RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
28/01/2009

Mintza

"Bizia errespeta dezagun, eko-biztanleak bilaka gaitezen"

Ekobizi erakustokiko erakusketarien hautua ekologiaren baloreen araberan egina izan delarik, 100 bat parte hartzaile eta 70 bat atelier ezberdin bilduko dira Baionako Ekobizi erakustokian urtarrilaren 30tik otsailaren 1arte.

Gaxuxa ARRANBIDE

Euskal Herriko eta hego landeetako bizi ekologikoaren lehen erakustokia urte hastapeneko gertakari nagusienetarikoa izanen da. Hala, 2009ko urtarrilaren 30tik otsailaren 1era Baionako Elkarteen Etxean Ekobizi saloina iraganen da. Vent d'Idées Landesetako soziedadeak antolaturik, "Bizia errespeta dezagun, eko-biztanleak bilaka gaitezen" leloarekin, 100 bat ekoizle eta 70 bat atelier ezberdin gurutzatzen ahalko dira lehen edizio honetan. Ekobizi saloina herritarrak sensibilizatzeko, informatzeko eta desberdinki kontsumitzen edota bizitzen ikasteko antolaturik da, funtsean natura errespetatzearekin batera eko-biztanleak bilaka gaitezen.

Ekimena pedagogikoa izatearen helburuz, mota guzitako atelierrak antolatuko dituzte, inguramena, garapen jasangarria, elikadura biologikoa, energia berriztagarriak, eko-etxea, osasuna/ongi izatea, aisialdi berdea eta beste motako gaiak deskubritzeko edo hobeki ezagutzeko aukera eskainiko dutelarik. Orotara 100az gora erakusketari izanen dira Baionan, Ekobizi erakustokiko erakusketarien hautua ekologiaren baloreen araberan egina izan delarik.

«Hobeki bizitzeko, ezberdinki kontsumitzeko, Eko-hiritarra bilakatzeko bizia hobeki errespetatzeko erakustokia da Ekobizi. Gure lurraldea historikoki lotua zaio naturari, erakustoki honek beraz bere lekua dauka dudarik gabe Baionan»esplikatzen du Vent d'Idées antolatzailearen kideak. «Hala, bertan gurutzatuko dituzuen parte hartzaileak ingurumenaren babesa, garapen jasangarria, mozkinen kalitate biologikoa, jendarte eta giza etika mozkinen ekoizpenan eta merkaturatzean ekologiaren baloreen arabera hautatuak izan dira»zehazten du.

Etxeko airea sanoago batekin bizitza hobeago baten eramateko etxebizitza ekologiko eta ekoproduktoak deskubritzen ahalko dira bertan. Opari edota joko ekologikoak aurkeztuko dituzten artisanoak gurutzatzen ahalko dira. Merkatu handietan atxematen ez diren Bio ekoizpenen mozkinak jastatu eta erosi ahalko dira ere. Edo gure gorputzak zaintzeko produkto edota medikazio biologikoak deskubritzeko parada izanen da. Funtsean, eskaintza zabala izanen da, denetarik aurki daitekeena eta eskaintza ainitzak harrituko gaituena guztiori.

Hautaketa batzordean parte hartuko dute ADEME, B.L.E, Pirinio Atlantikoko Kontseilu Orokorra, Bil Ta Garbi Pirinio Atlantikoko hondakinen tratamendu Sindikata Ainitza eta beste hainbat partaide ere.

Errobiko lantegiaren Sindikata Ainitza, Surfrider Foundation, Nature eta Découvertes edo Crédit Coopératif bankua bezalako beste partaide batzu elkarkideak izan dira, ekoizle ttipiak, elkarteak eta beste eragile ttipiak lehen erakustoki honetan parte hartzen lagundu dutelarik ere.

70 mintzaldi eta ihardunaldi pedagogikoekin nonbait han, ikusliarrek profesionalak ezagutuko dituzte tailer ezberdinen bidez hiru egunez esplikatzen du antolatzaileak. Harrentzat atelier bereziak antolatu dituzte ere, biharko gizartea eko-biztanleez osatu dadin parioa bete asmoz. Lehen egunean, ostiralarekin, denek erakustokia bisitatzeko aukera ukanen badute ere, ateler bereziak antolatuz, eskoletako haurrak errezibituko dituzte lan pedagogikoa burutzeko. Jadanik 200 bat haur errezibituko dituztenaren konfirmazioa ukan dutela diote antolatzaileek. Hondakinen bereizketaren garrantzia Bil Ta Garbirekin deskubrituko dutelarik, Uraren zikloa Lyonnaise des Eaux-rekin, ekologia-hiritartasuna eta kutsazaileen bizi-zikloa uran Surfrider Foundation-ekin ezagutzen ahalko dute.

Ekologiaren erakustokikari Bil Ta Garbik marrazki lehiaketa antolatu izan du ikastetxeetan azaro eta abendu horietan «Natura ederrago baten alde, zure zikin-untziaren hondakinak birzikla itzazu»printzipioan oinarriturik. 2009ko urtarrilaren 30an erakustokira sariaren jasotzera gomita ukanen du marrazki ederrena egin duen gela irabazleak.

Ekobizi erakustokia bisitatzea naturaren zaintzeko zuen lehen keinua dela esplikatzen du antolatzaileak. Hala, 2009ko Ekobizi erakustokian sartzeko pagatuko den txartel bakoitzeko Surfrider Foundation Europe Elkarteari 0.50 ? itzuliko diote antolatzaileek.

Antolakuntza militantea dela gaineratzen du. Erakustoki hori energi eta lehengai gutti xahutzen duen bizimodu sanoagoa, orekatuagoa eta ez kutsagarria sustatzeko helburuarekin antolatua izanik, antolakuntzak berak bide hortarik aritzea hitzemaiten du. «lehen edizio horren ingurumen-inpaktuaren ikerketa eginen dugu, datozen urteetako oinarritzat hartuko duguna. Oraiko moketa birziklaezinak baztertuak izanen dira, hondakinen bereizketa eginen, auto-partekatzea eta pirripiten erabilpena sustatuko ditugu. Gure partaidea den GL Events-i esker, PEFC izaiazko trenkadak erabiliko ditugu, kontsumo ttipiko lanpak, eta abar...»zehazten du Vent d'Idées soziedadeak.

Ekologiaren zentzua BLE elkartearen ikuspegitik

Vent d'Idées soziedadeak antolatzen duen lehen edizio honetan BLE elkarteak parte hartuko du. Zortzi laborarik beren mozkinak proposatuko dituzte ikusleeri eta hiru irizpideren gainean abiaturik mintzaldi edota eztabaida pare bat eramanen dute, hau da ekoizpen biologikoa, lekuko produktoak eta sasoien errespetuan kontsumitzearen irizpideak abiapuntu harturik.

Parte hartze horrekin beste jende zabal baten sensibilizazioa lortzea espero dute. Izan ere, Irungo erakustokian parte hartzearekin eta Asunak elkartearekin urtean zehar merkatuetan egoten direlarik, ohiko pertsonak gurutzatzen dituzte, nahiz ekimen hauek gero eta arrakasta handia hartzen duten. "Lehen aldia da Baionan gisa bereko ekimen bat antolatzen dela eta Landesetako edota Tolosako (Frantziako Midi Pyrennées departamendua) eragile ekologikoak Euskal Herrira etortzen direla bizi alternatibo baten eramateko eskaintza hemengo hiritarreri zabalduz" esplikatzen du Thomas Erguyr BLE-ko kideak. Hala, "Partaideen aldetik dagoen ainiztasun horrek eta Baionan antolatua izateak parada biziki aproposa eskaintzen du gure mezu eta irizpideak jendarteratzeko ohi gurutzatzen ez dugun jendeari" segitzen du Erguyrek.

Laborantza izanik haien arloa, ekoizpen biologikoaren garrantzia edo bio kontsumitzearen garrantzia azpimarratzea baino gehiago, laborantzan aritzeko edota kontsumitzeko manera alternatiboak proprosatuko dituzte. "Guretzat, dagokigun arloan mintzatuz, eko-biztanle izatea biologikoa jatea baino gehiago da. Lekuko mozkinekin eta sasoiek eskaintzen dituzten produktoekin elikatzearen irizpidea plazaratuko dugu" dio BLE-ko kideak.

Elikadura biologikoa ukaitearen garrantzia gizarte zabal batek barneratua duela uste du Erguyerek, izan ere, ekoizpen mota hunen galde gero eta handiagoa bada eskoletako kantinetan edo kontsumitzaileen artean. Eskaintza aldiz urria bilakatzen ari da, beraz galdeari erantzun nahi bada, gaur egungo laborantza politika berrikusi behar dela sinesten du Erguyerek. Lurraldea eta ekoizpenaren artean oreka sortzearen beharra azpimarraturik, "lurralde bakoitza ekoizpen berezitu baten politika batean eraman nahi delarik, bio dibertsitateari kalte egiten zaiola ez da kontutan harturik" azaltzen du kideak.

Laborantzan aritzeko beste manera bat proposatzen dute. Ekoizpenen motak zabalduz, lurraren fertilitatea aberasteaz gain, garraioetan xahutzen den energia irabazteak badu bere garrantzia ere BLE elkartearen ustez. Horretan azpimarratzen dute lekuko produktoekin elikatzearen irizpidearekin.

Elikatzeko beste ohiturak hartu behar direla ere konbentzitua da Erguyer. Energi eta ur asko galdegiten duen aragia guttiago kontsumitu behar genuke eta sasoien erritmoa segitzen ikasi ere" azaltzen du kideak.

Dena dela, natura errespetatzearekin batera eko-biztanleak bilakatzeko, hein handi batean hautu politikoen esku dela uste du Erguyerek. "Hautu politiko egokiak hartzea ezinbestekoa da naturaren errespetuz bizi gaitezen" argitzen du BLE-ko kideak. Hala, adibide esanguratsuak eman ditu adierazpen honen ongi kausitzeko. Izan ere, adibidez, agro-karbonoa garatzearen hautua askorentzat soluzio gisa aurkeztua bada ere, hautua gauzatzeko maneran hausnartu behar dela esplikatu du. "Adibidez, Hasiako herrialdeetan Palmezko olioa ekoizteko lur eremu alimalekoak herritar eta nekazarieri ebatsiak izaten dira intentsiboki ekoizteko, lurraldea ekoizpen mota honetara berezituz. Manera hortan, lurraldearen bio dibertsitatea suntsitzen, lurraren fertilitatea ahultzen eta herritarreri janaria kentzen da. Gainera, laborantza intentsibo hau ez da biologikoa eta gure lurralde aberetsetara ekarriak izateko garraioan xahutzen den energia kontutan hartzen bada, kutsadura tasa eta xahututako energiaren aldetik ez da aldaketarik egoten" esplikatzen du Erguyerek.

Bestetik, ekologiari zinezko zentzua emanen dion alternatiba politikoa proposatuz, bere arloan ez bada ere, etxeko hondakinen gaur egungo politikaren adibidea eman du, beste bizi eredu bat posible denaz konbentzitua izanez. "Etxe bakoitzean etxeko ondakinak birziklatzen baditugu ere, arazoa ez da errotik hartua. Industriek produktoen azal edo estalgien kopurua bezala gaia aldatu ezkero, ondakin guttiago izan genituzke eta ber maneran energi guttiago xahutuko ginuke" argitzen du Erguyerek. Hala, arlo guzietan arazoak errotik hartu eta hautu politikoak zentzuzkoak izatearen garrantzia azpimarratzen du.

Kontsumitzaileek hartzen dituzten hautuekin aldaketa politikoa eragin daitekela usterik, Ekobizi erakustokian bizi ekologista baten eramateko alternatibak proposatuko dituzte beste behin ere. Gizartean konzientzia pizteko etengabeko lana izanik, bertan parte hartzearen plazerra erakutsi du, parte hartzaileen hautua ekologiaren baloreen araberako selekzio batetan egina izanik eta Baionara joanez jendarte zabal eta ainitzago baten sensibilizatzeko aukera ederra izanik.