RSS
Index > Edition papier > L'opinion

L'opinion - Tribune Libre

Optimista gara

04/11/2008

Yves Matxikote/EHEko kidea

Hitz ordu berri bat jarria dugu: Abenduaren 13a, Bilboko BEC-en. Jauzi berri bat ematera dator, euskalgintza. Gogotsu eta energia positiboz beterik, iniziatiba berritua aurkeztu eta engaiamendu handiagoak hartzeko proposamena luzatuko du. Izan ere, kasik denok konziente gira euskararen egoera kaxkarraz. Eta honen aitzinean euskararen alde ari diren eragile ezberdinek egin duten ekarpena ukaezina da. Alta horrek, arduradun politikoen eta administrazioaren erantzukizun eskasa agerian uzten du.

Bai, horrela da. Inkesta sozio-linguistikoaren datuen argitaratzetik eratorri zaigun soka luzeko iritzi artikuluetan, batzuk, zoin optimista eta zoin pesimistagoa den bilatzen ibili dira. Hemen ere bi polo arrunt kontrajarriak erakutsi nahi ziren, hau da, podere publikoak daraman politika eredugarriaren babesle optimista, eta betiko kexati, eta gerorik ekartzen ez duen pentsaera pesimista.

Ez dakigu banaketa horren interesak nundik datozen, bainan bai badakigu optimista ez dela inozoa izatea, ez eta iritzi kritikorik ez izatea. Izan ere, hastapenean genion bezala, garai honetan euskalgintzak salto bat irudikatu nahi du. Ohartu baita, euskararen aldekotasunak bere garrantzia baldin badu ere, euskarak engaiamendu konkretuagoak behar dituela. Bai Euskarari tik, Euskaraz BAI egitera pasa gaitezen. Inkesta soziolinguitikoaren datuak ikusirik, Euskara Bulego Publikotik bideratzen den hizkuntza politika ikusirik eta egunero entzuten eta bizi ditugun egoerek, egoeraren larritasuna erakusten dute, guri, optimista garenoi. Kezkatzen gara, irratietan elkarrizketaturiko ikastoletako haurrek, orotara ikasleen %10 baino guttiago direnak, orduan euskarazko telebista bakarra zena begiratzen ez zutela entzutean, euskaraz fiteegi mintzo zirelako eta euskara ezberdina zutelako argudiaturik.

Frustraturik geratzen gara, euskal literatura, eta hizkuntzarekin edota Euskal Herriarekin hertsiki lotuak ez diren arte liburuak, komikiak, gida liburuak eta abarrak euskaraz ez atxematean...

Urduri jartzen gara, egunero-egunero parean ukanen ditugun zerbitzu emale, saltzaile edota lagunari mintzatzeko unean, badakigulako, kasu gehienetan martekoak garela sentiaraziko digutela euskaraz hasiz gero...

Sutan jartzen gara eskola publiko batean, imertzio ereduaren lehen urratsak eman-eta, eta gurasoen gogo eta babes osoa izanik, administrazio frantsesak dena bertan behera uzten duela ikustean.

Egoera horien denei esker bederen, Hizkuntza Eskubideen Behatokiari lana ematen diot. Euskaraz bizi nahi bainan ezin dugulako.

Pisua da, euskaraz bizitzeko gogoa duenarentzat, Euskal Herrian bertan bizitzea ere. Zenbatek dute horren bizipen latza?

Ez dakigu. Ez gatoz hemen ikasgaia ematera. Bainan egoera ona dela sinestarazi nahi digutenek erra sortzen digute. Kalkulu matematiko hutsetan ibiltzen direnak, ingurunea bezalako hainbat faktore kontutan hartu gabe aitzina goazela saldu nahi digutenak, Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko 1.000 urtetik hurbil beharko ditugula lasaitasunez eta normaltasunez harrazi nahi digutenak kemen eta gogo gehiago ematen digute errebeldatzeko.

Errebeldatzeko garaia baita, gure hizkuntza hiltzen digute bitartean dantzan ibiltzea nahi duten arren!

Azaroan sartuak gira, lehen astea. Aurten, urtero gisan, Euskal Herrian Euskarazek Ezabaketa Astea deitu du. Aste hontan beraz, azaroaren 3tik 8a bitartean, bainan haratago ere noski, gure hizkuntza eta nortasuna ukatzen diguten seinaleak ezabatuko ditugu, eta gure hizkuntza baztertzen eta zanpatzen dutenak salatuko ere. Optimista gara bai, borrokan sinisten dugulako.

Borrokatzen dugun bitartean, egoera aldatzeko aukera dugulako!

Animatu eta pegatinaz, giltza mekanikoz edota espraiaz euskara defendatu!

Ezabaketa astean parte hartu!

inprimatu