RSS

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
09/10/2008

Mintza

Piztu Gasteiz !!

Hala Bedi Arabako irrati libreak 25 urte bete ditu. Gasteizko gaztetxeak, 20. Zer ospatua bazutela-eta, elkartu eta urtemuga batera ospatzea erabaki dute. Zergatik ? Badutelako elkartzen dituen tasun garrantzitsu bat : autogestioa eta asanblada. Festa handia urriaren 11n izanen da

Amagoia Mujika

Urriaren 11 egun handia izanen da Gasteizen. «Txorionak» izeneko kanpainaren amaiera jarriko du festa handi batek. Eta, egia erran, Gasteizen badute zer ospatua 2008 honetan.

Hala Bedi Arabako irrati librea 1983ko abuztuaren 4an sortu zen Gasteizen eta 25 urteko bidea egin du komunikatzeko modu desberdin baten alde lanean. Gasteizko Gaztetxea, berriz, 1988ko San Prudentzio bezperan emandako ostiko batekin sortu zen eta aurten bete ditu bere 20 urteak. Hartara, baten 25 urteak eta bestearen 20 urteak merezi duten bezala ospatzeko jarri zuten martxan Txorionak. «Ospatzeko eta garen bezalakoak izaten jarraitu nahi dugula aldarrikatzeko antolatu dugu jaia», zehaztu du Gaztetxeko kide Erlantz Andak.

«Piztu Gasteiz, okupa tu lugar». Lelo horixe jarri diote urriaren 11ko festari. «Herri-mugimenduaren aldeko aldarria da, garbi dugulako bakoitzak bere tokia bete behar duela herri-mugimenduaren baitan. Denak gara beha-rrezkoak», jarraitu du Andak.

Baina, zergatik ospatu elkarrekin bi urtemuga horiek ? «Elkar-tzen gaituena hartu dugu kontuan. Bi kolektibo oso desberdin diren arren -bata komunikabide bat da eta, bestea, gazte asanblada bat- biek asanblada eta autogestioaren bidez funtzionatzen dute». Eta, hain justu, elkarrekin martxan jarritako ekimenaren helburua horixe da : funtzionamendurako asanblada eta autogestioa aldarrikatzea. «Hala Bedi eta Gaztetxea modu horretan funtziona daitekeela adierazten duten adibide garbiak dira», gaineratu du Andak. «Instituzioen diru-lagun-tzen menpe egon beharrean, guk geuk sortu ditugu geure beharrak asetzeko tresnak, nehork baldin-tzatu gabe».

Asanbladan eta autogestioan taldeak adina garrantzia du norbanakoak. «Garbi dugu pertsona bakoitzak duela zer eskaini. Bakoitzak iritzi bat du eta iritzi horrek alboan duenaren iritziak adina balio du. Bakoitzaren iritzi horri esker, bakoitzaren lan horri esker, egin ahal izan dute aurrera autogestioak eta asanbladak».

Guztientzako festa

Hori guztia ospatzeko eta aldarrikatzeko, hitzordu garrantzitsua jarria dute datorren larunbatean Gasteizen. Bospasei gune desberdinetan banatuta, adin eta gustu guztiak kontentatzeko moduko jaia antolatu dute. Gaztetxea, Komunikazio gunea, haurrentzako txokoa, Herri mugimenduaren gunea (Aihotz Plazan), kontzertuak (Landatxon) eta pilota partidak eta sokatira, Auzolana pilotalekuan, besteren artean.

«Garrantzia handia eman nahi diogu Aihotz plazako herri-mugimenduaren gune horri. Hala Bedi eta Gaztetxea herri-mugimenduari esker bizi izan dira, eta, alderantziz. Izan ere, herri-mugimenduak eskura izan dituen tresnak izan dira, hitza eman diete beste tokietan hitzik izaten ez dutenei».

Egun osoan eskaintza zabala izanen da. Amparo Lasherasek eta Juan Ibarrondok «Memorias del barrio» hitzaldia eskainiko dute. Egun osoan zanpantzarrak, batukada, dantza garaikidea, txistulariak, buruhandiak eta erraldoiak, zirku ibiltaria, kale antzerkia eta txalapartariak arituko dira, besteak beste. Herri bazkaria, bertsolariak, irrati tailerra eta halakoak ere ez dira faltako. Haurrentzat, futbolin erraldoia, rokodromoa, puzgarriak, pailazoak, Kukubiltxoren emanaldia eta herri-jolasak antolatu dituzte. Aihotz plazan, Anari, Joseba Tapia eta Morau ta agotak izango dira entzungai eguerdian. Arra-tsaldean, berriz, bertso sound system saio berezia. Eta Landatxon, sekulako kontzertua. Besteak beste, Deabruak Teilatuetan, Piztu Punka eta Doctor Deseo taldeak izango dira.

 
«Nahi genuena errateko eta musika egiten ongi pasatzeko plataforma izan da"

«Bidea nahiko zaila zuen gu bezalako talde batentzat sekulako lagun-tza eta babesa izan da Gasteizko Gaztetxea. Nahi genuena errateko eta musika egiten ondo pasatzeko plataforma izan da guretzat. Eta, gainera, behar genuen bultzada eman digu. Musikarentzat, oro har, oso positiboa izan da edozein taldek bere musika ezagutzera emateko toki bat izatea. Hasiera batean nahiko itxia bazen ere -bai musikari bai ideologiari dagokionez-, gaur egun anitzez irekiagoa eta parte-hartzaileagoa dela uste dut».

Horrela mintzo da Juan Acena, SA taldeko abeslaria, bera eta taldea hazten ikusi duen gaztetxearen gainean. Bere lehen kontzertua Gaztetxean eman zuen SA taldeak, 1988an, justu gaztetxea martxan jarri zen urtean. «Izugarrizko kontzertua izan zen, biziki basatia. Gogoan dut lagun batek hanka hautsi zuela agertokitik salto egin ondoren», gogoratu du. 1994 urtean, Soziedad Alkoholikak zuzeneko bideo bat grabatu zuen Gasteizko Gaztetxean. «Gure lehendabiziko zuzeneko bideoa zen eta ilusio handia sortu zuen proiektua izan zen. Ikaragarrizko lana egin genuen, ordu anitz sartu genuen baina, finean, hazten ikusi gintuen tokiari omenaldi txiki bat egitea bezalakoa izan zen».

Gaztetxeko kontzertuek xarma berezia dute. Horretan bat datoz musikari guztiak. «Etxean jokatzea bezala da. Lagunen eta ezagunen aurrean aritzea polita da, oso gertuko sentitzen dituzu eta oso identifikatuta sentitzen zara publikoarekin. Hala ere, zahar samarra ere sentitzen zara parean dituzun asko ezagutzen ez dituzula konturatzen zarenean. Orain gaztetxea kudeatzen dutenak ez baitira duela hogei urtekoak. Gainera, nahi gabe bertan emandako lehen kontzertu haiekin gogoratzen zara. Sentsazioa arrunt berezia da», jarraitu du.

Gaztetxeak beharrezkoak direla uste du Juan Acenak. «Pertsona bezala erabat alternatiboa den toki batean garatzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Zenbat eta alternatiba gehiago egon, hobeto».

«Gaztetxeetako zirkuitu horiek gabe, gu ez ginateke orain garena izango"

Mikel Kazalis Estigia taldearekin hasi zen 1985 urtean. «Thrash metal musika egiten genuen. Berezia zen garai hartan Euskal Herrian, punka eta heavya nagusi baitziren. Normalean talde punkekin edo heavyekin jotzen genuen eta 1988an, Gasteizko gaztetxea okupatu zuten urtean, kontzertu bat emateko aukera eskaini ziguten. `Gainera, hemen zuen estiloko talde bat dago' erran ziguten eta, behingoagatik, gure estiloko talde batekin joko genuela pentsatu genuen. Soziedad Alkoholika taldea zen, bere lehen kontzertua eskain-tzen. Pentsa gerora zertan bihurtu den SA taldea ! Hura izan zen Gasteizko Gaztetxean eman nuen lehen kontzertua, eta gerora nire talde guztiekin egon naiz bertan», kontatu du Mikel Kazalisek. 1988 urte hartan Estigia utzi eta Anestesian sortu zuen beste musikari batzuekin batera. Beraz, Gaztetxeak bezalaxe, Anestesiak ere 20 urte bete ditu aurten. Gasteizko Gaztetxeak oroitzapen ugari ekartzen dizkio. «Eskaini ditugun kontzertu guztiak bereziak izan dira, izugarrizko harrera izan dugu beti, nahiz eta giroa hotza izan. Badakizu nolakoak diren neguak Gasteizen !».

Musikari bezala gaztetxeetan hazi direla garbi du Kazalisek. «Gaztetxeek hazten ikusi gaituzte eta oraindik ere jarraitzen dugu gaztetxeetan jotzen. Oso garbi dut gaztetxeetako zirkuitu horiek gabe, gu ez ginatekeela orain garena izanen». Gaztetxeek garrantzia handia izan dutela eta oraindik ere badutela nabarmendu du zarauztarrak, «bai gu bezalako taldeek aurrera egin ahal izateko, eta baita gu bezalako entzuleei kanpoko talde oso interesgarriak ezagutzeko aukera eskaini digutelako». Musikariei ez ezik, bestelako diziplinetan aritzen direnei ere ate anitz zabaldu dizkiete gaztetxeek oro har, eta Gasteizkoak, bereziki. «Irrati libreekin batera, garai batean kultura alternatiboaren euskarri izan ziren gaztetxeak. Baita fantzineak ere».

Etorkizunean gaztetxeek zutik eta bizirik iraunen dutela uste du Kazalisek. «Erakundeen aldetik izugarrizko egurra jaso duten arren, asmatu dute aurrera egiten eta aurrerantzean ere jarraituko dutela uste dut».

«Nehoiz baino beharrezkoagoa da, beste tokietan kontatzen ez direnak kontatzeko"
 

Gaizka Amondarain Hala Bediko asanbladako kidea da eta “Celosamente gordea” irratsaioa egiten du Manex Agirrerekin batera. Aurretik “Arratsaldeko magazina” egiten aritu zen eta duela sei bat urte hasi zen Arabako irrati librean. Ia-ia Hala   Bedi irratiaren adina dauka Amondarainek berak.

Gasteiza unibertsitatera etorri ginenontzat erreferente garrantzitsuak ziren Hala Bedi eta Gaztetxea. Ikasle pisuan goiz eta arratsalde genuen Hala Bedi irratia jarrita eta, apurka-apurka, engantxatu eta gero eta etxekoago bihurtu zen irratia. Eta, azkenean, bertan bukatu dut”. Etxekoa, hurbilekoa eta freskoa. Horrela definitzen du Amondarainek Hala Bedi. “Euskadi Gaztean eskaintzen zenarekin identifikatua sentitzen ez nintzen moduan, Hala Bediren kasuan bai. Denagatik, bai musikatik bai elkarrizketengatik, bai edukiengatik...”.
Irrati librea da Hala Bedi, eta funtzionamenduan bertan igartzen da hori. Bere sorreratik asanblada irekien bidez funtzionatzen du irratiak, eta oraindik ere martxa bera jarraitzen du. “Astean behin izaten dira asanbladak. Nahi duen guztiak parte har dezake bertan eta asanblada horietan dena erabakitzen da ; arazo teknikoak, diru kontuak, programazioa... irratiaren nondik norako guztiak, nahiz eta gero badauden gai    zehatzagoen gaineko batzordeak”.
Astean ehun bat lagun pasatzen   dira Hala Bediko estudioetatik irratsaioak egiteko. “Gure helburua eguneroko lanerako eta asanbladatan parte hartzeko jende gehiago biltzea da. Hori gehiago kostatzen da, baina horretarako ari gara lanean, barne egiturak indartzen”. Denek egiten dute borondatezko lana, liberatu batek izan ezik. “Horretan eztabaida izan dugu, liberatu bat behar genuen edo ez. Baina, azken 10-15 urteotan irratia asko hazi da, munstro bat bihurtu da gure eskuetan eta, azkenean, beharrezko ikusi dugu pertsona bat kontratatzea. Bestela, ezinezkoa litzateke munstro hori mantentzea”.
Atzera begira, 25 urteko ibilbidea ikus daiteke. “Urte hauetan guztietan Gasteizko herri-mugimenduaren    esku egon den tresna izan da. Eta, gaur egun, hala izaten jarraitzen du. Eta nehoiz baino beharrezkoagoa da, beste komunikabide gehienetan kontatzen ez diren gauzak kontatzeko ezinbestekoa delako. Gainera, herritarrengatik hurbilen dagoen komunikabidea da, besteren artean, herritar batek nahi izanez gero irratsaio bat egiteko aukera eskaintzen diolako”.
Hori baino gehiago ere bada Hala Bedi irratia : probokatzailea. “Betidanik umorea erabili du bere mezua zabaltzeko eta gaur egun ere izaera horrek indartsu jarraitzen du”.
Aurrera begira zer ikusten den ? “Erronka anitz eta anitz ikusten ditugu. Komunikabideen mundua etengabe aldatzen eta berritzen ari den kontua da. Duela lau urte ez genuen pentsatu ere egingo egunero berritzen dugun web orri bat izango genuenik. Eta hor dago (www.halabedi.org). Erronkarik eta proiekturik ez zaigu faltako. Hori seguru dakigu”.