Mintza
Xan Beheran, Skate-a oin azpian eta begiak munduaren puntan
Jon GARMENDIA
Urdin-urdinak dira Xanen begiak, itsas estalkiaren kolorekoak ; baina hurbiletik behatzen bazaio ez ditu sobera idekitzen, agian, urrunera behatzeko zaintzen baititu zabal-zabalik eta hor, munduko lurralde berriak ezagutzeko abenturan, gustura sentitzen da bera. Australiatik berriki itzuli da, hiru hilabete han iragan ondotik, eta surf nahiz skate-a praktikatzeko xan-tza ukan badu ere, bidaia ez da luxuzkoa izan.
Donibane Lohizunen sortu zen Xan 1987ko abenduak 9 zituenean, eta geroztik han bizi da. «Aitak pilotari izanen nintzela uste zuen, eta hamar urtez pilotan aritu banintzen ere skate-an ari-tzeko gogoak indar gehiago izan zuen nire barnean. Aldiz, banekien etxean ez zutela diru xahutze hori eginen, normala, erabilpen garrantzitsuagoak baziren eta burasoentzat. Nire lehen taula hondartegi batean atxeman nuen eta haren gain hasi nintzen Getariko Bowlean Jon eta Julen Heguyrekin.» Irriz aitortzen du Xanek, eta irri gehiago egiten du Bowl hitza berriro aipatzen duenean, bai baitaki zer den azaldu beharko duela. «Gosaltzeko katiluaren forma duen borobila da Bowl, zimentaz edo egurrez egina, beno, skate-an aritzeko onenak behintzat material horrekin eginak dira, zeren hemen iparraldean metalezkoak ere badira, eta metalak arrabotsa egiten du eta ez du kalitate ona haren gain ibiltzeko. Maila horretan, estruktura mailan, erdi aroan gaude iparraldean», tristura aurpegian islatuz azaltzen du gazteak. «Ttipidanik Donibane Lohizuneko Herriko Etxearekin saiatu naiz proiektuak aitzinarazten, eskariak egiten, baina aitzakiak besterik ez ditut jaso». Eta ez da kexa horretan geldirik egoiten, bere burua eskaintzen baitio edozoin Herriko Etxe edo elkarteri egiazko estrukturak edo animazioak egiterako tenorean bidelagun izaiteko. «Badakit skate edo surf-etik bizia ateratzea ezinezkoa den zerbait dela, ez baitut ene burua ikusten publizitate panel bat bezala, baina mundu hau maite duenari lagundu ahal diodala pentsatzen dut, eta berdin haurrei erakusteko ere, jolas eta dibertsio formara»
Estruktura mailan hemen aurkitzen dituen zailtasunak direla eta, Xan Bizkaian ari-tzen da usu, «Gernika, Bermeo, Algorta, Leioa...herri frango dira prestakuntza izigarria dutenak. Lost eta Pukas arropa markak, filmak, denda berezituak, aldizkariak... maila batean Euskal Herria, eta batez ere hegoaldeko zatia AEB-etako Kalifornia bezala da».
Baina bere zango luze eta meharrak ez zituen Amerikako Estau Batuetarat luzatu, Australiarat baizik, eta ia sosik gabe hiru hilabete han iragaitea lortu du, esperientzia aberats baten jabe bilakatzea, eta maite dituen bi kirolak praktikatzeaz at, onenekin bere doaiak partekatzea. «Jart markak 500 euroko laguntza eman zidan eta haiekin abiatu nintzen harat» aitortzen du eta hori halako bidai bat egiteko diru aski ote den galdeginik irriari ekiten dio berriro ere, «Egin nahi duenari desafio edo pario egiten diot, kopuru hori har dezala eta ea zenbaterako ematen dion... ez nuen gehiagorako eta horrekin moldatu naiz, banuen lan egiteko nahia ere baina bi egunez soilik ukan dut zeregina eta ingelesa ere guti mendera-tzen nuen, beharrik lagun bat banuela han, David, hizkuntzarekin moldatzeko haren lagun-tza eskertzen baitut eta bestetik haren 4x4 autoan lo egiten nuen...», hala ere helburuak bete ondotik itzuli da etxerat. «Bi hilabetez Brisbane eta Sidney arteko mila kilometrotan ibili naiz, skate-an nagusiki baina baita surfean ere, Australian dena ulertu dute skate mailan, uhain ospetsuak ere badituzte han, munduko eskuin uhain luzeenak, Snaper eta Kirra izenekoak eta biziki ikusgarria iruditu zait», erran eta eleketan segitzen du «Azken hilabetea Le grand barriere de corail ikusterat hurbildu nintzen, ez dakit nola erraiten ahal den beste hizkuntza batean, miresgarria da toki hura, sobera ederra, ur azpian animaliko mamuekin, arrainak eta... gero aborigenek bizi duten egoerak ere eman dit zer pentsatua, zailtasun anitzekin bizi dira haiek, egiazko eta betidaniko australiarrak direla kontuan hartu behar da gainera. Egun, alkoholikoak dira anitz eta estatuak ematen dien laguntza urriekin bizi dira. Eta beno, orotara sei mila kilometro egin ditut Australian barna.»
Memento honetan Jart-ek proposatu dion bideo bat grabatzen ari da Gipuzkoa eta Bizkaiako paisaietan, amatore titulua eskuratu du berriki eta zorioneko edo borondatezko laguntzarik ukaiten badu skate munduan zer errana emanen du lohizundar gazte honek, bere apaltasun eta goxotasunak merezimendu ho-rren jabe egiten baitute.
Motzean :
Skatelari maitatuena ?
Cardiel (AEB), Cardone (Italia), Trujillo (AEB), eta Alain Goikoetxea (Algorta, Bizkaia)
Bizitzeko herri bat ?
Donibane Lohizune, Sara edo Bizkaiako kosta
Munduko herrialde bat ?
Ipar eta Hegoamerika nahi nuke ikusi eta ezagutu
Egin duzun azken oparia ?
Aborigenek eginiko pintura bat, Australiako arnoak eta perrekeria zenbait
Jaso duzuna ?
Jart markan lortu dudan amatore titulua
Janari bat ?
Etxeko hanburgesak eta odolkiak saga-rrekin
Edari bat ?
EH kola bide onean doa
Musika ?
Kuraia, Anestesia eta Rage Against The Machine
Filme bat ?
Doberman
Amets bat ?
Gure herria ezagutua izatea, ez turisten-tzat noski !!








