RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Hasiera > Mintza
19/11/2009

Mintza

Espetxeetan sakabanatutako irritxoak barre algara bihurtzen dira elkartzerakoan

Ama-aita izatea eskubide bat da, ukaezina espetxean ere. Hala ere, preso burasoek eta beren haurrek bizi duten errealitateari ez zaio behar adinako arretarik ezartzen. Haur anitzek dute buraso bat kartzelan, batzuek biak, eta badira sei neska-mutiko amarekin espetxean direnak

Maider IANTZI

Heldu den larunbatean, azaroak 21 ukanen dituenean, Irritxoen Eguna izanen da Hernaniko (Gipuzkoa) Oialume dantzalekuan. Pirritxek eta Porrotxek Onditz Euskal Herrirat plataforma sortu zuten 1998an eta garaitik mobilizazio koloretsu antz egin dute. Palentziako (Espainiar Estatua) espetxean zen Onditz, amarekin, eta Euskal Herrirat ekartzeko eskatu zuten. Badira Onditz gehiago. Etxeraten datuen arabera, sei haur bizi dira egun kartzelan amarekin. Amets Dueñasen da ; Arane Curtisen ; Garikoitz Valentzian ; Zohargi eta Haizea Granadan ; eta Didac Bartzelonan, Wad Rasen.

Joxe Mari Agirretxe Porrotxek azaldu digunez, haurrak sakabanaturik dira, Euskal Herri osoan ez baita heientzat egokitua den espetxerik.

Nazioarteko legediak haurrak babesten ditu, baina urratu egiten dituzte lege horiek. Giza Eskubideen Adierazpenaren arabera, amek eta haurrek zaintza eta laguntza berezia ukaiteko eskubidea dute. Haurren Eskubideen Adierazpenak, 1959an Nazio Batuek onartuak, honakoa jasotzen du : «Haur guziek dituzte adierazpen honetan jasotako eskubideak, inongo salbuespenik gabe». Espetxeetako araudiak dionez, amen moduluetan haurrei laguntzeak eta arreta eskaintzeak lehentasuna izan behar du.

Euskal presoen seme-alabek, aldiz, milaka kilometro egin behar dituzte edo baldintza txarretan bizi behar dute espetxean. Hori guzia kontuan harturik ekin zioten Irritxoen Eguna antolatzeari, «errepresioa zuzenean edo zeharka pairatzen duten senide eta haurrei begirako festa bat, elgarri berotasuna emateko».

Pirritx eta Porrotxek «Irrien lagunak» diska eta ikuskizuna abian ezarriko dituzte laster eta Irritxoen Egunean eginen dute estreinaldia. Kanta berriak, zaharrak eta herrikoiak kantatuko dituzte, ozen kantatu ere, behar den toki guzietara heltzeko. Dantzan aritu eta kokinarena eginen dute, eta loreak eta muxuak partekatuko.

«Koloretako mundua eta Euskal Herria nahi ditugu eta badirudi ilusioaren bidea idekitzen ari zaigula. Irribarreak ikusten ari gira berriro, nahiz eta egoera gogo-rrak pairatu. Denon esku da horri buelta ematea eta guk gure animo eta ilusioa eskaini nahi dugu».

Pailazoez gain, Olentzero bera ere izanen da Oialumen eta haurren marrazki eta gutunak jasoko ditu, opari handi-handi bat eta maitasun guzia eman nahi dietelako kartzelan diren sei neska- mutikoei.

Zohargi da haur horietako bat. Amarekin bizi da eta aita ere kartzela berean du. Joxe Mari aitatxik azaldu duenez, «biziki ongi da. Egun guzian patioan egoten dira. Hala ere, badira bazkalondoan oren batzuk gelan sarturik egon behar dutenak eta hori izigarri gogorra egiten zaio. Zelda guzia argazkiz jantzia dute : «Hau da amatxi, honako hau aitatxi»... Badakizu, jendea ezagutzeko. Kalean den pertsona bat baino argiago hazten ari da, ez du beste erremediorik, han bizimodu gogorra baitu».

«Buraso batek gehien maite duena haurra izaten da -erraten du Joxe Marik-. Honela, 365 egunetan gure etxean besterik ez da. Gure neska biziki gogorra da eta animoa puntan ukaiten du. Hemendik harantz joan eta konturatu egiten da triste bazira eta alaitu egiten zaitu. Haurra ere hain pozik ikusten duzu ! Gauza ona da erreski ipini dela gure eskuetan».

Maite eta Haizea, Oskarbi eta Zohargi heien semetxoarekin batera dira. Elgarrekin egoten dira egunero. Maite hala-hola joan zen Aranjuezetik Granadarat eta Oskarbirekin elgartzea sekulakoa izan zen.

Maite eta bere bikotea den Mikel biziki kontent dira. Maiteren ahizpa Nereak jakinarazi duenez, lasai dira eta orai arte pediatrarekin eta medikuarekin «biziki ongi» konpondu dira.

«Barnean ezberdin bizitzen da dena. Kanpokotik inkomunikaturik zira, etxera deitzen duzu eta bost minutu dituzu dena galdetzeko, dena ezezaguna da eta hori gogorra da. Haurdunaldia nahiko ona izan zen, hala ere. Haurra osasuntsu-osasuntsu da. Gurekin jada ongi moldatzen da, kanpoan ere bai, pitta bat kostatzen zaio ama uztea, baina gero biziki gustura egoten da».

Kanpotik adi

Garikoitz Eiderren eta Jonen semea ere pozik bizi da, baina senitartekoek adierazi dutenez, barnean edo kanpoan egon, badaki zerbait falta zaiola. Familiakoek ateratzen dutenean ama falta du ; barnean gelditzen denean, aldiz, «etorri, etorri !» erraten dio amatxiri. Badira kartzelari batzuk biziki gaizki portatzen direnak Eiderrekin eta baita haurrarekin ere. Jende jatorra ere bada, pertsona batzuk laguntzeko eta tailerrak emateko joaten dira.

Haurtzaindegi zerbitzu bat bada, baina Eiderrek ez du haurra harat eramaten. Lagunek materiala ematen diote, Pirritx eta Porrotxek presoei gauza pila ematen dizkie eta horrekin ere ibiltzen dira.

«Preso baten egoera zaila bada, zailagoa da emaztea baldin bada eta are eta zailagoa haur bat baldin badu. Eiderrek noizbehinka aurkitzen du jendea laguntzen diona, lagundu edo bere lana egiten duena, baina kanpotik pixka bat adi egoten gira. Eskerrak behintzat inguruan badugun jendea eta mugitzen giren».

Amnistia eskatzen dute Eiderren amak eta Nerea lagunak, baita presoak eta senideak pertsona bezala tratatzea ere. «Presoak izigarri zanpatzen dituzte, baina horrelako kasuetan heiek adi dira eta zu ere bai, azkenean ez baitzira zu bakarrik. Haurra ez da preso eta ezin dizkiote jartzen dizkioten mugak ezarri. Dena hain da absurdoa eta hainbeste mugitzen dituzte ! Berriro ohitu behar duzu, haur batekin».

Alde txarra aipatzen ari gira, baina une politak ere badira. Alaitz Iturriotzek nabarmendu duenez, haurrarekin bizi dutena, oztopoak gaindituz, benetan polita da. «Beregatik egunero irribarrez egoten zira, ezin zira erori, eta egoera erlatibizatzen saiatzen zira, traumatikoa izan ez dadin. Lekua nahiko tristea da, guk are tristeagoa egiteko. Zure eta haurraren arteko harremana biziki intentsua da, 24oren ematen ditu zurekin. Bera bakarrik duzu eta nire kasuan kideak ere bai». Orai libre dira Alaitz, Ibon eta Intza.

«Beti saiatu gira haurrari egia normaltasunez kontatzen : Egun batean Euskal Herrirat joanen zira, gu ere bai... Misterioarekin eta traumarekin azaltzen badiozu, hala biziko du. Atera zenean, ez zuen espetxea aipatu bolada batean. Orai hasi da. Ez du buruan han gaizki egon zenik, amarekin eta lasai zen. Han jaio zen eta ez zuen besterik ezagutzen. Tentsio uneak egon badira : Kartzelarien oihuak eta ate kolpeak... Baina zuk lasai bizi baduzu, heiek ere hala bizi dute. Iaz Irritxoen Egunean izan ziren eta aurten berriro joanen dira. «Giro polita izaten da, konplizitatea sortzen da, egoera bera bizi izan dugun haur eta senideak elgartzen girelako. Polita eta tristea da, aita edo ama han ez duten haurrak ikusten dituzu eta laguntza ematen saiatzen zira. Hobetzeko gauza anitz bada : espetxeak ez dira prestaturik. Barroteak, ate guziak giltzarekin idekitzea, kolore tristeak, katxeoak... Haurrak hori bizi du. Nahiko muga ditu eta ez dizkiozu gehiago jarri nahi, baina urduri, adi zira beti, eta nekagarria da hori».

Joxe Mari Jauregi

Oskarbi Jauregi Amondarain zaldibiarra da eta Granadan da preso Zohargi semearekin. Joxe Mari Oskarbiren aita da. «Alaba 2001ean atxilotu zuten eta handik aitzina espetxe anitzetan egon behar izan du : Soto del Realen, Mecon, Avilan, Almerian eta Castellon. Tarte horretan mutil-laguna egin zuen, Antxon Sasiain bergararra, hura Parisen zen, kartzelan baita ere. Idatzien bitartez ezagutu zuten elgar. Gero telefonoz hitz egin zuten urte anitzetan», hasi zaigu kontatzen. Orai kartzela berean dira eta astelehenero gela batean egoten dira hirurak, lehenago kristalarekin, baina orain kristalik gabe. «Oskarbik erran digu ia seguru familien bisitak ere kristalik gabe egitea onartu dietela haur tipiak dituztenei. Bestela biziki hotza da».

Familia handia dira, osaba-izeba, lehengusu eta lagun anitz dituzte, eta zortzi urtean beti prest ukan dute jendea bisitarako. Hala eta guziz ere, gogorra da urrun egoitea. «Irudikatu Burgosen direla, bidaia oren eta erdian eginen ginuke eta edozoin egunetan hartuko genuke autoa joaiteko. Haurra goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara atera dezakegu, nahi dugunean, aitzinetik abisatu ondotik eta baimendutako pertsona batek harturik. Lehen amatxi eta biok sartzen ginen haurra jasotzeko eta orduan alaba besarkatzen ginuen eta harreman bero bat izaten ahal ginuen, baina gero hasi ziren bat nahikoa zela erraten eta orai amatxi bakarrik sar daiteke. Nik ikusten dudan alderdi gogorrena bidea da. Gu anitz joaiten gira. Nire emazteak maiatzaren leheneko zubi horretatik bi asteburutan eginen zuen huts. Haurra ateratzeko ezagutzen duen norbaitek joan behar du, bestela saldurik geldituko litzateke, nahiz eta segituan jartzen den denera eta anitz ideki den. Orai egin ditu 18 hilabete», azaldu du.

«Bere amarentzat ez da gauza pozgarriagorik haurra ateratzean guregana pozik heltzea baino. Lehenbizi kosta egiten zitzaion haren besoetatik guregana etortzea. Aurrez-aurreko bisitaldietan barnean egoten ginenean izigarri gaizki sentitzen zen. Gu ere bai berekin, ama ere bai. Baina behin kalera ateratzen hasi zenetik, biziki ongi. Zohargi eta bere aita eskutik aterako dira, aitak kondena bete eginen duelako».

Joxe Mariri ez zaio iruditzen biloba preso sentitzen denik. «Hori ezagutu du. Beldurra ematen dit egunen baten jarriko dela barnera joan nahi ez duela. Oraindik ez. Amatxik eramaten duenean amaren bularrera joaten da segituan. Hortik elikatu da gehiena. Ikusten da behar duela». Lehen biloba dute eta txoratzen egoiten dira egiten dituen gauza guziei beha.

Maite eta Nerea

Eider Perez Aristizabal Oreretakoa da eta Valentzian, Picasenten, da preso Garikoitz 20 hilabeteko semearekin. Maite Eiderren ama da eta Nerea, laguna. 2001eko martxotik da Eider espetxean : Madril, Soto, Brieva, Almeria, Huelva, Granada eta Alacant ezagutu ditu. Bikotea, Jon Igor Solana bilbotarra, Huelvan zegoela eta bera Almerian, paperak egin zituzten eta Eider Huelvan egon zen bi hilabete-edo, haurdun gelditu arte. Orduan Granadarat eraman zuten eta denbora batera Jon ere bai. Haurra Granadan jaio zen eta esperientzi txarra izan zuen familiak. Maiteri ez zioten sartzen utzi eta sekulako trabak jarri zizkioten. Urtebete geroago ere, jostailuak eraman zizkion amatxik, baina bueltan etorri behar izan zuen opariarekin.

«Bisitak ostiraletan izaten dira, 12.00etan. Hortaz, lagunak ezin dira joan eta senitartekoek ere arazoak dituzte. Erraten diote haurra ez dela preso, eta egia da, baina aitzakia perfektua da bisitarik ez egiteko. Hau da, bisitak kristalik gabe egin daitezke bakarrik, haurra preso ez denez ezin delako kristalarekin egon ; kristalik gabeko bisitak senitartekoekin soilik egin daitezke, aldiz. Lagunak joan ahal izateko, familiako norbaitek haurra atera eta bisita galdu behar du. Koadrilako batzuek ez dute Eider urtebetean ikusi horregatik».

Bera da Picasenteko preso politiko neska bakarra. «Orai arte beti egon da norbaitekin, Oskarbirekin egon zenean biziki ongi egon zen, baina orai ez du kiderik eta horrek egoera zailtzen du, adibidez, ez da bisitetarako haurra nehori uztera ausartzen. Hilabete batzuk daramatza, jendearekin ongi moldatzen da, baina kide batekin konfiantza gehiago ukaiten duzu».

Garikoitz astean behin egoten da aitarekin, eta familiakoek tarteka kanpora ateratzen dute : Maitek eta bere bikoteak, Kandik, eta Txemak, Eiderren aitak, eta Esther bere bikoteak, baita Rafa eta Ana Jonen burasoek ere. Maitek eta Anak, biek dituzte osasun arazoak.

Haurrak hiru urte betetzean legez espetxetik atera behar du eta Eiderren aitarekin bizitzera joanen da, Jonek eta biek urte anitz egin behar baitituzte oraindik espetxean. Txema kontentu eta ilusioz da eta etxea prest du jada. «Aitzina eginen dugu», segurtatu dute Maitek eta Nereak. Neska kideen artean harreman ona dute, beti dira adi eta elgarri laguntzeko prest, neskak eta familiak. Anitzetan harriturik gelditzen dira senideak : presoek ia eurek baino lehenago izaten dituzte berriak !

Nerea, Maite Pedrosaren ahizpa

Maite Pedrosa Barrenetxea Ugaokoa da eta Granadan da preso Haizea alabarekin. Maite eta Mikel mutil-laguna orai dela 11 urte eta erditik dira kartzelan eta haurrak abenduan eginen du urtebete. Barnean atxiki zuten eta aitak bi hilabete zituela ezagutu zuen alaba. Maite eta Mikel elgarrekin egon ziren Almerian, gero Maite Aranjuezerat eraman zuten haurra jaio baino hilabete lehenago, eta otsailean Granadan elgartu ziren. Orai hirurak dira han, aita modulu batean eta ama haurrarekin bestean. Aurrez-aurreko bisitaldietan ikusten dute elgar eta heien artean astean behin bisita bat dute. Kristalik gabe egitea lortu dute. Nerea ahizpak erraten duenez, espetxearen arabera desberdina da bizitza. «Orai Maite eta Mikel nahiko ongi dira Granadan. Baina Aranjuezen biziki gaizki egon zen. Mikelen senideak ezin ziren sartu eta Granadan ezagutu zuten haurra. Ezkondu gabe direnez, ez zituzten familiakotzat hartzen».

Haizea ongi da, amarekin 24 orenez. Haurtzaindegia dute, baina espetxetik kanpo. «Nire ahizpak, adibidez, ez du bidali, zeren goizeko zortzietan eramaten baitituzte haurrak eta arratsaldeko bostetan itzuli. Barnean ez da gauza handirik haurrentzat. Gela bat dute jostailu eta zabuekin, baina haurrentzat pentsaturik diren ekintzak Errege Egunean eta guti gehiago izaten dira. Beren kabuz, beren arduraz pasatzen dute eguna. Ekainetik hilero ateratzen hasi gira, eguna pasatzen oraino zeren biziki tipia da. Hor ez dugu arazorik, lagunek ere hartu dute. Nabaritzen da moduluan haurrak badirela : gauza gehiago baimentzen edo onartzen dituzte. Nire ustez garrantzitsuena haurra hurbilago egotea izanen litzateke, hemendik bi urtera kalera aterako da eta biziki urrun dira honat ekartzeko».

«Haurrak etxekoak bakarrik ezagutzen gaitu, ez dugu paradararik ezagutza hori zabaltzeko, hurbilago egonez gero haurrarekin ibiliko ginateke herrian, baina ez da parada material eta fisikorik ere, ez da ere emazteentzako lekurik, beraz emazte eta umeentzat eskatzeko maneran ! Ama otsailean hil zen eta ezin izan zuen haren biloba ezagutu. Ahizpak lekuz aldatzea eskatu zuen, baina ukatu egin zioten ez zelako kartzelarik alabarekin egoteko. Mikelek eta biek urte anitz dituzte oraindik kartzelan betetzeko eta nirekin etorriko da haurra, haurdun gelditu aitzinetik pentsaturik ginuen. Aitzina egitea, ez da beste biderik».

Alaitz Iturriotz

Alaitz Iturriotz, Ibon Urrestarazu eta Intza elgarrekin atera ziren espetxetik. 2005eko uztailaren 15ean jaio zen Intza Madrilen. Ama Sotoko kartzelan zen eta haurrak zazpi hilabete bete zituenean Valentziara eraman zituzten biak. Handik bidaia batzuk egin zituzten Madrilera epaiketa zela-eta, baina bestela Valentzian egon ziren Intzak hiru urte egiteko sei egun falta zirela aita eta hirurak elgarrekin libre atera ziren arte. Aita Valdemoron zen alaba jaio zenean. Intzak bi hilabete zituenean Sotora eraman zuten eta orduan ezagutu zuten elgar.

«Alaba biziki ongi egin da kaleko girora. Berriro bizitzen ikasi behar izan ginuen, bai haurrak bai guk. Aitak eta haurrak astean bitan ikusten zuten elgar espetxean, kiroldegian, moduluko beste bikoteekin batera, eta ostiraleko familiaren bisitan. Beraz, kalean hasi zen aitaren funtzio hori betetzen».

«Batzuetan familiarekin ateratzen zen, baina Euskal Herrira gurekin heldu zen lehenbiziko aldiz. Hasieran urduri zen, gu ere hala ginen : dena handia, etxean ez dakit zenbat gela, jende anitz, bizitzeko manera eta ordutegi desberdina... Espetxean jende guti eta bera egoten zen beti, espazio bera ginuen, ordutegi bera, eta haurra biziki segur sentitzen zen. Baina gurekin etortzeak gauzak errestu zituen. Otto-ttanttarekin bizi behar zuen hasieran eta hirurok elgarrekin aterako ginela jakinarazi zigutenean ez ginuen sinetsi !».

«Espetxe batzuetan bada haurtzaindegia, Madrilen nintzenean beste etxe batean zen eta nahiko polita zen. Valentzian gela bat da moduluan bertan haurtzaindegi gisa ezarria eta parke tipi bat patioan. Intza gurekin egoten zen egun osoan, nirekin eta kide euskaldunekin, ez baikinen fidatzen. Nahiko ongi egon ginen, bat baino gehiago ginelako. Beste haur euskaldun bat bazen, eta anai-arrebak bezala hazi ziren. Zikinkeria, droga, denetarik da eta haurrak tartean dabiltza. Izkina pila bat herdoildurik dira eta arratoinak dabiltza, bizi baldintzak beste edozoin modulutan bezalakoak dira. Ordutegia ere ez da egokitua. Zenbaketa egiterakoan ez dute kontutan hartzen haurrak lo egon daitezkeela».

«Beste arazo bat da beti txantaia egiten saiatzen direla haurrekin. Erraten digute : Bihar ekintzak izanen dira haurrentzat, baina zuenak ezin dira joan. Hala, denak pailazoak ikustera joaten dira gureak izan ezik. Haurrak erabiltzen dituzte gu psikologikoki umiliatzeko. Errudun sentiarazten gaituzte haurra izatea guk erabaki ginuela erranaz. Borrokatzea biziki zaila da : Zuk hautatu duzu haurra hemen edukitzea. Ez bazira gustura, atera familiarekin, hori erraten digute».