RSS

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
09/10/2008

Mintza

ERDITZEA PERUN

Ashaninka emakumeek, baita Amazoniako indigenek ere, nahiago dute etxean bertan erditu. Ohitura hori dute. Ama eta jaioberri anitz hiltzen direla jabetuta, Peruko Gobernuak indigenen kultura errespetatzen duten programak txertatu zituen 2004an, eta erditzeko lanak errazteko etxeak eraikitzen hasi zen

Milagros Salazar

Peru erdialdeko oihanean bada Ashaninka izeneko komunitate bat, 253 familia biltzen dituena. «Bertako emakumeak etxean erditzen dira, hala agintzen du tradizioak», adierazi du Puerto Ocopako osasun batzordeko buruak, Jose Poncek. Peruko Gobernua, ordea, haurrak osasun etxeetan sortu daitezen saiatzen ari da, ama eta jaioberri gutxiago hiltzeko. 2004an, osasun publikoak sexuari eta ugalketari buruzko bertze programa batzuk txertatu zituen, herri indigenaren kultura errespetatzen dutenak. Gainera, nekazari guneetako emakumeentzako etxeak sortu zituzten. Bertan egiten dute erdi-tzeko lana, bikote-lagunarekin, seme-alabekin eta, anitzetan, komunitateko emaginarekin ere bai. Amaren konfiantzazko pertsonez gain, sendagileek ere esku-har-tzen dute, eta horrela, arrisku gutxiago izaten da. Dagoeneko gisa horretako 390 etxe daude herrialde osoan. Nekazari guneko osasun zentro bakoitzak bat izan beharko luke, emakumeak familiarekin eta animaliekin ere egoteko aukera izan dezan, baina lor-tzeko traba anitz dago oraindik.

«Osasun zentroetan batzuetan ez dakite zaintzen. Umeei likido amniotikoa hartzen uzten diote, eta handik hilabetera hiltzen dira. Horregatik, sortzen denean, buelta eman behar zaio, edan ez dezan», nabarmendu du Poncek. Ashaninka honek sei seme-alaben jaiotzan lagundu dio Marina emazteari.

Marinak baietz erran du buruarekin. Bere komunitatean, haurdun dauden guztiek nahiago dute etxean eta pikotxean erditu, bikote-lagunak besoekin eusten diela. Bertze batzuetan, hesolak iltza-tzen dituzte bulkatzeko unean eusteko. Aurretik, beti hartzen dute jaioterriko belar bat, piri-piri izenekoa. «Hala, lehenago erdi-tzen zara», ziurtatu du Marinak.

Puerto Ocopa Satipo probin-tzian dago, eta bertan bost-zazpi ume izaten dituzte familiek, batez beste. Batzuk dozenara iristen direla jakinarazi du komunitateko presidenteak, Sergio Pasosek. Baina hemen, erditzeko prestatzeko etxea eraikitzen ari dira oraindik, eta Satipo osoan bi baino ez daude hamarka herrixkatarako. «Ulertarazi behar diegu zenbat eta erditze instituzionalagoa izan, orduan eta arrisku gutxiago izanen dutela amak eta haurrak hiltzeko. Horregatik sortu zen estrategia. Lehen, nekazari inguruetan erdi-tzen ziren berrogeita hamar emakumetik hamarrek bakarrik egiten zuten osasun zentroan. Hori biziki kezkagarria zen», azaldu du Osasun Ministerioko ugalketa estrategia koordinatzen duen Lucy del Carpiok. «Erditzean, odoljarioa da hiltzeko lehen arrazoia, eta establezimenduren batetik hurbil ez badago, emakumeak bizia galtzen du», erantsi du.

Amazonia, «zailena»

Osasun ministro ohiak, Fernando Carbonek, gai honekin lotutako proiektu bat kudeatu zuen ondoko eskualdean, Huancavelican. Haren aburuz, epe ertaineko lana da, hainbat kontu barne hartzen baitu : jaio aurretiko kontrola, erditze plana, haurdunen kokalekua, familiaren antolaketa, eta senideen eta komunitateko kideen lagun-tza. 2000. urtean, %24 ziren erdi-tze «instituzionalak» landa eremuetan ; 2007an, %48. Alabaina, 2004tik baliatutako estrategiak ez du oraindik heriotza tasaren jai-tsiera handirik ekarri. Bizirik jaiotako 100.000 umeko, 185 ama hiltzen dira. 2005ean 596 ama zendu ziren, eta 2007an, 513. Jaitsiera aitzineko urteetakoaren antzekoa izan zen : 1997an 764 ama hil ziren, eta 2001ean, 612.

Erditzeko prestatzeko 390 etxeetatik 76 soilik daude Amazoniako bertako herrien eskualdeetan. Horiek perutarren %2 baino zertxobait gehiago dira, 1993ko datuen arabera. Andeetan aurrerapauso gehiago eman dituzte, Cusco hegoaldeko eskualdean batez ere. 140 etxe eraiki dituzte. Erdi-tze bertikala egiten dute han, eta emakumeek nahiago dute umea abereen larruaren gainean eduki. «Amazonia da inguru zailena, kanpoan egin nahi izaten dutelako», aitortu du Del Carpiok. Alfonso Nino Guerrerok, Cayetano Heredia Unibertsitateko osasun publikoko irakasleak, arazoa oinarrian kulturala dela uste du. «Ezin dira kostako edo mendiko eredu berak galdegin. Amazoniako indigenentzat erditzea familiako kontua da eta ezin dute ezezagunek ikusi. Agintariek komunitateak bere pentsaera aldatzea planteatu dute, baina egokitu beharrekoak zerbitzuak dira», argitu du.

Elisa Terrerosek, Antropologiaren eta Aplikazio Praktikoaren Amazoniako Zentroko ordezkariak, sentipen bat agertu du : «Agintariek zerbitzu hau ongi gelditzeko soilik ematen dutela sentitzen dute batzuek, gehienetan ez dietelako biztanleei galdetzen eta hauentzat etxeak ez direlako beren munduaren parte».

Terreros komunitate gehienetan ibili da erizain lanetan, eta beraren iritziz, garrantzitsua da komunitatearen eta Estatuaren arteko lotura indartzea, elkarrizketari bide emateko.

Del Carpiok kontatu duenez, osasun langileek komunitateetako herritarrak bisitatu, eta beraiekin hitz egiten dute. Itxaroteko etxe horien abantailak azaltzen dizkiete lekuan lekuko hizkuntzetan idatzitako liburuxkekin. Hedapena mugatua da, ordea. Osasun zentroek ez dute garraio egokirik Amazonian adar artean ibiltzeko. Ibaietan barrena ibiltzen dira ia beti, eta txalupan bidaia bat egiteak 3.000 dolar balio dezake.

Terrerosek gomendatutako elkarrizketari hasiera emateko aliatuak herri horietan osasuna sustatzen duten lagunak eta emaginak dira.

Indigenak, «baztertuta»

Luzmila Chirisente Ashaninka, Nomatsiguenga eta Kakinte Emakumeen Eskualdeko Federazioko presidente eta ama da. Osasun zerbitzuetan indigenak baztertzen dituztela deritzo : «Sendagileek ez dutelako pertsona baloratzen eta egiten ikasi behar dutelako». Honen erakusgarri, Satipo osoan, jurisdikzioaren ardura duen sendagilea da kulturarteko arretarako prestatu den bakarra.

Puerto Ocopako osasun zentroko arduradunak, Giovanna Sandoval sendagile gazteak, bertako komunitateekin lan egitea zein konplexua den deskribatu du : «Oso larri daudenean soilik etor-tzen dira, eta beraien bila joan behar dugu. Tratamendu mota bat ematen badiezu, haserretu egiten dira, eta ukitzea ere ez dute gustuko».

Horrelako erronka baterako prest ote zegoen galdetuta, zera erantzun du : «Mintegietan bertako herriari buruz mintzatzen dira, baina irakasten dizutenek ez dituzte ia komunitateak ezagutzen eta hagitz informazio orokorra eta basoko eritasun tropikal ohikoen berri ematen dizute. Orduan, hona iristen zarenean, gauza batzuekin talka egiten duzula iruditzen zaizu».