Mintza
Hezkuntza proiektua favelan
Ez dago trapeziora igotzea bezalakorik, mundua beste era batera ikusteko
Brasileko hiri handietako pertsonarik pobreenak biltzen dituzten favelatan, zirkuaren ezaugarriak dituzten eskolak ari dira lanean, bertako haur eta gaztetxoei itxaropen apur bat emateko asmoz
Buruz behera jarrita, akuilu-makuiluen gainean, malabarismoak egiten edo orekari postura harrigarrian eutsi nahian aritzen dira. Zirkuak bizitzaren metafora dirudi batzuetan. Ala bizia da zirkuaren metafora ?
Latinoamerikako herrialde honetako gobernuz kanpoko erakunde batek, gaztetxoak delinkuentzia eta indarkeriaren bidetik urruntzeko tresna bihurtu nahi du zirkuaren magia. Rio de Janeiroko Herriko Etxeak duen lursail batean kokatu dute zirkua, nehork erabiltzen ez zuen Praca Onzen. Inguruetan, etxeak : txikiak, erosotasunik gabeak, zikinak, bata bestearen gainean eraikitakoak... favela. Lau masta eta, 768 metro karratutan, hondarra. Crecer e Viver erakundeak bertan garatzen du bere proiektua.
Junior Perim da koordinatzailea. Zazpi eta hogeita lau urte bitarteko ume eta gazteen trebetasun fisikoak eta, batez ere, sozialak garatzeko, zirkuko tresnak erabiltzen ditu. «Zirku soziala» deitzen dio Perimek berak : «Pedagogia tresna eta hezkuntza elementu moduan erabiltzen dugu zirkua, garapen pertsonalerako eta gazteen sormena eta subjektibitatea eraikitzeko ezin hobea baita».
Gizenegi, baina trapezioan
Dijefferson da Silva da zirkuko trapezistarik onena. Onenetakoa bederen. Gaur egun zirkua hartzen duen lursailean aparkaleku bat egon zen garaian, berak autoak garbitzen zituen txanpon batzuen truke. Oso bizitza gogo-rra izan du, beti arriskuan. Gizenegi dagoen arren, oso dotore ibiltzen da beti. Baina zirku eskolatan ez zuten hartu nahi. Kilo gehiegi. Praca Onzen ez dute baztertu, ordea, eta orain trebetasunez ibiltzen da trapezioan, eta besteek ez duten graziarekin erortzen da sarera trapezioa punturik garaienean dagoenean. Erronka, gaindituta : «Zirkuko artista bat naiz -erran du, harro-harro-. Izugarrizko jauzia izan zen nire bizitzan autoak garbitzeari utzi eta hona etortzea.
Trapezioak beste ikuspuntu bat eskaintzen die gazteei. Gaztea saguzarrak bezala buruz behera jartzen denean, Perimek zera erraten dio : «Begira, mundua beste era batera ikustea posible da. Orain alda dezakezu mundua».
Ikuspuntu berria
Koordinatzaileak nabarmentzen du trapezioak eskaintzen duen ikuspuntu berria bezain garran-tzitsua dela gobernuz kanpoko erakundea egiten ari den kultur proiektua. Perimen esperientziak erakusten duenez, ume eta gazte horiek neholako itxaropenik gabe, ilusiorik gabe, bizi dira txiki-txikitatik. Jaiotzen direnetik, gatazka eta indarkeria besterik ez dute ikusi euren ingurunean, krimenak, legez kontrako drogen salerosketa, arazoz betetako familiak... desberdintasun sozialak dituen Brasilen. Diru guztia gutxi batzuek pilatzen duten herrialdean.
Perimek berak badaki beti gatazka giroan bizitzea zer den. Haurtzaroan oilaskoak hiltzen zituen hozkailu batean, bera bizirik atera ahal izateko. Egoera horretatik irteteko aukerak emanen dizkien «erronkak» proposa-tzen dizkie ikasleei, eta horixe da zirkua, erronka horiek onartu eta gainditzeko eremua. Anitzetan hari-harian ibili beharra izaten dute artistek, eguneroko bizitzan bezala.
Koordinatzailearen ikasle izan diren batzuek arrakasta lortu dute zirkuaren munduan, nazioarteko konpainia handienen olanen azpian edo Zirku Eskola Nazionalean. Beste batzuk antzerki edo dantza konpainiatan ari dira lanean, Perimekin pilatutako esperientziari esker. Ikasleek errespetua, talde baten partaide sentitzea, ikasketek izan dezaketen garrantzia, gauza anitz jakiteko duten balioa... barneratzea da erakundeak lortu nahi duena.
Ikuskizunak ez du etenik, eta ikasketak ere ez. Sarrerak oso merkeak dira. Parte-hartzaileei zertxobait ordaintzen zaie. Nork esku hartu behar duen erabakitzeko ere, irizpide sozialak teknikoak edo artistikoak baino garrantzitsuagoak izaten dira. Emanaldia ixten duen ikuskizunean eskolara egunero joaten direnek dute lehentasuna, proposatutako ekintzatan gehien parte hartu dutenek, eta besteekin bakean egoten dakitenek, nahiz eta beste batzuk baino baldarragoak izan.





