Mintza
Iheslaria
Daniel elizmutil gisa jantzi da, muga pasatzeko manerarik onena dela pentsatuz, baina hala ote da ? Jakes Lafitteren istorioaren bukaera duzu hemen. Zurea argitaratzea nahi baduzu, bidali mintza@lejpb.com-era
Jakes Lafitte
Goizeko zortzietan etxez etxe ibili zen Donetxe, Bordaxuriko Gehexanak azken sakramentua eskatu zuela zabalduaz. Herritar andana bat bildu zen elizaren aurrean, karrika nagusiaren alderdi bietan, apezaren zai. Goizeko hamarretan elizatik atera ziren apeza eta Daniel. Oleazioa emateko erabil-tzen diren sotana beltza eta xingola morea zituen soinean apezak, eskuan ostiak zekartzan kalitxa zuela. Haren atzean Daniel zerraion, elizmutil bat bezala jantzia, txintxila mugituaz. Jende guztia so zegoen bikoteari, txapela kenduta gurutzekoa eginez, bi mugazainak serios, guardia alemanak tinko.
Ibilaldia motza izan arren kilometro asko egin behar zituela iruditzen zitzaion Danieli. Norbaitek salaketa bat egin izanak ikaratzen zuen. Ongi bazekien herri okupatu batean errazago dela hertzaleak baino traidore gehiago atzematea. Herri honetan berria izanik, alemanek nortasun agiri bat eskatuko ziotenik galdezka ari zitzaion bere buruari. Finean bukatu zen bidea eta mendirantz zeramatzaten harrizko mando bide batera sartu ziren.
Daniel lasaitu nahirik hizketan hasi zen Donetxe :
-Zailena bukatu da , bainan kontuz ibili behar dugu milizianoren bat agertzen ote denentz. Hauk baitira alemanak baino okerrago. Orain arteko jokabideari jarraitu behar diogu bukatu arte, jende bihur batzuen mesfindantza eta arreta pizt ez ditzagun.
Askatasun usaia nabari erazten zion Danieli, haitz eta pagoen artetik zihoan bideskak. Oski arinak jarri zituelako jotzen zuen minarengatik, askoz atseginagoa iruditzen zitzaion hortik ibiltzea Bordaleko asfaltoan baino. Toki orlegi eta menditsu hori garai hauetan mundua inarrosten ari zen gertaera guztietatik aparte zegoela nabaritzen zuen. Bikain ez zegoen mundu hobekiago baterantz abiatu zela sentitu zuen. Gogoeta horiek moztu zizkion Donetxek, Bordaxurira heltzen ari zirelarik.
-Hemen dago Bordaxuri baserria ; Ion du izena bertako jabeak, bere ama zaharrekin bizi den mutil zaharra da . Haren etxea Espainiako mugatik hamar metrora kokaturik dago. Gauean bertan edo bihar goiz goizetik zeharkatuko duzu muga eta Auritzen laguntza atzemanen duzu, lasai.
-Bainan heriotzari buruz gezurretan zu ibili izana onhartuko du Ionen ama zaharrak ?
Eskatu zion griñaturik Danielek.
-Horretaz ez kexa. Mezetara etortzeko ez da gai atsoa, haren adinarengatik ongi ibiltzeko arazoak baititu. Bainan oso fededuna da eta konfesatu ondoren jaunartzea ematera heldu natzaiola erranen diot. Xingola morea ezkutatu ondoren noski. Ion ongi badaki honetaz. Garai hauetan ez da lehen aldiz hori egiten dudala eta ez da azkena izanen.
Bordaxuriko eskaratzera sartu ziren biok. Gehexana sutondoan eserita erdi lotan. Ion bazkaria prestatzen ari, Sukaldeko gauzetan aritzeko aspalditik unatua baitzen Gehexana. Danieli beste aldera joateko egitaraua aurkeztu zioten Ionek eta Donetxek. Bazkaldu eta berehala joatea pentsatu zuten hiruek. Guardien mesfidantza iratzarriko zen beldurrez, ez zuen maletarik ezta ere motxilarik eraman Danielek. Atorra azpian ezkutatu zuen gurasoek utzitako dirua, haren ondasun apala. Bazkaldu baino lehenago bere bekatuak aitortu zizkion Gehexanak Donetxeri, eta gero eukaristia hartu. Bazkaldu ondoren mugaraino eraman zuen Daniel Ionek, han artzain bat zai zutela.
Donetxe Arnegira itzuli zeneko, ez zioten Alemanek apeza bakarrik ibiltzeari jaramonik egin. Iheslaria mendiko mutil bat zela usteko zuten, eta Nafarroako mendietan ibiltzera ez ziren soldado aleman arruntak atrebi-tzen.
Bertako mendiak ongi eza- gutzen zituen artzainak, Auri-tzeraino eraman zuen Daniel artaldearekin batera. Hortik kotxez eta trenaz Santan-deraino joan zen eta Buenos Airesera zihoan barku batean sartu zen. Hilabete batez beranduago han senideekin elkartu zen Daniel.
Gerla bukatu ondoren, domina asko eman zioten Donetxeri, Frantses, Estatubatuar eta Britainiar agintari militarrek, iheslari andana bati laguntza eman izanagatik.





