen hasteko eta gainera zabaldutako informazioa ere nahaspilatsua da».

A gripeari buruz plazaratu diren mezuek larritasuna sortu dutela uste du : «Aitzinetik ere izan ditugu gripeak, hau baino bortitzagoak, eta aitzina egin dugu halako iskanbila sortu gabe. Finean, zalaparta honek zalantzak sortzen ditu gripearen itzulian interes ezkutuak ote diren edo ez». Bere kezka gripearekin denbora eta bitarteko gehiegi gastatuko direna da, «anitzez ere garrantzitsuagoak diren eritasunak alboratu ondotik».

«Nire iritzia ematen dut»

Kontsultarat heltzen diren herritarren artean ardura eta jakin-mina nabaritzen ditu. «Txertoa hartu behar duten edo ez galdetzen dute eta mediku bakoitzak bere iritzia ematen du, beste kontu batzuetan bezala. Ni kasu honetan adituen erranaz fidatzen naiz eta hori erraten diet».

Txertoaren ibilbidea hurbiletik segitu du Arboniesek. Informazio anitz eta iturri ezberdinetatik heldu zaie eta medikuen artean ere iritziak trukatu dituzte. Batzuk alde, anitz kontra.

Baina A gripearen itzuliko iskanbilak baliagarriak diren irakaspenak ere ekarri ditu mediku honen ustetan. «Orai lehen baino prestatuago giraa epidemia bati aitzin egiteko. Gripearen inguruko informazioa emateko telefono zerbitzu bat eratu da eta eri direnak artatzeko manera berri bat zabaldu digu begietarat». Halaber, komunikabideekin elgarlanean jarduteko beharraz ere ohartarazi du : «Gripe honek argi utzi digu komunikabideek duten boterea, populazioarengana heltzeko gaitasun handia baitute». Horregatik, oinarrizkotzat jo du medikuak komunikabideetan agertzea. «Orai arte ez dugu gustuko izan komunikabideetan azaltzea, baina zalaparta honek irakaspena eman digu zentzu horretan ere», azaldu du Arboniesek.