RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
28/01/2009

Mintza

PETTARA ETA BASABURUA

Jakes LAFFITE

Mauleko etxe aberats batean lana atxeman zuten bi neska zuberotarrek. Gehexana Basaburukoa eta Eztitxu Pettarakoa. Mauleko legegizon aberats ta ospetsu baten etxean neskame gisan lan egiten zuten: Gehexanak sukaldean eta Eztitxuk etxeko garbiketan. Zuberoko bi muturretakoak izanik, haien herrialde izenez ezagutzen eta deitzen zituzten Mauletarrek, baita etxekoek ere: Basaburu eta Pettara. Elhande Xoburu legegizona aspalditik alarguna zen. Haren emaztearen heriotza gaineztu ondoren, bizimodu goxoan eta lanean iragaiten zuen bere denbora. Danetariko lanak egiten zituen: ondorengoen eztabaideri jalgipen bat eman; ezkontzeke geratu ziren eta elkarrekin bizi ziren ahaideen arteko liskarrrak konpondu; enkanteak zuzendu eta kudeatu , baita buhume eta agoteen aldeztea ere, XVIII-garren mendean oso arrunta ez zena. Neskakoi zelako zurrumurrua zabaltzen zuten Mauleko murtxurdin mihigaintxardunek eta elizkoiek. Baina okelezko bekatuan ari zela ez zuen nihork lekuan eta gune bertan « in fraganti «harrapatu ahal izan. Ez zen oraindik gizon makala, eta berrogoi urte iragan arren, neska eta emakume askoren begirada on eta lizunak bereganatzen zituen. Neska gazte eta politak ziren Basaburu eta Pettarekiko haren jarrera ez omen zen oso zintzoa ere, bainan nork zekien benetan haren etxe zabalean gertatzen zenaz? Ongi jan eta edan bazituen ere gogoko etxean zein ostatuan. Besta egunetan koblakari bikaina zenik ez zuen nihork ukatzen. Etxean bazkaltzen zuelarik, Pettara eta Basaburua bazituen alboan zutik. Sukaldetik jakiak eramaten zituen Basaburuak eta zerbitzari lana egiten zuen Pettarak. Baina besteak bezalakoa ez zen izan egun hori: lukainka , porru salada eta baso ardo bat hartu ondoren, lokartu zuen Elhande Xoburuk. Basaburuak ekarritako oilaskoa hasten zela hozten, kexu agertu zen Pettara..

-«Zer eginen dinagu oilasko hotza ez zeion gustatzen eta ?» hasi zen Pettara.

-"Berotuko zionagu bada, badakinat hori ontsa egiten; ez kexa» erantzun zion Basaburuak.

-«Haizan! Jaki beroturik ez zaiola gustatzen orhoit hadi. Zigortuko hau hala jokatzen badun".

-"Asmo hoberikan badun erran iezadan beraz!" erantzun zion Basaburuak erdi haserraturik. Pentsakor gertatu zen unetxo batez Basaburua, oilaskoa gero ta hotzagoa bihurtzen ari zelarik.

Minutu bat iragan ondoren, mintzatzeari berriz ekin zion:

-«Oso sinple : janen dinagu eta kitto!"

-"Hori den asmo bikaina eta gero zer?" Galdatu zuen Pettarak

-«Ikusiko dinagu biok gose gaitun eta horri irtenbide bat eman behar zeion»

Eseri ziren eta bost minuturen barnean hezurretaraino garbitu zuten oilaskoa. Hezurrez betetako azpila, etxeko jaunaren aurrean ezarri zuen Pettarak ixil ixilka, hura zurrunka ari zelarik. Bi neskameak zutik geratu ziren gizonaren aldean, deus-ez gertatu ez bailitzan. Bitartean marrusta ba azpilatxo bat ekarri zuen Pettarak bazkalondo gisan. Supitoki iratzarri zen etxeko jauna bi neskameen aurpegietan kezka latza irakur zitekeelarik.

-«Zer gertatu zait, bada?" zioen Elhande Xoburuk jatzartzean.

-"Jan duzu eta gero lokartu duzu jauna» Erran zion Pettarak lasai.

-"Jan dutala??? ... Ez naiz orhoitzen"

-"Baietz jauna" azpimarratu zuen Pettarak begira itzazu pozik jan duzun oilaskoaren hezurrak. "Bainan azkarregi eta gehiegi jan duzulako, logurea berehala sartu zaitzu. Eta momentu batean beldurtu nintzela aitortu behar dizut jauna , nik uste bainuen hain beste jan ondoren konortea galtzear zinaudela. Zure zainetatik odol apur bat ateratzeko medikua deitzeko prest nintzen. Bainan aurpegia gorritu ez zintzaitzula ikusirik lasaitu nintzen eta nekatua zinela ulertu nuen. Bainan egiazko beldurra eman didazula errepikatzen dizut. Gehiegi lan egiten duzu jauna et hor ez ta batere ona zure adinean".

Hainbeste gezur galantak entzunik lotsak mututurik gelditzen zen Basaburu.

-«Eskerrik asko Pettara" erantzun zion legegizonak. «Nire neskamea izateaz gainera, zu zira nere gaixozaina. Zer eginen nuke zu gabe? Bainan aitortu behar dut oraindik gose naizela".

-"Gehiegi lan egiten duzulako jauna, bainan hobe litzateke lehen bailehen medikua deitzea eta honek zure osasun egoera ikertu ondoren gehiago ja dezakezunik erabakiko du".

-"Zer mediku madarikatu hori. Ezetz mesedez, haren aurpegi triste ikusirik Herioa datorkit nere burura. Gogobeltza emanten dit nere salara datorrelarik. Haren tresnak nire gorputzeren gainean erabiltzen dituela, torturatzen ari nauela iruditzen zait. Odola ateratzen didalarik ahulago sentitzen naiz eta batzuetan konortea galtzen dut".

Orduan adi nezazu jauna erran zion Pettarak. "Joan zaite parkera itzulitxo baten egitera Hori ongi etorriko zaitzu zure gorputzarentzat. Eta nik bitartean atzo bildu nituen onddo beltzetatik eta gaur goizeko arraultze freskuetatik omeleta goxo bat prestatuko dizugu. Zure ibilalditxo bat egin ondoren zerbitzuko dizugu sagardo fresku bat. Eta Debruara bihola maite ez duzun mediku hori."

-"Horixe da bizimodu ederra. Biba zu Pettara". pozik azaldu zen Elhande Xoburu..