RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
28/01/2009

Mintza

Autodeterminazioa aldarri, Euskal Herritik

Igor URRUTIKOETXEA eta Oier IMAZ

Atzo hasi den Amazoniako Belem do Para hirian Munduko Jendarte Foroan esku hartuko dute Igor Urrutikoetxea LAB sindikatuko nazioarteko idazkariak eta Oier Imaz Herriak Aske sareko kideak. Aurtengo ekitaldiak euskaldunontzat dituen berrikuntzarik garrantzitsuenak aipatzen dituzte testu honetan, maletak egin aurretik.

Munduko Jendarte Foroaren (MJF) aurtengo edizioa Brasilera bueltatu da, baina ez Porto Alegrera, aurten Amazonian ospatuko da. Belem do Para hiriak balio sinbolikoa du; ikuspegi ekologikotik, Amazonasera sartzeko atea baita, eta hein horretan, mundu indigena eta Lularen Brasil konektatzen dituen hiria. Hala ere, argi dago Brasilen egiteak baduela etxeko ziurtasuna bilatzen duen zantzua.

Foroak bultzatzen duen prozesuak zortzi urte betetzen ditu. Tarte honetan, Brasildik atera, eta Afrika edota Asian ospatu dira topaketok. Foroaren prozedura mundu osora zabaltzea da helburua. Eta egia esan pauso garrantzitsuak eman dira, bereziki Afrika iparraldean eta Asian. Baina, emandako urratsek prozesuaren ezintasunak ere agerian utzi dituzte.

Azken Foroa Nairobin ospatu zen 2007an. Foroaren prozedurari buruzko iritzi ezberdintasunak azaleratu ziren bertan. Alde batean aurki genitzake, Chico Whitakerren modura, foroa espazio gisa ulertzen dutenak; eta beste aldean, Walden Bellorekin batera, foroak agenda politiko bat definitu eta praktika eraginkorrera urratsak eman behar dituela pentsatzen dutenak. Gu bigarren iritzi honetatik gertuago gaude.

Amazoniara bueltatzeak badu herriekiko begirunea erdigunean kokatzeko helburua. Amazoniako indigenen problematika izango da ardatz nagusia aurtengo MJFn. Horretaz gain, luzaroan entzungor egin izan zaien herrien aldarrikapenak foroan bilduko diren lehen aldia izango da aurtengoa. Ildo horretan, garrantzi berezia du Euskal Herriaren ikuspuntutik ere, behingoz, autodeterminazio eskubidearen, herri subiranotasunaren auzia, foroaren prozedurari egozten zaizkion hamar helburuen arteko bat izango delako.

Nazioarteko komunitatean onarpen ofizialik ez dugun hainbat herrietako eragileek mahai gainean aspaldi jarritakoa da eskari hori. Pauso handia da, beraz, foroaren helburu eta eztabaiden artean autodeterminazioaren auzia lehentasunen artean kokatzea. Erabaki hori bi aldetik da garrantzitsua:

Alde batetik, sasi diskurtsoak agerian uzteko erabilgarria da. Euskal Herrian etengabe entzuten dugu, XXI. mendeko mundu globalizatuan burujabetzaren gaineko eztabaida ez dela ezinbestekoa. XIX. mendeko ikuskerari loturiko anakronismoan bizi garela esaten digute. Baina, Eskozia, Osetia, Ipar Irlanda eta Montenegroko kasuek, besteak beste, eztabaida honen gaurkotasuna erakutsi digute, eta badirudi MJFk ordezkatzen duen prozedurak ere eztabaidaren balioa ulertu duela. Autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena ezinbestekoa dela onartzeaz gain, lehentasunezko eztabaiden artean kokatu da lehen aldiz.

Bestetik, pedagogia politikorako aukera ezin hobea da. Hegoamerikan, berez, autodeterminazio eskubidearen irudi sinbolikoa Boliviako Santa Kruzeko oligarkei lotzen zaie. Euskal Herria, Palestina, Kurdistan, Tamil Herria; herrien ordezkaritzok prozesu bolivartarrari sostengua adierazteko aukera paregabea izango dugu Belemen. Eta bide batez, ahots propioz munduko egoeraren aurrean eta Hegoamerikako prozesuaren aurrean jarrera hartzeko aukera izango dugu.

Euskal Herritik ere geure ekarpena egingo dugu, «Herrien eskubideen karpan» era aktiboan parte hartuz. Besteak beste, nazio eraikuntzan eraldaketa sozialak duen berebiziko garrantzia azpimarratuko dugu, errepresioaren salaketa Brasilera eramango dugu, eta internazionalismoaren balioaren aldarria zabalduko dugu. Finean, herri burujabetza oinarri duen nazioarteko ordenaren aldarria izango da gure ahotsa. Beraz, karpa honek foroaren prozeduran nazio eta herriek bizi dugun ukazioa de facto gainditzeko berebiziko garrantzia izango duela espero dugu, nork bere ahotsa mundura zabaltzeko agertoki ezin hobea delako.

Honetaz gain, Munduko Federazio Sindikalak (MFS-FSM) antolatutako tailerretan ere parte hartuko du LAB sindikatuak. Egungo kapitalismoaren krisia eta eredu energetikoa, besteak beste, izango dira aztergai tailer horietan.

Baina Munduko Jendarte Foroa hamaika borroka eta borrokalariren elkargune ere izango da. Lula Da Silvak, Chavezek, Ortegak eta Moralesek ere parte hartuko dutela iragarri dute. Kubatarrak ere handik ibiliko dira. Ehunka erakunde eta milaka ekintzaile bilduko gara bertan esperientziak trukatzeko eta besteen borrokatik ikasteko. Eta, foroaren ezaugarri nagusietariko bat hori bada ere, ezin uka daiteke, arestian aipatu bezala, jendarte foroen baliagarritasun praktikoaren gaineko eztabaida ere aspalditik dagoela mahai gainean.

Malmön ospaturiko Europako Jendarte Foroak, prozeduraren mugak agerian utzi zituen. Argiak eta itzalak espazio horren definizioari loturik ageri dira. Mugimenduen mugimendua askotariko espazioa da. Haren baitan biltzen dira globalizazio neoliberalaren aurkako mugimenduak, ezkerraren «familia» guztiak, beste globalizazio baten alde daudenak, kolore guztietako gobernuz kanpoko erakundeak... Hori izan da abiapuntuan mugimendu honen ezaugarri nagusia: haren baitan biltzen zirenek ez zioten ezkerraren egitura klasikoari erantzuten. Hori batzuek funtsean ontzat daukate. Guk deskribapenerako termino egokitzat hartzen dugu.

Ukaezina da, ordea, Foroak erreferente berri bat irudikatu duela, eta ezkerrak egun ez dituela erreferentziak soberan. Urteekin, baina, bertuteak bihurtu zaizkio muga nagusia. Espazio hain zabalak adostasunerako espazio gutxi uzten du. Kontsentsuaren prozedurak beto eskubidea oso erabilgarri egiten du. Horiek horrela, sektore sozial demokratek pisua hartu dute, eta mugimenduaren oihua oihartzun bihurtuz joan da. Ariketa ez da erraza. Oso tradizio eta eskema ideologiko ezberdinak biltzen dira mugimendu honen baitan. Baina ariketa interesgarria da oso. Eta beharrezkoa.

Zailtasunak zailtasun eta zalantzak zalantza, argi dago Belem-en ere, beste ehunka herriren artean, Euskal Herria presente egongo dela. Estatu espainiar eta frantsesak gure Herriari buruz zabaltzen duten desitxuraketa ikusita, horrek berez badu izugarrizko balio kualitatiboa. Jendarte Foroa bozgorailu egokia da gure Herriaren errealitatea azaleratzeko.

Euskal Herritik ezker ikuspuntua egongo da bertan; geure Herriaren eskubideen aitortzaren aldeko borroka beharrizan sozial bati ere lotzen zaiola azalduko diogu munduari. Euskal Herria eta beste edozein herri ezkerretik eraiki ahal izateko autodeterminazio eskubidea ezinbesteko dela ohartu behar du ezkerrak munduan.

Lula presidenteak Belem aukeratu du, Davos baztertuta

Mundu osoa astintzen ari den krisi ekonomikoak gizendu egin du MJF Munduko Jendarte Foroa. Aldi berean, Suitzako Davosen urtero egiten den Munduko Foro Ekonomikoa argaldu egin du krisiak, eta aurreko ekitaldietan Suitzan elkartzen ziren agintari eta multinazionaletako kideekin egotea aukeratu izan badu ere Lula Brasileko presidenteak, aurten Belemen izango da, azken orduko aldaketarik ez bada behintzat. Krisi ekonomikoak agerian utzi du kapitalismoa ez dela aurrera begira daukagun irteera bakarra, ezta onena ere. Era berean, jendarte foroetan margotzen den beste mundu horrek ez dirudi orain hain utopikoa. Are gehiago, «beharrezkoagoa» dela esaten du ezkerreko begirale askok.

Candido Grzybowski MJFko antolatzaileak jakinarazi duenez, «krisiaren izaerari buruzko» eztabaida eragin du kapitalismoak bizi duen egoerak. Haren iritziz, Lulak aurten Belemera joango dela iragarri izanak adierazten du orain arteko indar korrelazioa aldatu egin dela. 2007ko urtarrilean Brasileko presidente ezkertiarra Davosera joan zen, Nairobin egin zen Jendarte Foroari kasurik egin gabe. Garai hartan ez zegoen krisi ekonomikoaren arrastorik, oparotasunaren garaia baitzen: hazkunde ekonomiko ikaragarria munduko herrialde askotan, lehengaien salneurria goraka etengabe eta Brasilen atzerritik etorritako inbertsio ugari. MJFn eztabaidatzen ziren ideiek eta proposamenek beste planeta batekoak ziruditen. Orain, aldiz, kapitalismoak dituen mugak eta arazoak agerian geratu dira eta, batek baino gehiagok esaten duenez, beste mundu bat eraiki behar dela askoz ere garbiago ikusten da. Belemeko ekitalditik garapen proposamenen inguruko agenda garbi bat ateratzea nahi dute antolatzaileek, eta hori lortu ahal izateko eztabaidak antolatzeko modua ere aldatu egin dute.