RSS

Warning: include(/home/lejpb2/public_html//publi-promo/albisteak_esk_120x600.php) [function.include]: failed to open stream: No such file or directory in /home/lejpb2/public_html/edizioak/20090702/arteu145168.php on line 130

Warning: include() [function.include]: Failed opening '/home/lejpb2/public_html//publi-promo/albisteak_esk_120x600.php' for inclusion (include_path='.:') in /home/lejpb2/public_html/edizioak/20090702/arteu145168.php on line 130
Index > Mintza
02/07/2009

Mintza

Etsaiak ez nau konbentzitu. Nik nire ideiekin jarraitzen dut ; aberria ala hil !

Garaian 17 urte bete gabe zituen EAE-ANV alderdian izena eman zuenean. Laster beteko ditu 91 urte Bautista Uribek, eta harro da alderdi horretakoa delako

Amagoia MUJIKA

Eusko Abertzale Ekintzak dena eman du Euskal He-rriaren alde. Dena. Horrekin nik ez dut beste inongo alderdirik akusatu nahi. Norberak jakinen du zer egin duen. Nik dakidana da guk dena eman dugula. Ni harro nago EAE-ANVkoa naizelako eta hala izanen naiz hil arte». Bautista Uriberekin hizketan, behin eta berriz nabarmentzen du sentitzen duen harrotasuna. Ge-rrak sortutako minak eta zauriak ez ditu gogoratu nahi, baina alderdi horretakoa izateak sortzen dion harrotasuna ezin du ahaztu. Saseta komandantearen hitzak ekarri ditu gogora. «Ni ez naute borrokarat ekarri Estatutu baten alde, ni aberri baten alde borrokatzera ekarri naute». Hori da ANVko gudari guzien motibapena, lehen eta orain.

Datorren irailean beteko ditu 91 urte Bautista Uribe durangarrak. EAE-ANV alderdian izena eman zuenean 17 urteak bete gabe zituen. Gogoan du 1935. urteko abuztuan izan zela. Hala ere, eleketan hasi orduko nabarmentzen du bera «betidanik eta beti» izan dela eta izanen dela Eusko Aber-tzale Ekintzakoa. Pentsa daiteke jaiotzearekin batera sortu zitzaion tasun bat dela hori.

Espainian 1936ko altxamendu faxista gertatu eta hurrengo egunean 300 bat lagun elkartu ziren Durangon, zerbait egin behar zela-eta. Ez zuen zalantzarik izan. Fronterat joan zen «aberria defendatzera». Eta berriz nabarmentzen du bere bizitzak norabide bakarra izan duela beti, «aberria ala hil». Eta hori erraten duenero, Euskal Herri zahar honi dion maitasuna gogoratzen duenero, bihotza gaztetu egiten zaio.

«1935ean eman nuen izena alderdian. Koadrilan ibiltzen ginen Durangon eta bertan sortu genuen lehendabiziko Eusko Etxea. Politikoki konpromiso handikoa izan naiz gaztetatik eta beti Eusko Abertzale Ekintzakoa», hasi da gogoratzen. 1936ko uztailaren 18an, altxamendu faxistak eta gerra zibilaren hasierak Otxandion harrapatu zuen, jaietan. Hu-rrengo egunean bertan abiatu zen fronterat, anaia Bernabe ondoan zuela. «Otxandiora joan ginen gudari talde bat. Loiolako kuartelari eraso eginda lortu genituen fusilak. Garaian ez zegoen batailoirik, nahasmendu handia zegoen gerra hasiera hartan. Gerora sortu genuen EAEko Lehen Batailoia. Eta geroxeago beste batailoi anitz Euskal Herriko beste toki batzuetan».

Beharrak erakusten du

Honela, egun batetik bestera aldatu zen Bautista Uriberen bizitza. Eta fusila eskuan, fronterat joan zen. Gerra egiten ere ikasi egiten da noski eta hor ere beharrak indar handia dauka. «Beharrak erakusten du horrelakoetan. Fusilik hartu gabekoa nintzen, baina garai hartan denok genuen eskopetaren bat eta zerbaitean aritutakoak ginen. Gerran azkar ikasten da, a zer erremedio !», erran du.

Hala ere, gerra egiten jakin edo ez, Bautistak ez zuen zalantzarik ukan eta fite abiatu zen aberriaren defentsan. «Gerra hasiera hura biziki gogorra izan zen. Labanekin aritzen ginen jo eta su. Euskaldunok dena eman genuen, ezin zen atzera egin. Faxisten aurka aritu beharra zegoen eta gudariek frontea geratzea lortu genuen. Ezker abertzaleak biziki borroka duina egin zuen, gogor borrokatu zuen aberriaren alde. Benetan garran-tzitsua izan zen Eusko Abertzale Ekintzaren lana gudan. Jende anitz galdu genuen, gudari anitzhil ziren, baina, hala ere, ez genuen zalantzarik egin eta segi eta segi egin genuen».

Gerrak zatitu zuen Bautista Uriberen bizitza, beste anitzena bezala. Bataila batean eta bestean aritu zen, Albertiakoa tartean. Anitz eta anitz ikusi ditu joaten, lagunak batzuk, etsaiak besteak. Gerrako unerik latzenetakoa bere anaiaren heriotza izan zen. Aski gogoan du nola jaitsi behar izan zuen bizkarrean anaiaren hilotza Etxanoko gain hartatik.

«Zornotzako guduan hil zuten anaia. Nire ondoan zen eta, konturatzerako, lurrean ikusi nuen. Tiro bat eman zioten buruan. Bizkarrean hartu eta Etxanoko gain hartatik behera jaitsi nuen, agur duin bat izan zezan. Guk, hildako gudari guziak lurperatu genituen, denek merezi zutelako agur duin bat. Ez genuen inor utzi bidean botata». Zornotzako gudu hartan gudari anitz galdu zituztela gogoratu du.

«ANVk ez zituen beti behar zituen baliabide guziak. Askotan, gudariok gerauk jarri genuen dirua armak-eta erosteko. Baina hori eta gehiago egiteko prest ginen. Borrokarako indarra, duintasuna, ohorea eta grina soberan genituen, nahiz eta beste gauza batzuk falta zitzaizkigun». Izan ziren, aldiz, arma anitz ukan zituzten garaiak ere. Uribek gogoan du milaka fusil lapurtu zituztenekoa. «Orduan ondo armaturik ibili ginen, fusilekin eta eskuko bonbekin. Pitokeria gutirako parada zegoen hala ere. Munizioa zuzenean gordetzen genuen poltsikoetan eta eskuko bonbak soinean eramaten genituen».

Lehen lerroko gudariak

EAEko gudarien indarra eta ausardia nabarmentzen ez da asper-tzen Bautista Uribe. «Biziki jende gogorra zuen EAEk, guduko lehen lerroan jartzen ziren gudari haiek. Eta berdin gudu guzietan. Horregatik, gudari anitz eta anitz hil ziren bidean. Hori egia da. Baina Euskal Herriaren alde bo-rrokatzen genuen eta horrek ematen zigun indarra geldiezina zen. Gudariok ez genion beldurra heriotzari. Zertara etorri gara ? Aberria salbatzera erraten genuen eta aitzina !».

Aberriarekiko maitasunak indarra ez ezik, jaten ere ematen zien sarritan. «Gerran zaudela, gaur agian jaten duzu, baina ez dakizu bihar janen ote duzun. Gosea eta hotza pasatzen da. Baina, ideia batzuen defentsan ari zarela, goseak eta hotzak ez dute garran-tzirik. EAEk gudari idealistak izan ditu, ideia batzuen defentsan borrokatu dutenak».

Negar ere egiten da gudan. «Anaia akabatu zutenean une txarra pasatu nuen. Hori oso latza da. Noski negar egiten dela ge-rran, baina ezin da negarrez gelditu, aitzinerat egin behar da».

Lehenagotik ere bere bizitzaren leloa, bere norabidea, bat eta bera zen : «Aberria ala hil». Bada, ge-rraz geroztik, are indar handiagoa hartu zuen ideia horrek bere barnean. Biziki barnean gainerat. Urte anitz joan dira gerra hartatik eta detaile batzuk ahantzi egiten dira, edo ahaztu egin nahi izaten dira. Bautista Uribek ez du gerrak sor-tzen dituen minez hitz egin nahi, nahiago du EAE-ANVko gudaria izanak sortzen dion harrotasunaz hitz egin. Barakaldoko gudariak gogoratzen ditu bereziki. «EAE-ANVk gudari onak zituen, baina baita jeneral biziki onak ere. Agintzen zekien jendea genuen, Barakaldokoak anitz. Izugarri onak ziren jeneral haiek. Anitzek ez zekiten euskaraz, baina Euskal He-rria maite zuten, eta nola gainera. Euskal Herriagatik hiltzeko prest ziren, pentsa».

Preso, okerrago

EAJk Santoñako akordioa sinatu eta gero, Bautista Uribe preso hartu zuten Laredon. Santoñan, El Dueson, Burgosen, Miranda de Ebron eta Carabanchelen egon zen preso hiru urtez. Eta gerra amaitu ondoan, preso jarraitu zuen lan batailoi batean. «Ahal bezala biziraun nuen urte haietan. Niretzat gerra baino okerragoa izan zen preso egotea. Gerran, sikiera, alde batetik bestera mugi-tzen nintzen. Kartzelan han egon beharra dago, geldi. Eta besteen aginduetara gainera. Baina, tira, hori ere pasatu zen», erran du.

Gerora Venezuelan eman zituen urte batzuk erbesteraturik. «Urte guti eman nituen han. Ondo bizi ginen, baina guk ez genuen dirurik batere behar. Han irabazitakoa Euskal Herrirat bidaltzen genuen, alderdiarentzat. Baina Venezuelan ezin nuen egon, Euskal Herrirat itzuli beharra nuen, nire aberria behar nuen».

Etsaia gogorra zen lehen eta gogorra da orain, «baina gainditu egin genuen orduan eta gainditu eginen dugu orain. Ni oraindik inork ez nau konben-tzitu. Nire ideietan jarraitzen dut irmo. Ez dute irabazi. ANVkoa nintzen, ANVkoa naiz eta izanen naiz hiltzen naizen arte. Guti gara, baina onak, borrokalariak eta duinak». Gaur egun ere horrelako jende anitz gelditzen dela uste du gudari durangarrak, «bestela Euskal Herria ez litzateke bizirik egonen. Oraindik ere jende on anitz da, zalantzarik ez daukat».

Jadanik ez du 1936ko sasoia, adinak eta gerrak utzitako markak hor dira. Hala ere, bihar berriro aberriaren alde borroka egin beharko balu, «zalantzarik egin gabe» borrokaren bidean abiatuko litzatekeela erran du. Eta berriz ere bihotza gazte bilakatu zaio.