Mintza
Checkpoint Rock : Palestinako musikari buruzko Fermin Muguruzaren maisulana
Jon GARMENDIA
Haurrak oraino lo direla autoan sartu dituzte Jihad Saleh eta Aya Ziad senar emazteek. Ramallah-ko zerua lainotsu ageri da egunsentiaren tenorean eta eguna argitu baino lehen abiatu nahi du bikoteak Al-Bireh hirirat, Ramallah-ri ia itsatsia dagoen auzunerat ; Rahma, Aya-ren ahizpa nagusia, hilzorian da ospitalean eta Aya-k harekin igaro nahi ditu biziaren azken orenak ; etxekoen maitasuna eta goxotasuna jaso dezan Rahmak Allah-ren paradisurat eramanen duen bidai luzea hasi aitzin.
Jihad-ek emekiro ferekatu du Ayaren masaila eta lasai egoiteko erran dio emazteari, laster batean helduko direlako ahizparen ikusterat. Aldiz, senarrak segurtasunez ahoskatu duen “laster” hori, Aya-k “berant” bilakatuko dela ulertu du Al-Bireh sarreran betoinezko bloke erraldoiak errepidea nola mozten duen ikusi ondotik, Chekpoint bat da, soldadu israeldarrek zaintzen duten kontrol puntua, palestinarrak heien herrietatik bereizteko israeldar agintariek sortu zuten tresna. Auto iladen artetik militar Israeldarrak hortzetaraino armaturik atxeman ditu Aya-k, metal detektorea ikusi du gero, pasaporteen kontrola, gazte ba-tzuen motxilak nola miatzen ari diren, eta jendeak nola itxoiten duen pasabide hertsitik igarotzeko unea ; auto gorri bat itzularazi egin dute, ez diote pasatzen utzi eta etxerako bidea hartu behar izan dute berriro... memento horretan ulertu du Aya-k ez duela ahizpa bizirik ikusiko, eskuak gurutzatu ditu, zerurantz beha jarri da eta ahopeka, isilean, errezatzen hasi da.
Berrehun eta berrogeita hamar Checkpoint baino gehiago dira egun Palestinan, eta heietako bakoitzak sortzen du egunero aitzineko lerroetan idatzitakoaren gisako istorio triste bat.
Agian, halakoak ikus eta en-tzun ondotik bururatu zitzaion Fermin Muguruzari Palestinako gertakari anitzen testigantza jaso eta mundurat zabaltzea, betiere bere doai izan den musikaren ikuspegitik.
“Bi mila eta biko aste santuan bidaiatu nuen Palestinarat Europako delegazio baten barnean ; herri palestinarraren eskubideak aldarrikatzeko eta heiekin lurraren eguna ospatzeko intentzioarekin joan nintzen harat. Bide batez, bi elgarraldi egin nahi nituen palestinar eta israeldar musikariekin”, aipa-tu eta azalpenarekin segitzen du Muguruzak : “Arribatu ginenean Tel Aviven bonba batek zartatu zuen eta hildako anitz eragin, lehen erreakzio gisa israeldar ejerzitoak garaiko palestinarren presidente zen Arafat Mukata-ko jauregian setiatu zuen, eta urjentziazko bilkura baten ondotik Palestinako adar politiko guziek eskatu ziguten heien presidentearen bizia zaintzeko giza gerizak sortzea Ramallah-n. Delegazioa osa-tzen genuen 500 lagunetatik 40k lortu genuen setioa eta gerahotsa gainditzea, eta memento haietan bizi eta sentitu nituen sentsazio eta hotzikarek nigan irauten dute oraino”
Arafaten bizia arriskuan
Ekimen horrekin nazioarteko hedabideen atentzioa ernarazi zuten eta geldiezina zirudiena geldiarazi zuten, Arafaten integritatea. “Orduez gero, beti pentsatu izan dut gerrak ere ez zuela lortu gure musika isilaraztea eta egunen batetan ausartu behar nuela herri sufritu haren eguneroko drama isla-tzen. Iaz, Anjel Katarain musika teknikariak Fatih Akin zinema zuzendariak eginiko Crossing the bridge : The sound of Istanbul (Zubia iragaiten, Istanbuleko doinua) ikus nezala aholkatu zidan, Anari abeslariak ere antzeko hitzak luzatu zizkidan, eta ikusi nuenean txunditurik gelditu nintzen ! Alexander Hacke musikaria maisuki barneratzen zen Istanbuleko hiri magikoan, iturburu musikalak, eta musikaren eragin eta ikuspegi desberdinak etengabe bilatuaz”. Eta Checpoint Rock filmaren abiapuntua sumatzen dugu Muguruzaren hitz horietan.
Javier Corcuera eta Anton Reixa
“Crossing the bridge sentitu eta bizitu nuen garaitsuan Libanoaren aurkako erasoa gertatu zen, eta laguna dudan Anton Reixa zine produktoreari hots egin nion telefonoz ; hor aipatu nion zerbait egin behar zela, zubiak iragan, checpoint-ak kasu honetan, eta Palestinako doinuak bildu eta munduari agertarazi behar genizkiola ere erran nion, isiltasunaren itsasoa zeharkatuko zuen lan bat eginaz”.
Dokumentalen zuzendari den Javier Corcuerarekin bat egin eta EHZ festibalean bihar a-rratsaldeko bostetatik goiti estreinatuko den Checpoint Rock
filma gauzatu zuen Ferminek. “Bidaiatzeko parada eskaintzen du filmak, aberastasunaren eremuetatik marjinazioaren auzuneetarat joaiteko manera, Checkpoints-ak zeharkatu eta Cisjordaniako lurralde okupatuak ezagutzeko bidea, finean, konzentrazio eremu erraldoia bilakatu duten Gazako arroila ikusteko begi bat da”.
Zine onaren maitale direnek ezin dute galdu Heletan izanen den aukera. Gainerat, Safaa Arapiyat Rap musikan murgil-tzen den emazte palestinar gaztea han izanen da, ororen ikus eta entzungai.
Filmaren luzezabalean Dam, Khalas, Amal Murkus, Walla’at, Habib Addeek, Muthana Shaban, Shadi Al-Assi, Sabreen, Palestinian Rapperz, Le Trio Jourban eta Safaa Arapiyat bera agertzen dira musikari modura eta ordu eta laurdeneko iraupena du filmak. Checkpoint Rock Zine festibal guti batzutan estreinatu da oraino, Donostia, Madril, Granada eta Saharan, eta Espainia eta Frantziako zine aretoetarat irailean helduko da. Zer erranik ez Euskal Herri osoan filma erakusteko asmoa agertzen duela Fermin Muguruzak, eta horretan ipar Euskal Herriko publikoari begirunea eskainiko diola azpimarratu behar da, agian Atalanten, agian...




