RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Hasiera > Mintza
22/05/2009

Mintza

Gizarte eredu berri bat egungo krisi egoerari aurre egiteko

Kontsumo gehiegikeria bultzatzen duen egungo gizarte ereduak eragindako krisi ekologikoa eta ezberdintasun sozialak izan ditu hizpide Hervé Kempf kazetari eta adituak berriki Baionan. Bere erranetan, egungo egoerari aurre egiteko aterabide bakarra sistema kapitalista alde batera uztea da.

ANALISIA/ Hervé KEMPF / Kazetaria eta idazlea

Herve Kempf kazetari eta inguramen alorrean aditua denak, egun, nazioartean izendatzen den krisi ekonomikoa agertzeko tenorean «aldaketa handiko garaia» erramoldea baliatu zuen. Berriki «Pour sauver la planète, sortez du capitalisme» (planeta salbatzeko kapitalismotik atera) liburua kaleratu du frantsesez eta gaztelaniaz. Kari horretara, Baionan, Manu Robles Arangiz Fundazioak antolatu hamabostaldian, Kempfek krisi ekonomikoa den honetan, bere hausnarketen berri eman zuen. Bi hitzetan, egungo egoerak, nahi ala ez, orain arteko gizarte «eredua aldatu beharra» ekarriko duela goraipatu zuen.

Munduak bizi duen krisi ekologiko larria

2007 garren urtean Kempfek «Comment les riches détruisent la planète» (Aberatsak planeta nola birrintzen ari diren) bere lehendabiziko liburua plazaratu zuen, 1970. urteaz geroztik munduak bizi duen krisi ekologiko «larriaz» mintzo den izkribua. Bigarren liburuan idazleak jarraipena ematen dio aitzineko horri ; krisi ekologikoak zoin konponbide izan dezakeen eta horri begira zoin bide hartu azaltzen du idatzian, besteak beste.

Kempfek egungo krisi ekologikoaren harat-honatak gogora ekarri zituen. «Krisi ekologiko historiko bat bizitzen ari gara. Krisi hori ez da berria. 70eko hamarkadaz geroztik etengabeko alertak ematen aritu dira. Baina ez dira kontuan hartuak izan». Kazetariaren arabera, alerta dei horiek ez dira kontutan hartuak izan, batik bat egungo botere politiko eta ekonomikoan aldaketa oro «oztopatzen duen oligarkia» batek agintzen duelako. «Bere pribilegioak ez galtzeko krisi ekologikoa ukatu dute, eta lehentasuna eman diote kontsumo materialari», argitu zuen. Horrenbestez, kapitalismoak urtetan izugarrizko bilakaera izan duela eta, krisi ekologikoa larriagotzeaz gain, ezberdintasun sozialak handituz joan direla adierazi zuen.

Gizakien arteko lehia nagusi

«80ko hamarkadatik 2002. urtera bitarte, ezberdintasunak nabarmen areagotu dira. Max Weber ekonomistak gizarte eredu anitzetan gizakien arteko lehiak nagusi direla erran zuen. Gizarte maila apaleko jendarteak haren gainean duena hartzen du eredutzat. Gaur egun boterea duen oligarkiak finkatzen du eredua, eta, kontsumo gehiegikeriari ematen dio lehentasuna, krisi ekologikoa eta ezberdintasunak areagotuz», nabarmendu zuen. Eredu hori, komunikabideen bidez, mundu osoan hedatu da. Horrela, Kempfen hitzetan, hondamendia dakarren jendarte horri aurre egiteko aterabide bakarra sistema kapitalista alde batera uztea da. Besteak beste, gutxieneko soldata duin eta onargarria finkatu beharra nabarmendu zuen.

Kultur eredu berria sortu behar da

«Bestelako kultur eredu bat sortu behar da kontsumoa eraldatu nahi baldin bada. Baina, klase ertainetan ezberdintasunak nabaritzen badituzte, ez dituzte haien kontsumo erak aldatuko», gaineratu zuen. Azalpen honen hariari tiraka, ezberdintasunak tipituak geratzen diren aberastasunak ekimen kolektiboetarako baliatu behar direla erran zuen, eta adibideetara jo zuen zuzenean : «besteak beste, garraioa, hezkuntza, osasuna edo laborantza arloak sustatzeko baliagarria izan daitekeelako erabilpen hori».

Fase berri batean

Gaur egungo krisiaz mintzatzean, «aldaketa handi» batean barneratuak gaudela azaldu zuen : «Krisi egoera batean gaude, eta baldintza horretan gizarte ereduari buruzko gogoetak pizten ari dira». Horren karietara, kazetariek 2007an bere lehenengo liburua kaleratu zuela jakinik eta aurten argitaratu duen bigarren liburuaren arteko bi urtekoan aldaketak nabaritu ote zituen galdegin ziotenean, sakoneko arrazoinak aipatu gabe Hervé Kempfek gaur egun bere analisiek oihartzun handiagoa dutela erran zuen.

«Jendarteak argi ikusten du ez dagoela aterabiderik aurreko eredua baztertzen ez bada. Ezin da arrazoi ekologikoa baztertu egungo egoerari aterabide bat aurkitzeko. Pentsamendu menperatzailea hazkundearen ideologia lantzen ari da, baina, jendartean ere bilakaera azkarra nabari da», gaineratu zuen. Hego eta Ipar Ameriketan izandako botere aldaketak jarri zituen adibidetzat, azkenik, Kempfek bere ikuspuntua indartzeko fase berri bat etortzekoa dela erran zuen agurtzeko tenorean.

Ainize BUTRON

 

 
Guk ordaintzen dugun krisia
 
Gure belaunaldiak bizitza osoa pasa du lanean, ez dugu besterik egin, eta guk hainbeste lan egin dugu, lana bukatu egin dela, horrexegatik gaur egun ez da lanik gehio zuentzat» krisiari buruz ari ginela didau batean umorez jantzitako hitz hauek luzatu zizkidan Jexux Arzallusek. Irri eginarazi zidan, eta uste dut batzuetan gertakari serioenei irribarre bat eskaini behar zaiela. Teoria da hori.

Hala ere, praktikan, krisi ekonomikoa serioegia da umorez hartzeko, eta patrikan krisia pairatzen dugun horientzat, are serioagoa da oraindik. Funtsean, eritasunekin gertatzen dena gertatzen baita krisiaren eragina sufritzen duten pertsonekin, ezagun bat eri delarik harekin elkartasunean sentitzen gira, arduratu egiten gaitu eritasunak, eta guri gerta dakigukeen kezka sortzen zaigu ; baina, hura dago eri, ez gu, hark sufritzen du, ez guk, eta berant baino goizago hark egin beharko dio aurre pairatzen duen eritasunari. Guk aldiz...zerbait egiten ahal dugu ? Hurbiletik behatu, eta «animo !» erratea ez den beste zerbait ? «Xantza txarra» ukan duela edo «gaizoa» errateaz at ?

Kapitalismoa ez dugu langileok sortu, baina lan egiten dugunon izerdiari esker mantentzen da bizi-bizi. Krisia ez dugu guk sortu, baina guk ordainduko dugu, eta lanik egiteko aukerarik gabe gelditzen direnek larrutik ordainduko dute gainerat !

Krisi ekologikoa ere ez dugu guk sortu, baina gosaltzean, hozkailua ideki eta eskutan hartu dudan joghurtak zenbat kolore eta plastika desberdin zuen ohartu dut, baita zenbat produktu ditudan iraungitze data pasa-eta...zertarako erosi ote nituen ?

Joghurta jan, eta oharkabean zaborretara bota dut potoa ; oharturik ordea, eskua zabor barnera luzatu eta jaso egin dut, gaur behintzat birziklatu behar dudala oroitarazi baitit Kempf-ek. Baina janztera joan naiz gero, eta armairuak nehoiz janzten ez ditudan arropa piloa ekarri dit bistara, eta hor Paul Austerren hitzak gogoratu ditut : Pertsona ororen helburua behar luke mundua hartu duen baino zertxobait hobekiago uztea.

Jon GARMENDIA