RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
12/02/2009

Mintza

"Euskara eta Euskal Kulturaren komunitateak nazioarteko aitorpena lortuko dugu"

ELKARRIZKETA/ Iratxe Esnaola /PuntuEus Elkarteko koordinatzailea

Interneten «.EUS» domeinua lortzeko xede, PuntuEus elkartea sortu da. Espreski, 2008ko apirilean sortu zen ekimena. Alta, joan zen urtarrilaren 29an egin zuten aurkezpen ofiziala Bilbon. Euskarak eta Euskal Kulturak Interneten «ikur propioa» izatea lortu nahi dute. Horri begira, .EUS domeinua lortzeko buru-belarri lanean dihardute. PuntuEus elkarteko koordinatzailea den Iratxe Esnaolarekin mintzatu gira egitasmoari buruz xehetasun gehiago ukaiteko.

Iñaki Goirizelaia, EHUko errektorea eta Andoni Sagarna euskaltzaina ondoan zituela, Iratxe Esnaola informatikariak azaldu zuen, BilboKO aurkezpenean, .EUS domeinua eskuratzeko abian jarri duten kanpainak.

Nola sortu zen .EUS domeinua lortzeko egitasmoa? Zeintzu izan diren aurkezpena publikora heldu aurretik eman dituzuen urrats nagusiak?

.CAT domeinuaren onarpena izan zen egitasmo honen abiapuntua, honen onarpenarekin, domeinuak hizkuntza eta kultura komunitate tipien Interneteko ikusgarritasuna ahalbidetzen duten tresnak bilakatu baitziren. Hortik sortu zen proiektua eta aurkezpen egunera arte PuntuEus Elkartea sortu, lanerako jendea bildu eta .CAT-ek markatutako bidea sakon ezagutzea izan dira gure lehentasunak.

Lehen unetik aipatu da .CAT erreferentzia gisa. Zeintzu diren esperientzia horren ikasgaiak eta zer berezitasun propioak ditu .EUS domenuaren aldeko kanpaina? Kataluniaz aparte, Euskal Herriko egoerarekin antzekotasuna duen beste herrialderik aipa dezakezu?

.CAT-ekoek aholku handi bat eman ziguten hasieratik: pazientzi eta lana. Gure kasuan, badakigu bidea zein den, eta pixkana urratsak ematea da gure betebeharra. .CAT-ekin alderatuz, .EUS doeminuak komunitate tipiago bati erantzuten dio, beste hizkuntza komunitate bati, beste hizkuntza bati, beste egoera bati. Bestalde, .EUS-ez gain, .GAL [ galiziera ], .BZH [ bretoiera ] eta .CYM [ galesa edo kynbruera ] domeinuak ere eskatuko dira. Komunitate bakoitzak bere ezaugarriak ditu baina guztiek Interneten mundu mailako ikusgarritasuna lortzea dugu helburu.

Zuen poza agertu duzue herritarrengandik jaso duzuen erantzunagatik. Lehenengo as

tean 18.000 atxikimendu inguru, benetan xifra potoloa da.

Bai, babes itzela jaso du egitasmoak. Halere, atxikimendu kopuruaz haratago, jendearen parte-hartze aktiboak poztu gaitu. Proiektu motibatzailea da eta atxikimenduetan agerian gelditu da. Halere, atxikimendu bilketarekin jarraitzea ezinbestekoa da, eskaria aurkezten dugunean kontutan hartuko delako.

Erakundeen aldetik babes jarrera bera somatu al duzue?

Instituzioek jarrera positiboa erakutsi dute hasieratik. Aurkezpen publikoaren aurretik mantendu genituen kontaktuetan, harrera oso ona jaso genuen. Proiektu integratzailea da, zentzu guztietan.

Zuen kanpainak hartu duen irudia guziz positiboa da. Euskara eta euskal kulturaren ikusgarritasuna interneten handitzea xede baitu abiatu duzuen ekimenak. Alta, .EUS aurkako kanpainarik espero al duzue?

Egia erran, ez dugu kontrako kanpainarik espero. Euskara eta euskal kulturaren sustapenerako tresna bat gehiago izango da eta ez dugu honen kontrako jarrerarik sortuko denik espero.

Euskal Herritik kanpo sostenguak lortzea interesagarria ikusten al duzue?

Interesgarria baino gehiago, ezinbestekoa da. .EUS domeinuak ez du distantzia geografikorik ezagutzen. Euskararen eta euskal kulturaren komunitatea munduan zehar barreiatua dago eta Interneten bitartez, hemengook eta hangoek osatzen dugun komunitate osoari izena ematea da egitasmo honen helburua.

Interneteko domeinuen banaketaz arduratzen den erakundearengan konfidantza osoa al duzue?

Eskaria ICANN erakundeari aurkeztu behar diogu eta bera da prozesua eta epeak zehazten dituena. Epeetan atzerapen handiak egon dira azken urtebetean, eta orain ere berdin gerta daiteke. Gainontzean, ez da arazorik egongo.

Laburbildurik zeintzu dira zehatz mehatz domeinua eskuratzeko bete beharreko baldintzak? Zenbat denbora aurreikesten duzue domeinua lortzeko?

.EUS domeinua lortzeko eman behar ditugun urratsak argiak dira: PuntuEus Elkartea sortu eta zabaldu, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen izenean domeinuaren eskaria aurkeztu dezan; komunitatearen babesa adierazteko, ahalik eta atxikimendu gehien lortu; ICANN erakundeak galdera zerrenda bat argitaratuko du [ maiatzean, aurreikusten da ] eta lau hilabete izango ditugu erantzuteko. Galdera zerrenda horrekin, komunitatearen babesa, bideragarritasun teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa erakutsi behar ditugu. Lau hilabetetara, eskariarekin batera, eskariaren ebaluazio prozesua ordaintzeko diru kopuru bat eman beharko dugu, baina honek ez du baiezkoa bermatzen. Urtebete berantago, gutti gorabehera, emaitza jakingo dugu.

Behin domeinua eskuratura nola kudeatzen da .EUS?

.EUS domeinua, komunitate baten domeinua denez, behin onartzen denean, komunitatea bera da domeinuaren kudeaketa, kontrol eta administrazioaren arduraduna. Horretarako, PuntuEus Fundazioa sortuko da eta bera izango da hori guztia eramanen duena.

Praktikotasunari begira, .eus domeinua eskuratu ondoren zeintzu dira interneteko erabiltzaileak atxemanen dituen onura nagusiak? Ordaindu beharko da erabilpenagatik?

.EUS domeinua lortzen badugu, Euskararen eta Euskal Kulturaren komunitateak nazioarteko aitorpena lortuko du. .EUS domeinuaren azpian egongo diren domeinuak, komunitate horren baitan kokatuko dira eta euskararen Interneteko presentzia areagotuko da, bide batez, jada existitzen den komunitatea bera indartu egingo delarik. Eta noski, gainontzeko domeinu guztiekin bezalaxe, erregistroa ordaingu egin beharko da.

Bistan da internetek ahalbidatzen duela, nolabait, mugak gainditzea. Alta, Iparraldean .eus kanpainiari buruz oso informazio gutti pasatu da. Nola hedatu kanpainaren oihartzuna euskara presente dagoen lurralde guzietara?

PuntuEus Elkartean, Iparraldeko ordezkariak hasieratik egon dira. Ezinbestekoa da euskara, ofiziala ez izan arren, presente dagoen eremu guztietako babesa lortzea eta hori da Euskal Konfederazioa abiapuntutik presente egotearen arrazoi nagusia. .EUS domeinuak ez dio lurralde geografiko bati erantzuten. Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitateari ikur bat ezarriko dio, eta komunitate hori existitzen den eremu guztietara zabaldu behar da egitasmo honen berri. Internet bidez eta bestelako ekimenekin, komunitatearen xoko guztietara iristea lortu behar dugu, halabeharrez.

Maite UBIRIA