RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Culture

Maddalen Arzallus hendaiarrak gora atxiki du maila

p012_02_bertso.jpg

21/10/2008

 

Goizeder Taberna

Aitzinetik erran zitekeen Sustrai Colina saioaren neurrian arituko zela. Maddalen Arzallus gazteak maila bera emanen zuela, aldiz, ez zen hain argi. Eta hala izan da. Arzallus gazteenak Colinarekin berdinketa batean bukatu zuen, 336,5 punturekin. Joan den larunbatean Donibane-Garaziko Vauban gela kasik bete batean, sei bertsulari gazte lehiatu dira, ipar Euskal Herriko lehen Bertsulari Txapelketa idekitzeko.

Afera tristea da Sutrai Colinarena. Berak umorez kantatu duen gisara, lehen familiako bat zen eta orain bestea. Maddalenek, berriz, desafioa bota dio, “finalean berdina gertatu ezkero” txanpaina idekiko zuela erranez bukatu baitu saioa. Eta hala gerta daiteke, biek irabazi baitute finalerako txartela.

Kristiñe Txoperenak beste santza bat izanen du Urdiñarberako txartela irabazi baitu, hirugarren tokia kausituz, 327 punturekin. Gibeletik heldu dira Xumai Murua 308 punturekin, Gillen Iribarren 287,5 punturekin eta Xan Alkat 270,5 punturekin.

Bakoitzak bere aldian
Denbora pixka bat behar izan dute lehiakideek giroan sartzeko, baina borobila izan da lehen saio horren emaitza, bakoitzak bere aldian erakutsi duelako maila egokia. Xumai Murua, adibidez, kartzelako gaian agertu da erosoen eta, gaiak eskatzen duen bezala, beti besteei gertatzen zaiela pentsatzen dugun gauzen artean lana galtzearena aipatu du. Xan Alkatek ere agur xume baina polit batekin bukatu du saioa.

Irria ezpainetara
Gillen Iribarren eta Sustrai Kolinaren arteko hartu-emanak irri bat baino gehiago ekarri du ezpainetarat. Gillen-ek etxe bat erosi dio “viage” delakoan Sustrairi. Azken honek bere 90 urtean ospatzeko gomitatzen du Gillen. “Xiria ufatzean eman azken hatsa” kantatuz eman dio hitza gazteak zaharrari. Honek “intentzio txarrak ikusi dizkuzut, badaezpare nere partez ufatu zazu zuk”, erantzun dio.

Kristiñe Txoperena ongi moldatu da Gillenekin eskaini dituen bertsuetan. Senarrak (Gillen) emazteari (Kristiñe) zurrunka ez egiteko pastillak ekarri dizkionean, lotarako pastillak erostera igorri du Kristiñek.

Arzallusen eta Colinaren artekoak pare bat bertsu adierazgarri ekarri ditu, nahiz eta Maddalenek poto egin duen. Hau ekarri du hartu emanak :

“Bob Marleyen jarrita
daukazu arreta
ezin du meza eman
porroak erreta.”

Baina Maddalen Arzallusek kartzelako gaiarekin lortu du larunbateko marka. Publikoa hunkitu duen bertsu honekin :

“Beti urrun ikusten da
heriotzaren min hori
Norbait galtzen dugunean
geratzen gara hilzori
Ez nuen asko espero
orain aste bat edo bi
orain inguruan ditut
gorpu meta eta hilobi
udazkena iritsi da,
udazken gris bezain ori
gure etxean ez dira
hostoak soilik erori” (bis)

inprimatu