RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Hasiera > Mintza
09/04/2009

Mintza

"Ezin dugu antzerkia euskara hutsean egin hortarik bizi nahi badugu"

ELKARRIZKETA/ Ximun FUCHS /Antzerkilaria

Zergatik Juglarea, puta eta eroa ?

2007an elkartu ginen Le Petit Theatre de Pain taldeko hiru euskaldun, eta antzerki bat euskaraz egiteko gogoa ginuen, mintzatzerakoan hiru proiektu desberdin genituela ohartu ginen, hiruak formatu arinekoak, eta batera egitea erabaki ginuen. Joseba Sarrionaindiaren testuan oinarritutako Aulki hutsa eta Michel Azamak harilkatutako Tartean ere egin baititugu denbora berean. Juglarea, puta eta eroa hiru testu edo antzerki desberdin dira, Dario Fo italiar idazlearenak, eta obra bakarrean hiru antzerki egin ditugu.

Eta badute elkar hartzerik ?

Antzerki mailan, hiruak interesatzen zaizkit eta gaiak ere interesgarriak atxemaiten ditut. Juglarearen sortzeak laborari baten istorioa kontatzen du, eta nola dena ebatsi dakoten, lurra eta guzia, mendekuz aktore edo juglare bilakatzen da bere gertaerak salatzeko. Puta eroetxean berriz, hirurogeita hamargarren hamarkadan inkesta bat egin zuten Dario Fo eta bere emazte Franca Ramek italiar putekin bilduz, nola zen heien bizia eta gertakizunak biltzeko, eta errealitate hori islatzen du. Eroa eta herioa berriz, ero baten istorioa da, ostatu batean dago lagun batzuekin tragoak hartzen eta karta jokoan, eta bat-batean kartek deiturik etortzen da herioa. Eroa hasten da negoziatzen bere bizia, etorkizuna... eta azken finean biak maitemintzen dira, beldurra eta maitasunaren istorio berezi bat sortzen da hor.

Zer agertu nahi zenuten hori eginda ?

Gure antzezlana ikuspuntu berezi bat da neretzat, Euskal Herriko ikuspuntu bat. Dario Fok Italiako dialekta guziak erabiltzen ditu bere antzerkietan, eta gure ideia zen hiru euskalki desberdin erabiltzea «Juglarea, puta eta eroa» antzezterakoan. Batetik : aktore, edo pertsonaien sinesgarritasunarentzat, erran nahi baita, pertsona berezi batzuk ikusten dira zeren horkoak dira, eta bi : nere hizkuntzaren inguruan interesatzeko, edo nahi baduzu gure hizkuntzaren inguruan tabu handi bat gainditzeko, gure arazo printzipala ez baita hizkuntza bera, eta pixkat hortaz irri egiteko. Bestaldetik etortzen direlarik antzerki baten ikustera edo gu goazelarik antzerki batzuen ematera beti bada jende bat ez duela ongi ulertzen erraiteko, nahiz eta euskaraz izan. Hor Mixel Etxekoparek dioena aipatu nahi nuke : «Badirudi bi euskaldunek Ameriketan elkartu behar dutela elkar ulertzeko, zeren han izan diren artzainek, izan daitezen Xiberokoak, Bizkaikoak, Lapurdikoak edo Nafarroakoak ez dute batere arazorik elkar ulertzeko».

Zergatik itxaron duzue hainbeste denbora lehen aldiz antzerki bat euskaraz egiteko ?

Euskara erabili dugu beste hizkuntzen artean antzerki batzuetan, zilo edo tarteetan sartuz, baina euskara hutsean soilik egitea mementu baten buruan bietarik bat da. Ezin dugu antzerkia euskara hutsean egin hortaz bizi nahi badugu. Gu profesionalak gira, eta talde handia da gurea, hor behintzat ezinezkoa da. Formatu izigarri txikian behar bada posible litaike, inguruan laguntzak ukanaz edo bestaldean egiten duten maneran Euskal Telebistaren laguntzarekin eta abar, baina antzerkiaren ekonomia kontutan hartuz, hartarik bizitzeko euskara hutsean lan eginik ez da posible.

Hegoaldean ere antzeztu duzue Juglarea, puta eta eroa euskalkia aldatu duzue ?

Ez, ez, hol- hola eman dugu, sortu dugun moldean eman dugu. Batzuetan hiru edo lau hitz aldatu ditut, ze adibidez hegoaldean emazteak eta emakumeak ez du erranahi bera baina sortu moduan ematen saiatu gara.

Zer generotan kokatzen duzu zuen antzezlana ?

Ez dugu sobera klasifikatzen gure antzerkia, jendeak klasifikatzen du nahi duen erara gero, baina guk antzerki herrikoia egiten dugu, erran nahi baita, printzipioz denentzat da eta denek atxeman dezakete ulertu eta irakurtzeko maila berezi bat, baina guk antzerki herrikoi eta ibiltaria egin nahi dugu.

Zer ekartzen du edo zer eragin du jaso berri duzuen Donostia sariak ?

Egia erran oraintxe ukan dugu eta ez dakit sobera zer ekar dezakeen sari honek guretzat. Erranen nuke argi bat dela, azpimarratzen du desmartxa bat, eta argi foko bat ezartzen du horren gain. Diru zama bat ekartzen du beste obra baten sortzeko eta fama emanen dio obrari, errekonozimendu bat bada baina neretzat pertsonalki, nire Egoarentzat, ez du ontasun berezirik ekartzen, ez baita hori nire helburuetan sartzen.

Zertan da antzerkia ipar Euskal Herrian ?

Bere gorabeherekin baina pentsatzen dut aski azkarra dela antzerkia iparraldean, beti izan da horrela. Antzerki amatoreak badu kalitate on bat, eta profesional mailan Euskal Herriaren egoeraren araberakoa da, erran nahi baita, euskal antzerkiak behar badu aitzinatu Euskal Herriak behar du aitzinatu. Euskal antzerki profesionala nahiko ahul da, egoera aski makal batean. Garai batez euskal militanteen eskuetan egon da, eta indar hori atxiki zaio, profesionalizazioarekin zerbait kulturala bezala bihurtu da eta hein batean euskal militantismoak bazterrera utzi du, hein batean, eta hein hori berreskuratu behar dela uste dut antzerkiaren osasuna hobea izan dadin.

Berriki, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna kari, Donostia Antzerki Saria banatu zenVictoria Eugenia antzokian. Luhuson bere egoitza duen Le Petit Theatre de Pain taldeak, Juglarea, puta eta eroa antzezlanagatik eraman du aurten saria eta, Ximun Fuchs-ek, protagonistak, jaso zuen ikusleen txalo zaparrada. Saria jaso duen lana Mariya Anevak zuzendu du, eta Ximun Fuchs du protagonista nagusia antzezlanak. Obra Dario Fok sortutako hiru bakarrizketa desberdinetan oinarriturik dago. Jatorrizko testuan, Fok hizkuntzaren hizkera desberdinak erabiltzen ditu eta, euskarazko bertsioan, euskalkiak baliatu ditu Fuchs-ek mezua pasatzeko

Motzean :

Antzezlan bat ?

Antton Lukuren azken pieza adibidez, Fausto Karrusa

Antzezle maitatu bat ?

Orokorrean badira andana, ez dakit zehazki nor erran, Jon-Quentin Chatelain suitzarra adibidez

Bizitza antzerkia da ?

Ez !

Antzerkitik bizi ala antzerkiarentzat bizi ?

Pixka bat biak

Nor da Ximun Fuchs bizitzan ?

35 urteko aita bat

Eta antzerkigintzan ?

Ehun mila aktoreren arteko aktore bat

Amets bat ?

Askatasuna

Fantasia ala errealitatea ?

Fantasia

Zinea eta antzerkian gauza bera dira ?

Bai. Gauza anitzetan gainera, ez soilik ekonomian, nolabait erraiteko antzerkia arruntagoa da, prehistorikoagoa

Juglarea, puta ala eroa ?

Hiruetatik pixkat

Manex Fuchs ... (Anaia)

Betiko laguna eta kriston aktorea

Jon GARMENDIA