L'opinion - Azken hitza
Publikatu.com iragarki sarearekin aurkeztu du bere burua Arraytxiki Web Laborategiak
07/11/2008
(Sustatu.com)
Gaur aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Arraytxiki Web Laborategia izeneko egitasmo berria eta bertatik jaiotako Publikatu.com iragarki zerbitzua. Laborategiko arduradun Gorka Juliok eta Haritz Rodriguezek eman dituzte azalpenak prentsaurrekoan.
Lehenengoaren hitzetan, Arraytxiki Web Laborategia orain arte pertsona ezberdinek interneten, eta nagusiki euskaraz, sortu dituzten web aplikazioen bilgune izateko bokazioarekin jaio da. Izan ere, Juliok eta Rodriguezek hainbat webgune ezagun sareratu dituzte azken urteotan, besteak beste, bideoak partekatzeko Euskaltube.com, lastermarkak gordetzeko Bildu.net, euskarazko albisteak bilatzeko Zerberri.com baita Txioka.net izeneko sare soziala.
Bada , aurrerantzean, egitasmo horien guztien garapena eta mantentzea bere gain hartuko du Arraytxiki Web Laborategiak, eta hemendik aurrera sortuko diren proiektu berriak ere laborategi horren baitan garatuko dituzte elkarlanean. Gainera, laborategitik irtetzen diren egitasmoen arteko trakzioa indartzea ere du helburu, haien erabilpena sustatuz.
Laborategiak, bestalde, parte hartzeko tresnak ere jarriko ditu behar dituenaren eskura. Arraytxiki.com izeneko webgunean esperientziak eta jakituria partekatzeaz gain, «egitasmo hau ostatu hartuta dagoen zerbitzarian badago beste batzuentzako tokia ere, eta toki hori jendeak esperimentuak egin ditzan erabiltzea nahi dugu», esan du Juliok. Akuariuma izeneko atalaren bitartez, Arraytxiki Web Laborategiak webgune berrien sorkuntza sustatu nahi du eta, horretarako, laborategian jasotako ideiak aztertu ondoren doako ostalaritza eskainiko zaie egitasmoak garatu nahi dituzten norbanako edo elkarteei, inolako konpromisorik gabe.
Gorka Juliok adierazi duenaren arabera, hala ere, Arraytxiki Web Laborategiak mundu birtualean ez ezik mundu fisikoan ere indartu nahi du pertsona berritzaileen arteko harremana. Helburu horrekin antolatuko dituzte hilabetero Blogs&Beers bilkuren atzerakoa izan nahi duten Fish&Txips topaketak.





