RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
20/11/2008

Mintza

OKUPAZIO BULEGOA Etxebizitza eskubidea bermatu arte, eskura dagoen borrokarako tresna

Bilboko okupazio mugimenduak bultzaturik, Okupazio Bulegoa martxan ezarri da Bilbon.

Rebeka Parras

Okupazioa, azkenaldian gero eta indar handiagoz entzuten den hitza da. Horren arrazoiak ugariak dira: etxebizitza eskubidea aldarrikatzea, desberdintasun ekonomikoak salatzea, espekulazioaren aitzinean pareta bat finkatzea, instituzioek bideratutako politiken eraginkortasunik eza ikusaraztea...

Horiek horrela, Bilboko okupazio mugimenduaren barnean, etxebizitzarekin zerikusia duten hainbat arlo lantzeko eta lan hori bideratzeko talde bat sortu zela azaldu du Hibai Castrok, Bilboko Okupazio Bulegoko kideak.

Orain dela hilabete inguru, Bilboko Ekoetxean ideki zuten ofizialki bulegoa eta, oraingoz, oso harrera ona duela adierazi du Iñaki Carrok, ekimeneko kideetako batek. Ostiral arratsaldetan, 18:00etatik 21:00etara Pilota karrikan elkartzen dira. Zazpi pertsonez osatutako lan talde bat da, eta, lege eta zuzenbide aholkularitza eskaintzen dute.

«Alde batetik, kontsultak bildu eta bestetik, zerotik hasten direnentzako, edota okupatzeko gogoa dutenentzako gutieneko informazioa ematen entsaiatzen gira» adierazi du Hibaik. Etxe okupatuen arteko harreman sare bat eratu nahi dute ere. «Oraingoz, sarearen helburua etxe okupatuen artean harremana edukitzea eta erantzun bateratuak ematea da. Norbait botatzen badute, beste etxe batean jasotzeko edo beste okupazio batekin erantzuteko prest egotea...» erraten du.

Eztabaidarako garaia

Bilboko Okupazio Bulegoko kideek, etxebizitza eskubidea errespetatzen ez den bitartean aukera, tresna eta alternatiba zilegitzat joko dute okupazioa. Izan ere, gazteek emandako datuen arabera, soilik Bilboaldean, 16.000 etxe huts daude eta beraz, kideen idurikotz, horren gainean egin beharko litzateke eztabaida. «Hemengo legediak, etxebizitza eskubide gisa tipifikatzen du, eta aldi berean, gobernu eta instituzioek espekulazioaren aurka borrokatu behar dutela dio. Baina, hemen, juxtu kontrakoa gertatzen da; erakunde publikoek bultzatutako proiektuetan espekulazioa zilegi da» ondorioztatu du Iñakik.

Europako beste herrialde batzuetan, legeak etxebizitza bat hutsik atxikitzea zigortzen duela adierazi dute bi kideek. «Alemanian adibidez, gobernuak etxebizitza hutsak desjabetu ditzake; Holandan, etxebizitza bat urtebetez baino gehiago hutsik egon, eta norbaitek okupatzen badu, hor ez da deliturik. Jabeak berreskuratu nahiko balu, eskubide osoa luke, etxebizitza horri erabilpen bat (alokairua, edo bizitzeko) emanen diola ziurtatuz gero» azaltzen jarraitu du Iñakik. Euskal Autonomi Erkidegoan, Javier Madrazo Etxebizitza sailburuak iduri bereko lege bat iragarri zuen. Bertan, etxea hutsik den egun bakoitzeko 9 euroko kanona ezarri nahi zutela argitu dute; baina azkenean, bere horretan gelditu zela-eta, kritikatu dute.

Egoerari aurre egiteko, okupatzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute. Gainera, okupazioa gazteen kontua dela irudikatzen duen estereotipoa ezabatu nahi dute. Egungo lan munduak eta ekonomiak duten egoera ikusita, pertsona ugari kaltetuko direla uste dute eta beraz, pertsona horiek alternatibak bilatu beharrean izanen dira.

Hori dela-eta, denborarekin, okupa bakarrak gazteak direla dioen estereotipoa hautsi eta pertsona helduen tresna bihurtuko dela ere uste dute kideek.

«Izugarrizko alokairu edo hipotekak... horrek gure bizitzan nola baldintzatzen gaituen onartezina da», baieztatu du Hibaik. «Krisialdi honen bidez argi ikusten da etxebizitzak balio izan duela diru publikoa sakela pribatuetara bideratzeko, eta, hori, Madrazok eta Bizigunek egiten dute. Guk denek jarritako dirua sakela pribatutara doa. Gaur egungo aberatsek, nola lortu dute hainbeste aberastea? Eztabaida hau ezagutzera eman behar dela uste dugu», gehitu du Iñakik

Okupatzeko prozedura

Okupazio bat egitean segitu beharreko pausoak eta ekintza horrek ekar ditzakeen ondorioak azaltzen dituzte, Bilboko okupazio mugimendu eta bulegoak argitaratutako Okupazio Gidan. Bulegoko kideek azaldutakoaren arabera, etxearen hautaketa da lehen pausoa, eta garrantzitsuena. Etxearen egoera, teilatua, lurra... kontuan hartu beharreko lehenengo puntuak dira. Halaber, bizilagunak, argindarra eta ura, berrikuntza lanak... gauzatzeko manera, husteko agindu baten aitzinean bertan gelditzeko posibilitate gehiago ematen dizkizu. Okupazio Gidan jakitera eman dituzte bai aholku horiek, bai ondorio penalak. «Garrantzitsuena, etxearen hautaketa bera da. Etxearen baldintzak nolakoak diren, horren arabera, etxearen okupazioa arrakastatsua izateko aukera gehiago egonen da», azaldu du Iñakik. «Ondoren, etxearen egoera begiratu behar da; legez norena den, benetan abandonatuta dagoen ala ez, jabeak hemen dauden edo kanpoan bizi diren...» esan du.

Prozesu horrek ekar dezakeen ondorio latzenaz galdetu, eta berarentzako latzena, egun batetik bestera kale gorrian gelditzea dela adierazi du Iñakik. Halere, uste dute garrantzi handia duela okupazioa bera gauzatzeko manerak. Izan ere, Kode Penalak ez du okupazioa delitutzat jotzen; usurpazioa aldiz, bai. «Delitua, ondasun juridiko bat kaltetzen duzunean gertatzen dela aldarrikatzen dugu; baina, ondasuna ez badago kaltetuta...», aditzera eman du Hibaik.

Halere, arazo juridikoak dituzten lagunei bulegora joateko deia egin diete. «Guk bulegoan aholkularitza juridikoa ematen dugu, eta horretaz gain, lau edo bost abokaturekin ere hitz egin dugu eta epaiketak aurrera eramateko prest agertu dira, helburutzat hartuz zigorrik ez egotea» azaldu du Iñakik.

Bilboko okupazio mugimenduko kideak pozik agertu dira bulegoak orain arte izandako harrerarekin. Azaldu dutenez, hedabide ugaritatik deitu zieten hasieran, eta gehienek, jarrera baikorra agertu zutela adierazi dute. «Alde batetik, guk uste dugu hedabide batzuetan atera diren elkarrizketengatik, nahiko harrera ona izan duela; jendea, bulegora etorri da animoak ematera eta guzti!» erran du Iñakik, pozik. «Jendeak» segitu du, «gaur egungo egoera ikusita zilegi ikusten du okupazioa. Bestetik, Hibaik erran duen bezala, zenbat etxe badira okupatuak Bilbon? Ez dakigu, lehen erran dugunez, bide bakartia delako. Ez bazira talde edo sareren batean bakarrik zira. Okupazio Bulegoa idekiko zela jendartean hedatu zenetik, jende andana hasi da etortzen, galdetzen...», erranez bukatu du Iñakik.