RSS

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
09/10/2008

Mintza

Kanaldude aurpegi berriarekin

Kanaldude, Baxe Nafarroako telebista parte hartzaileak udako geldiunearen ondotik, hainbat berrikuntzarekin aurpegiratuko du hasi berri den denboraldia. Interneteko atari digital berrituarekin ekin diote aurtengo erronkari eta urriaren 10an, Tokika herriz herriko emankizuna izanen da estreinakoz

Rebeka Parras

Kanaldude Baxe Nafarroako telebista parte hartzaileak programazioari ekin dio berriz, uda garaiko etenaldia igaro ondotik. Halere, bertako langileentzat ez da atseden garai hutsa izan ; berrikuntza eta erronka berriak finkatzeko sasoia baizik. Modu horretan, www.kanaldude.org gune berrituarekin eta Tokika programa esperimentalarekin sarean emititzeari ekin diote.

Ximun Carrere Kanaldudeko arduraduna da. Proiektuaren elkarte bultzatzailea, Aldudarrak Bideo Elkartea, Aldudeko herri baxenafarrean sortu zen ; gaur egun, emisioa Arrosatik gauzatzen den arren.

Telebistako partaideek, aurretik blog bat kudeatzen zuten arren, Interneteko atari berri baten aldeko apustua egitea erabaki zutela azaldu du Carrere zuzendariak. «Gune azkarrago bat egiteko eta jendearentzako errazagoa izateko egin dugu. Gure aldetik, zein jiten den, zenbat jende sartzen den... ikusteko eta erabiltzaileen aldetik, irakurgailu berezi bat bideoak argiago irakurtzeko» azaldu du zuzendariak. »horretarako» jarraitu du, «gunea eman dugu eta gure helburua, jendea internet bidezko telebistara nola jiten den, begiratzen duen eta gutxi gorabehera, nola funtziona-tzen duen ikustea da. Urte bukaeran, eskaintza hobetzea hautatu dugu eta emeki emeki, indarra hartzea eta geroz eta, emankizun gehiago ekoiztuz joan» esplikatu du Carrere zuzendariak.

Izan ere, uhinen bidezko emisioa zaila ikusten dute hedabidetik, momentu honetan Estatu frantsesak digitalizazio prozesua aurrera eramaten ari duelako. «Aldaketa hemendik bi edo hiru urtera emanen da, baina momentuz ez da deus egin eta ez dakigu deus» erran du. «Teknologia aldetik, bi gauzen artean gara eta batean edo bestean azpiegitura martxan jarri ahal izateko, diru publikoa beharrezkoa da : igorgailuak ordaintzeko, zein ADSL zerbitzua hobeto banatzeko... Ze hautu egin nahi den, guk momentuz ez dakigu eta beraz, gauza batean edo bestean sartzeko prest egon behar dugu» arrazoitu du Ximunek.

Beraz, ez dute biziki argi hemendik etorkizun hurbilera zer gertatuko den telebistako kideek. Halere, beste garai batzuetan, epe laburretan uhinen bidez seinalea igortzeko baimenak jaso izan dituzte. 2000. urtean aste betez uhinen bidez emititu zuten ; 2002. urtean aldiz, hilabetez ; eta 2006an hiru hilabete osoz seinalea uhinen bidez igortzeko eta uhin horien hedapena, Arrosatik Donapaleu eta Donibane-Garaziraino zabaltzeko baimena lortu zuten. Denbora tarte arraroak ematen duten arren, Carrerek azaldu du frantziar Estatuak banatutako baimen berezi batzuk direla. «Betirako telebista bat sortzea zailagoa da ; txosten lodiagoak prestatu behar ziren eta gainera, finantziaketa behar genuen. Halako ekintza bat egitea aldiz, aski erraza zen» aitortu du. Beraz, aldez aurretiko entseguak ontsa atera eta herri-tarrek inplikazio maila altua izan arren, etorkizunean zer gertatu daitekeenaren ezjakinta-sunak, sarearen bidezko erretransmisioari serioski ekitea erabaki dute.

Euskal Herria Tokika

Denboraldi honetan zehar eskainiko duten saioa da Tokika. 2006. urteko hiru hilabetetako emisioa ematen zen bitartean hasi ziren garatzen emankizun hori, guztira sei saio grabatuz. Helburua, herri desberdinetan zehar sartzea eta hilabete bateko epean bertako bizitza, herritar eta herria ezagutzeara ematea da. «Ez da bakarrik emankizun bat egitea, denbora batez herri batean animazio bat sortzea baizik» azaldu du Ximunek. «Beraz» jarraitu du, «hilabete bat lehenago herrira joaten gara, herria bisitatzen dugu eta hilabete batez, emankizuna herri horretatik egiten da. Beraiekin, beraien herriaren bizia kontatzeko. Horretarako bilkurak egiten dira, jendea jiten da, gaiak eztabaidatu eta emeki emeki programa bat osatzen dugu».

Modu horretan, herritarren parte hartzea bultzatzen da. Izan ere, telebista parte hartzailearen esanahia hor dago. Kontua ez da norberak nahi duena igotzeko web gune bat martxan jartzea, ekoizpen taldea asanbladatan bildu eta nahi duenari parte hartzeko aukera ematea baizik. Hau da, irekitze prozesua fisikoa da ; gogotsu dagoen edozein pertsona erredakzio taldeko kide izatera igaro daiteke eta modu horretan, gaien eztabaidan egoteko aukera emateaz gain, filmaketa eta muntaketa lanak gauzatzen ikasten du ere. «Erredakzio talde bat sortzen dugu eta hori irekia da. Beraz, jendea asanbladetara joan daiteke, baina ez da internet bidez egiten den zerbait, pertsona fisikoak aurrera eramaten dutena baizik» argitu du Carrerek.

Tokika saio berriak telebistaren gaineko kontzeptu berri bat bereganatzera eramaten ditu parte hartzaileak. Kanaldudeko zuzendariak azaldu duenez, telebista barnealdeko herrietara joaten denean, kazetariak bertaratu, pertsona desberdinak galdekatu eta iritsitako bide beretik itzul-tzen dira. «Gai bat pentsatzea, besteekin eztabaidatzea... Modu horretan hasten direnak interes bat mantentzen dute, guzti horrek heziketa kutsu bat ekartzen duelako. Lehenengo aldiz, kamara hartu aurretik telebistaren barnealdean eztabaida bat ikusten dute. Horrek telebista, beste modu batean ikusteko aukera ematen die gero» azaldu du zuzendariak.

Horretaz gain, barnealdean jendeak jarraitutako gaiak jorra-tzea pentsatzen dute eta hemendik urte hasierara dena ondo joanez gero, iparraldeko herri gehiago ezagutzera ematea bilatuko lukete eta ez barnealdekoak soilik. Beraz, epe esperimental horren baitan, hemendik abendura bitartean bost herritan izanen dira ; horietako lehenengoa, Aldudeko plazatik emitituko da. Saio hori Urepele, Banka eta Aldude herriek antolatutako azokaren gainekoa izanen dela azaldu du Ximun arduradunak. Bertan, artisautza, laborantza... lantzen dira.

Gainera, kostaldean bizi diren herritarrak, Landetako hegoaldean zein ipar Euskal Herriko kostaldean emititzen duen TVPI-ren bidez ikusteko aukera izanen dute. Barnealdeko bizimodua eta jendeen arteko harremanak ezagutzera emateko aukera gisa aurreikusten dute hedabideko kideek. «Gaur egun telebistaren bidez, orain, munduaren beste aldean gertatzen denaz segituan enteratzen zara eta ez ordea, auzoak eta bertako jendeak zer egiten duen egunero. Telebista, hori lortzeko tresna da» argitu du.

Telebista kate herrikoieko arduradunak azaldu duenez, esperientziaren arabera, gutxi gorabehera %70 euskaraz eta gainontzekoa frantsesez jorratzen dute. »Gure helburua, euskaraz eramatea da. Publikoaren zati bat ez bada gai hori egiteko, aukera eman behar zaie ere hizkuntzara eta proiektura hurbiltzeko» komentatu du komunikabideko kideak.

1997an Aldudarrak Bideo Elkartearen proiektua sortu zen, nahiz eta horren aurrekariak 80. hamarkadaren hasierakoak badira ere. Garai hartan, Aldudarrak kultur elkartearen lehendakariak herrian emandako gertakizunak grabatu eta horiek banatzen hasi zen.

Laborarien bizimodua ezagu-tzera emateko komunikazio tresna gisa erabili eta hainbat urteren buruan, 90. hamarkadaren erdialdean, ikusentzunezko taldea garatzen joaten da. 1996an formakuntza jaso eta urte bete beranduago Aldudarrak Bideo Elkartea sortu zuten kideek.

1997. urtean bildutako kideen helburua argia zen. «Hemen bizia badela antzematea eta bizi hori, laborantza gune zaharkitu bat ez dela erakustea» erran du Ximunek. Eta hori bera, hasieratik orain arteko linea editoriala izan da. «Barnealdeko herrietako bizia» gaineratu du. Izan ere, hamaika urtez bizitza hori hedatu eta telebista bidez jarraitu duen publikoa lortu baitute.