RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Hasiera > Mintza
19/11/2009

Mintza

Etxean uso eta otso izanaz, esaerari letra aldatu zion Amets Arzallusek Hendaian

Jon GARMENDIA

Azken agurrak gogoan dauzka, urruti dauden lagunak/ hurtu ditzagun distantziak ta, hurtu ditzagun berunak/ hemengo txalo olatuak ta, hemengo arnas lurrunak/ eztakit nola baina hurbiltzen dizkigu amets urrunak/ ta bereziki dauzkat gogoan, hendaiarrak, ezagunak/ zer galdu zuten konturatuko, al ditu gaurko egunak ?/ beren hizkuntza ukatuz frantses, egin ziren euskaldunak !». Bertsu hori bota zuen Amets Arzallusek agurtzeko tenorean eta hitz hauek erran zizkigun saio ondotik : «Egia esan txapelketako saio bat izateko, eta normalean puntuen eta emaitzaren hertsidura hori present duzunean buruan, nolabaiteko lotura bat izaten duzu, baina nik egia erran anitz gozatu dut gaur kantuan, baina nigatik baino gehiago hemen zen jendearen laguntzagatik izan da hori, zen giroagatik, berotasun olatua sumatzen zen ondoan, eta horrekin, hartzeko egokiak ziren olatu anitz bazela ikusten zen».

Agurra kantatu zuenean ez zekien lehen postua eskuratuko zuenik, baina ez zion aukera horri erreferentziarik eskaini, Hendaiako Beltzenia ezker paretak arrats horretan ageri zuen giroa izan zuen ardatz bere eskaintzak, poza eta itxaropena islatzen baitu halako argazki batek, ia bi mila euskal jende, pentsamendu eta izaite desberdinak toki berean elgarturik, euskararen nortasuna goratzeko manera bat da, eta bide horretarik urrundu direnei mezu sakona bidali zien ipar Euskal Herriko bertsulari txapeldunak.

Ahanztea kostako zaio bertsuzaleari igandean Hendaian gertatu zena. Saio eder eta ona izateaz gain emozioak sorrarazi zituelako. Sarriegik irria piztu zion bildutako jendeari, eta minuta batzuk berantago negar malkoak agertu ziren jende beraren masailetik beherantz Onintza Enbeita agur bertsua bukatu ezinik gelditu zenean ; bertsu horretan preso duen kusia aipatu zuen, bezperan hura ikusi ezinik utzi zuten kartzelariek muxikarra, eta frustazio eta inpotentzia horrek bertsu erdian negar zotinka hastea ekarri zion, eta hor, publikoak lagundu zuen bertsua bukatzen. Negarra eta barrea elgarrekin bat, bertsuaren magia.

Eta nortasunean duen magiaz baliatu zen Arzallus saioa bereganatzeko, ariketa guzietan jo zuen goia, eta ia denetan bera izan zen onena. 704 puntu eskuratu zituen saioaren bukaeran, aitzina eginen duten 18 bertsularietatik bigarren altuena. Jon Maiak ere sekulako bertsoaldia ukan zuen, distira handia agertu zuen, eta baita bere-berea duen xarma ere. Horrek, bigarren egitea ekarri zion, eta baita finaleko txartela hatzekin ukitzea ere, 679 puntu lortu ondotik biziki gaizki egin behar du azken saioan finaletik kanpo gelditzeko. Hirugarren Julio Sotok egin zuen 652rekin, laugarren Aitor Sarriegik 651rekin, bosgarren izan zen Jone Uria 634 puntu bildu ondotik, eta seigarren Onintza Enbeitak egin zuen 631,5rekin. Justuki, seiek lortu zuten bigarren itzulirako sailkatzea.

Kasualitatea izanen da agian, baina txapelketan jokatu diren saiorik arrakastatsuenak ipar Euskal Herrian jokatu diren biak izan dira. Oroitu behar baita Uztaritzeko final-laurdenak besteekiko diferentzia markatu zuela, eta bide beretik joan dela Hendaiakoa.

Igandeko bertsu anitz idatzi daitezke lerro hauetan, baina www.bertsoa.com atari elektronikoan saio guzia entzutea aholkatzen dugu, zinez merezi baitu. Hala ere, Ametsen kartzelako ariketa agertzen dugu beherean, bigarren puntuazio altuena lortu zuen ariketa horretan, baina errealitatetik hurbilen den istorioa egin zuen hendaiarrak, berriki etxea eraiki baitu Saran, denbora eta neke anitz isuri eta gero.