RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
28/01/2009

Mintza

Montevideoko hotel batean barnetegia egiten ari dira diasporako 45 irakasle

Joxean AGIRRE

Mila bat ikasle ari dira uneotan euskara ikasten euskal diasporan. Horiei klaseak ematen edo emateko prestatzen ari diren 45 irakasle bildu dira bi asteotan Montevideoko hotel batean. Jon Urdangarin da Maizpidetik Euskara Munduan ekimeneko on line ikastaroak zuzentzen dituena. Montevideotik kontatu dizkigu xehetasunak.

Montevideon 20 gradu egiten zituen asteazken arratsaldean eta Euskara Munduan programako barnetegian parte hartzen ari diren batzuk Pocitos hondartzatik etorri berri ziren berriro lanari ekiteko. Euskal diasporan euskara ikasten ari direnen irakasleak zeuden barnetegian, 45 lagun, gazteak gehienak. Tartean 50 urtetik gorakoren bat ere bazen.

«Ni neu etortzen naizen laugarren aldia da, baina programa lehenagotik dago martxan. Orain arteko barnetegi guztiak Argentinan egin ditugu eta aurten bildu gira lehenbizikoz Uruguain», kontatu zigun telefonoz bestaldetik Jon Urdangarin Maizpideko irakasleak.

Guztira, 45 ikasle dira, hiru taldetan banatuta. Talde bat 2004an hasitakoa da eta zazpigarren urratsean daude. Beste bi taldeak iaz hasi ziren eta lehen mailan daude oraindik.

«Nik daramadan programari lehen Argentinan Euskaraz deitzen zitzaion eta orain, berriz, Munduan Euskaraz. Lehendik antolatzen ziren barnetegiak. Irakasleak trebatzeko programan apuntatzen direnak gero bakoitzak bere herrian edo eskualdean klaseak emateko konpromisoa hartzen du. HABEk eta Euskal Etxeen Federazioak ordaintzen diete barnetegia, baina erran dugun baldintza horrekin», jarraitu zuen Jon Urdangarinek.

Argentina eta Uruguai dira ekimenean parte hartzen duten herrialde nagusiak. Jon Urdangarinekin batera, FEVAk (Federación de Entidades Vasco-Argentinas) irakasle bat jarri du eta Uruguaiko FIVUk (Federación de Instituciones Vascas de Uruguay) beste hiru. Azken hauetako bi EGAren jabe dira. Baina badira beste herrialde batzutatik joan direnak ere; hala nola, Mexikotik, Brasildik, Txiletik, Perutik edo Kolonbiatik.

«Hurbilekoak edo urrutikoak, gehienek dituzte arbaso euskaldunak. Arbasorik ez duenak ere euskal jatorriko norbait du inguruan: senarra, emaztea...», jarraitu zuen Jon Urdangarinek.

Euskara ikasten sarean

2004an hasi zen Argentinan Euskaraz programa HABEk prestatu zuen Ikasbil plataforma erabiliz; artean ikasle askok ez zuen ordenagailurik etxean. «Askok ziberkafeetara joan behar izaten zuten gure ikasgaiaren berri jakin eta zer lan egin behar zuten ikusteko. Hemen ziberkafe asko daude. Geroztik asko hobetu dugu plataforma eta gaur lanerako aukera askoz gehiago ematen dizkigu», erran zigun Jonek.

Euskararen autoikaskuntza normalean bakarkako jarduera izaten da, baina Maizpidek bideratzen duen Internet bidezko ikastaroetan talde giroa sortzen saiatzen dira. «Gu geuk sortzen dugu materiala Maizpiden eta astero sarean jartzen dugu ikasgai bat. Beren inguruarekin zerikusia duten lanak jartzen dizkiegu. Ohiturazko tzen lantzen dugularik, esate baterako, joaten gira, ekartzen dugu alegia, beren herriko ohiturei buruz idazteko eskatzen diegu. Blog bat ere badugu, «Nazioarteko euskaldunak» izenarekin, hasi berriek egiten dute. Bada beste bat,» Gu euskaldunak gira... Argentinakoak', maila hobea dutenena, eta hor ere beren lanak jartzen dituzte», jarraitu zuen Jon Urdangarinek kontatzen. Horrek ez du erran nahi irakaslearekin harremanik ez dutenik. «Gehienek tutore bat dute laguntzeko eta nik neuk ere skype bidez hitz egiten dut ikasleekin. Zaila da oraindik, baina saiatzen gira elkarrekin ere harremana izan dezaten», nabarmendu zigun Urdangarinek.

Barnetegiekin 1990ean hasi ziren. Udako oporretan egiten zituzten hasieran barnetegiak. Argentinan batzuetan eta Euskal Herrian ere bai tarteka. «Belaunaldi dezente atera dira, beraz, programa honetatik. Gaur egun programan 800 bat ikasle ari dira Argentinako Euskal Etxeetan euskara ikasten. Montevideoko bi Euskal Etxeetan, Haize Hegoan eta Euskal Herrian, eta unibertsitatean beste 80 bat badira. Guztira, euskal diasporan milatik gora dira euskara ikasten ari direnak», erran zuen Jonek.

Irakasle honek urteak daramatza lan honetan eta harrituta jarraitzen du kanpoko euskaldunek egiten duten ahaleginarekin. «Lehen urtean harritzen zaituzte gehien. Gehien harritzen ninduena hain baliabide gutxirekin ere nola aurrera egiten zuenikustea zen. Erran dudan bezala, askok ez zuten ordenagailurik ere etxean eta ikasi egiten zuten. CD batean grabatu, etxera eraman eta lanak egiten zituzten. Horietako batzuek kilometro piloa egiten zuten euskarazko klaseak emateko. Gogoratzen naiz batek 100 kilometro egiten zituela. Hori harrigarria da eta harrigarria da baita zein emaitza lortzen dituzten. Gaur bazkaritan Peruko neska bat nuen ondoan eta bakar-bakarrik ari da euskara ikasten, nik ematen diodan laguntzarekin bakarrik», erran zuen. «Badago barnetegian emakume bat Mendozan klaseak ematen hasi zena. Euskara ikastea asko kostatzen zaio eta ikasleen artean oso azkarrak diren bi aurkitu zituen; haiek jarri zituen klaseak ematen. Hala, bera ikasle bihurtu zen», erantsi zuen.

Bi asteko barnetegia

Joan den astelehenean hasi zuten barnetegia eta datorren aste hondarrean bukatuko dute. «Hotel batean gaude, hiriburuko Pocitos Plaza hotelean. Izan ere, Euskal Etxeak oso ttipiak dira. 9.00etatik 13.00etara egiten ditugu klaseak. Bazkalondoan tartetxo bat uzten dugu siesta egin edo hondartzara joateko. Río de la Plata ibaian Pocitos hondartza dago eta hara joaten dira, gero arratsaldean berriro lanean hasteko. Gehienetan Euskal Etxeetan egin ditugu barnetegiak eta horrek ere baditu abantailak, afalondoan kantuan aritzeko, esate baterako», kontatu zigun Jonek. Kontuan izan Jon Urdangarin Drindots taldeko kantaria ere izan zela.