RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Hasiera > Paperezkoa > L'opinion

L'opinion - Tribune Libre

Putxereitor eta RuGALcaba

10/06/2009

Jon GARMENDIA / Idazlea

Hauteskunde europarren biharamona. Goizero bezala actimel botilatxo bat eta lirainja zuku bat ditut gosaltzeko lagun, ondotik kafea, eskuan zigarreta eta begiaurrean egunkaria. Datu eta emaitzez josiak ageri dira egunkariko orriak, politikarien adierazpenak nonahi eta gainon-tzeko berriak zaharrak balira bezala igarotzen zaizkit irakurtzeko gogotik. Halakoetan nire sorterriari behatzen diot lehenik eta behin, ea hauteskundetako emaitzek haren gaur eguneko irudi eta errealitatea islatzen didan, hurbileko herriak behatzen ditut gero, eta arrazoi honengatik edo bestearengatik maiteago ditudan herri eta hiriak aztertzen ditut azkenik.

Gipuzkoako Amezketa da horietako bat. Badut biziki estima-tzen dudan lagun amezketar bat, eta harekin tertulian aritzeko parada izaten dut usu, huntaz eta horretaz, inguratzen gaituen guziaz, biziaz. Ez dakit edaten duen urak bilkatzen ote duen manera horretako, edo Txindokiko haizea ote den, baina bere herria New York balitz bezala aurkezten du, harro da bere sustraietaz eta baita bizikide duen jendarteaz ere ; maiz Euskal Herriak Amezketaren oinarriak txertatu behar lituzkeela aipatu izan dit, han bai baitakite euskaldun izatearen balioaz ohartzen, ezkertiar izan eta bizitzen, baita elkarbizitzaren baloreak egunerokoan partekatzen ere, Amezketako auzolanaz, elkartasunaz eta abertzaletasunaz hitz egiten du lagunak arrapaladan, euskaraz beti. Eta buruan beti irudikatu dut Amezketa, Euskal Herriko basamortuan oasi bat balitz bezala.

Gaur baina irudiak desagertu ote zaizkidan irudipena daukat, hortxe nago Amezketako bozken emaitzei beha eta II-SP 0 bozka, 0 points !! ba ote ? nire lagun honek bat-batean iritziz aldatu ote du ba ? eta haren neskalagunak ere ? eta herriko beste abertzale eta ezkertiarrek ere bai ? Lope de Vegaren Fuenteovejuna dirudi honek... horixe pentsatu dut, non herri oso batek gauza bat erran eta beste bat egiten duen gero, non desagertu denari buruz nehork iritzirik eman ez eta isiltasunezko paktu sekretu bat egiten duten... eta ordenagailua piztu eta e-posta bat bidali diot lagunari, nola engainatu nauen erraiteko eta niri ezkertiar eta abertzaleek hartu beharreko bide eta estrategiaren txaparekin berriro ez etortzeko eskatuz... je,je.

Irratian aldiz Iniziatiba Internazionalistako eledun bat entzun dut dutxatik irten eta, bozen ematerako tenorean, kontaketan eta plazaratzerakoan irregulartasun anitz izan dela salatzen du gizonezko ahots sarkorrak, eta espainiako barne ministeritzak datuak ezkutatu eta desagerrarazi dituela segurtatzen du. To! ea ba Amezketako ehunka bozka batzuk ezkutatu eta desagerrarazi dituzten gisa berean? baina ez, ez dira soilik Amezketan desagerrarazi, Soraluzen, Villabonan, Zumarragan, Usurbilen,Legazpin, Mañerun...antzeko kasuak gertatu omen dira, eta...hau Euskal Herrian gertatu bada, zer ez ote da gertatu Espainian? Ai, ai, ai...putxereitor hemen da, horixe pentsatu dut. Pinochetek hala egiten zuen Txilen, putxerazo elektorala, eta Pinotxo RuGALcabak hala egiten du Espainian. Berak maneiatzen ditu barne ministeritzaren hariak, eskolak eta estoldak, eta denei kiratsa darie. Bera da Gal, AAA, BVE soldatapeko ultraeskuindar mertzenarioak ekinean zebiltzanetik politikaren lehen lerroetan dabilen agintari eta jauntxoa. Gezurra, faltsukeria, hipokrisia, beno! kontua ta zikina ahoan dilin-dalan darabilen elementua.

Milaka boz ezkutatuak, milaka bozka txuri susmagarri, milaka baliogabetu gehiago...eta artean, bihotzen taupa betean maite dugun lagun bat desagerturik. RuGALcaba: Parnaso eta Olimpoaren bidean non desagerrarazi dituzue bozkak ? NON DESAGERRARAZI DUZUE JON ?

inprimatu