RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
12/11/2009

Mintza

EHE : 30 urte eta hamaika lorpen

Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1979. urteko azaroak 4 zituela aurkeztu zuten jendaurrean. «Euskararik gabe, Euskal Herririk ez" izenburupean Durangoko azoka hautatu zuten lehen agerpena egiteko, egun azoka ezagun hori abenduan egiten bada ere, garaian Omia Saindu egunaren karietara egiten baitzen, eta han kritikatu zuten politikariek euskara ahantzia zutela

Jon GARMENDIA

Euskararik gabe, Euskal Herririk ez» honela erraten zuen 1979ko azaroan Euskal Herrian Euskaraz (EHE) antolakunde sortu berriak plazaratu zuen leloak. Durangoko azokan aurkeztu zioten jendarteari eta oinarriak zehaztasunez marraztu zituzten antolakunde haren sortzaileek, gaur egun dioten bezala «Egun hartan, euskaldunok osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, egun oraindik gure helburu izaten jarraitzen duena plazaratu genuen : Euskal Herri euskalduna erdiestea ; eta horretarako izaera erreibindikatzailea eta borrokatzailea izanen ginuela adostu genuen.»

Lehen bilkura haietarikoa 1979ko urte horretan Lesakan egin zuten euskaltzale ezagun anitz tartean zirela, eta bilkurak bata bestearen gibeletik heldu ziren EHE elkartea sortu arteino. Bilkura haien bultzatzaile ziren besteak beste Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi», Sagrario Aleman, Luis Mari Mujika eta baita Karmele Aierbe ere. Heien ustetan «bakar» batzuk omen ziren batzar haietan parte hartzen zutenak, baina gizartearen zati handi bati heien kontzientzia eta hizkuntzaren aldeko borroka helaraztea lortu zuten hein handi batean.

Kritika bai, baina baita konpromisoaren beharra ere

Durangoko aurkezpenean garaiko politikariak kritikatu zituzten lehenik eta behin, EHE-ren ustez «egungo politikarekin euskara heriotzera kondenatua baitago» eta desberdintasun guti egiten zuten alde bateko edo besteko politikarien artean «alderdi etxekoetan edo ta abertzaleetan, euskarak ez du aurkitzen benetako defentsarik», agian honegatik heien sortze estatutuen artean idatzi zuten «EHE autonomoa izanen da edozein partidu politikorekiko, eta alderdi politikoetako buruzagi-karguak dituztenak, dena dela, ez dira eragilearen zuzendaritzan egonen». Heien izaera argiki agertu zuten euskaltzale haiek ez ziren hala ere hitzen eta kritiken magalean gelditu, eta aldarrikapenak eta salaketa zonbait «ekintza praktikoen» bidez aitzina eramatera abiatu ziren, «guk, geure eskubideetan zauriturik, gogorki erantzungo dugu» irmotasunez erratea eta egitea lortu zuten. Bide honetatik heldu ziren ekintza ikusgarri batzuk, hala nola : 1981. urtean, 60 bat lagunek Radio Nacionaleko (gazteleraz soilik emititzen zuen irratia) egoitza okupatu zuten Donostian, eta egun berean, 3.000 lagunek manifestazioa egin zuten Gasteizen udalak euskararentzat agindutako dirua eskatzeko. Bi urte berantago, 1983an, Iurretako (Bizkaia) ETBren egoitzaren aitzinean elgarretaratzea egin zuten, eta abenduan aldiz, Durangon milaka eta milaka euskaltzale bildu ziren «Erdararik ez ETBn» leloari jarraiki. 1986an urtean, manifestazioa egin zuten Iruñean Vascuencearen Legearen onarpena arbuiatuz. 1988an «Erasoen kontra eutsi euskarari» kanpaina bultzatu zuten. 1989an, «Euskararen aurka errekurtsorik ez» lelopean egin zituzten manifestazioak.

Hamarkada bat betea zuten jadanik aldarrikapenak ekintzen bidetik aitzina eramaten eta lorturiko urratsek arnas berria ekarri zien aitzinean zutenarentzat. Eta «Azken 15 urteotan, duela 30 urte hasitako bideari jarraitu diogu. Ezabaketa Egunak egiten hasi ginen, eta urteen joanak, ezabaketa egunak Ezabaketa Aste bihurtu zituen. Euskal Herriko paisaje linguistiko erdaldunari aurregiten diogu, egun indarrean diren markoen eta hauen fruituz ernatzen diren legedi eta araudien gabeziak azaltzen ditugu Ezabaketa Astearen bitartez, Euskal Herri osoan».

30 urteren ondotik «Euskal Herri euskalduna» ez da lortu, eta lanean dihardu EHE elkarteak, eta heiek azaltzen dute egokitasunez iraganaren behakoa «Eta borrokaz borroka iritsi gara gaurko egunera. 30 urte daramatza EHEk Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean urratsak ematen, 30 urte luze, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak salatzen, euskararen normalizazio prozesuan akuilu lana egiten, euskaraz bizitzeko hautua hedatzen eta herritarrei ibilbide horretara atxikitzeko dinamikak eta espazioak eskaintzen».