Mintza
Erleak jaten dituen Liztor asiarra Euskal Herrian zabaltzen ari
Idoia ERASO
Vespa velutinak erleak sistematikoki hiltzen ditu, hemengo liztorrek bospasei erle hiltzen dituzte jateko, baina asiatikoek anitzez gehiago hil-tzen dituzte» azaldu zuen Bizkaiko Erlezainen Elkarteko Javier Larrinagak. Liztor asiarra 2005. urtean atzemana izan zen Europan, Estatu frantseseko Lot et Garonnen, geroztik zabalduz joan da eta Ipar Euskal Herrirat ere ailegatu da. Mementukotz Hego Euskal Herrian ez da liztor honen kabirik aurkitu, baina Larrinagak argiki adierazi zuenez, «duela bi urtetik honat begia beti adi dut. Pirineoak zeharkatzea ez da erraza, baina beharbada urte asko pasako dira ikusten dugunerako, eta ordurako arazoa biziki larria izan daiteke».
Peio Menta erlezain lapurtarrak joan den astean kabi tipi bat aurkitu zuen Angeluko Xiberta basoan. «Erleak biltzeko deitzen didate, eta Angelurat heldu nintzenean erleak gehiago ez zirela konturatu nintzen. Aski kabi berezia zen, normalean sei bat metrotarat kokatzen dute kabia, baina hau metro eta hogei zentimetrotan zen. Hastapena zen, hamar-hamabost bat liztor bakarrik ziren, ho-rregatik bildu dut kabia eta erregina ere bildu dut, gutitan egiten ahal dena». Orai erlezainak Baionan duen dendan dauka ikusgai.
Pariseko Historia Naturaleko Museo Nazionalean den Ondare Naturalaren Inventarium Nazionalak aurkitzen diren kabi guzien zerrenda ari da osatzen, espezie erasokor honen zabalera ezagutu, eta ahal den heinean, kontrolatu ahal izateko. Gaur egun den zabalera dela-eta erasoa gelditzea ezinezkoa da. Hala ere erakunde publikoek zabaltze eremua ezagutzeko gizartearen laguntza eskatzen dute, bereziki erlezainena. Peio Mentak liztorrak harrapatzeko erabiltzen dituzten tekniken berri ere eman zuen : «Tranpa batzuk jartzen ditugu. Garagardoa edo zerbait azukreztatua jartzen dugu tranpa bati lotua, baina ezin ditugu gehiegi jarri liztorrak bezala lastafinak eta erleak ere harrapatzen dituelako».
Asiako erleek liztor hauei aurre egiteko teknika bereziak garatu dituzte, baina Europakoek oraindik ez dute ikasi nola aurre egin. «Asian erleek badituzte metodo batzuk liztorrak beraien erletegieetatik aldentzeko. Hegoak mugitzen hasten dira eta tenperatura 41 gradutara igotzen dute, erleek 45 gradutararte atxikitzen dute hil gabe eta horrela liztorra hiltzen da» azaldu zuen Peio Mentak. Teknika hori duela 50 urtetik honat Asian hedatua den Apis melliferak ere erabiltzen du, Europako erle etxetiarra da hau, halaere gure kontinentean bizi diren erleen artean oraindik ez dute defentsa teknika hori garatu.
Vespa velutinaren berezko ekosistema Asiako hego ekialdeko herrialdeak dira, baina Europako hegoaldeko herrialdeetako kliman ongi egokitu da. Kolonizazioa biziki aldagarria da, hori dela eta Asian hamaika azpi-espezie ezberdin aurki daitezke.
Erleak biziarentzat derrigorrezkoak
Vespa velutinaren kabia aurki-tzea zaila dela nabarmentzen dute ikerlari guziek. Bere kabia hamar metrotako altueran ere eraikitzen baitu, kokagunean aurkitzeko momenturik hoberena udazkenean izaten da, zuhaitzetako ostoak erortzen direnean. Neguan liztorrak lurperatu egiten dira eta udaberrirarte lo egiten dute. «Negua lur azpian pasatzen dute eta udaberrian beste kabi bat egiten dute» azaldu zuen erlezain lapurtarrak.
Bizkaiko eta Lapurdiko erlezainek liztorra gaur egun erleen bizitza mehatxatzen duten beste faktore bat besterik ez dela nabarmendu zuten. «Pestizidak, ingurumenaren eta eguraldiaren aldaketak erleen biziraupenaren kontra egiten dute, liztor asiar hauek beste faktore bat besterik ez dira, gure erlauntzak atxikitzeko zailtasuna handitzen dutena» azpimarratu zuen Mentak.
Erlezainek erleen biziraupenerako egiten duten lana biziki garrantzitsua dela ere nabarmendu zuten erlezainen elkarteetatik. «Gaur egun badira erleak erlezainak badirelako, baina anitz galtzen ari dira. Biodibertsitatea geroz eta gutiago dago eta erleak hiltzen ari dira horregatik» salatu zuen Mentak.
«Erleek gure landareen %80a polinizatzen dute, haizeak eta beste intsektuek %20a besterik ez dute egiten, beraz, gure erleak galtzen baditugu gure lu-rreko bizi osoa arriskuan da» argitu zuen Mentak.
Albert Einstein zientzilari ezagunak gaur egun egiatzat hartzen den esaldia aipatu zuen bere garaian «Inoiz edo behin gure planetatik erleak desagertuko balira, gizakiari lau urtetako bizia soilik geldituko li-tzaioke».




