RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Portada > Mintza
28/01/2009

Mintza

AnHitz, zientzia-aditu euskaldun... birtuala

Mintza

Imajina ezazu, edozein unetan, behar duzunean, zientzia- eta teknologia-gaiei buruzko galderei erantzuteko gai den aditu bat duzula zure ondoan. Bada, joan den astean ospatu zen Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astean, aditu hori ezagutzeko aukera izan zuten Donostiako eta Bilboko zientzia-karpetan izan ziren bisitariek.

Zientzia-aditu horrek AnHitz izena du, eta, bi zientzia-karpa horietan ez ezik, joan zen astean Bilbon egin zen hizketaren teknologiei buruzko kongresuan ere aurkeztu zuten. AnHitz pertsona birtual bat da; zehazki, emakumezko-itxura du, eta zientziari edo teknologiari buruzko galderak erantzuteko gaitasuna du, euskaraz.

AnHitz oso abegikorra da, eta, lehenik, erabiltzailearekin harremanetan jartzen da. Izena galdetzen dio, eta haren ahotsa ezagutzen du. Jarraian, aukera ematen dio galdera jakin bat egiteko edo gako-hitzen bidez informazioa bilatzeko. Erabiltzaileak zer nahi duen adierazten dionean, AnHitzek informazioa bilatzen du Interneteko zientzia eta teknologiako hainbat datu-basetan. Erantzuna topatu orduko, berriz, hitzez jakinarazten du.

Horrez gain, erantzuna zer testutatik atera duen ere erakusten du, idatziz. Eta testu horien izenburua ere irakurtzen du, hala eskatuz gero, euskaraz edo jatorrizko hizkuntzan. Izan ere, informazioa hiru hizkuntzatan bilatzen du: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Gero, euskarazkoak bere horretan erakusten ditu, gaztelaniazkoak euskarara itzultzen ditu, eta ingelesezkoak jatorrizko hizkuntzan ematen ditu. Gainera, testuen izenburuan klik eginez gero, haien jatorrizko web gunera bideratzen du erabiltzailea.

Hori guztia lortzeko, beharrezkoa da teknologia bat baino gehiago uztartzea. Hala, Euskal Herriko bost eragile aritu dira elkarlanean: Elhuyar Fundazioaren I+G unitatea, EHUren Ixa eta Aholab taldeak, eta VICOMTech eta Robotiker zentro teknologikoak.

Bakoitzak berea, eta denek elkarrekin

Bostak 2006an hasi ziren lanean, pertsonak eta gailuak elkarrekin komunikatzeko behar diren hizkuntza-teknologiak garatzeko eta ezagutzak modu naturalean kudeatzeko helburuarekin. Helburu orokor horretara iristeko, eragile bakoitza alderdi batean edo bestean aritu da lanean.

Esate baterako, pantailan agertzen den emakumezko-itxurako pertsonaia birtuala VICOMTechek garatu du. Aipatzekoa da hiru dimentsiokoa dela, eta emozioak adieraz ditzakeela. Pertsona errealaren antza izateak komunikazioa errazten du, eta Donostiako zientzia-karpan, behintzat, hori frogatzeko aukera izan zuten Elhuyar Fundazioaren standean zeuden kideek: bisitari batek baino gehiagok galdetu zion Elhuyarkoari pantailan zegoena bera ote zen. Alegia, ez zioten robot-itxura hartzen AnHitzi, baizik eta hezur-haragizko pertsonarena.

EHUko Aholab taldeak eta Robotiker-Tecnalia ikerketa-zentroak, berriz, ahotsaren ezagutzan eta sintesian trebatu dute. Horri esker, AnHitz gai da euskalkiak eta hitzak ahoskatzeko hainbat aldaera ezagutzeko, eta berak euskara batuan hitz egiten du. Bestalde, galderei erantzuteko sistema eta Interneteko dokumentuak euskarara modu automatikoan itzultzeko gaitasuna EHUko IXA taldeari zor dizkio. Azkenik, dokumentu eleaniztunak bilatzeko abilezia Elhuyar Fundazioaren I+G taldeak egindako lanaren ondorioa da.

 
Proiektuaren helburu nagusiak

Jakintza eta Informazioaren Gizartean, gero eta garrantzi handiagoa du eleaniztasunak. Eta hizkuntza-teknologiek zeresan handia dute horretarako erabili behar diren tresnen garapenean.

Horrelako tresnak, dena den, ingelesez funtzionatzeko daude eginak batez ere; gainerako hizkuntza-komunitateek -txikiek, batez ere- ahalegin berezia egin behar dute horretara iristeko. Euskarak, kasu.

Bestalde, pertsonen eta makinen arteko komunikazioa hizkuntza naturalean izateaz gain, modu intuitibo eta atseginean egitea da xedea. Desafio zientifiko-teknologiko handia da hori lortzea, lengoaiaren alderdi guztiak integratzea eskatzen baitu horrek: ahotsa, testua eta irudia.

Desafio horri ekiteko sortua da AnHitz proiektua, helburu honekin: euskarazko hizkuntza-teknologietan ikerketa eta garapena sustatzea, pertsonen eta gailuen arteko interakzioa eta jakintzaren kudeaketa naturala, intuitiboa eta atsegina izan dadin.