RSS

Pays Basque découverte Lejpb-rekin batera

Ostegunero
Ljpb-rekin

Hasiera > Paperezkoa > L'opinion

L'opinion - Azken hitza

Inkesta soziolinguistikoaren emaitzen irakurketa : basoa, erdi betea edo erdi hutsa ?

19/08/2008

Ione Josié

Ekainaren hondarrean, Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak, IV. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzen berri eman zuten, emaitza gazi-gozoak agerian utziz. Haatik, inkestaren zazpi puntuak hurbilagotik begiratuz, kezkatzekorik badugu.

Hizkuntza gaitasunei eta taldeen ezaugarriei doakionez, datu bat azpimarratu behar dugu : elebidun gehienek 65 urte baino gehiago dituzte. Hortaz, gazteak erritmo sobera motelez euskalduntzen dira. (...) Esan liteke, gaurko elebidunen bi heren, 30 urteko epean galduko ditugula. Bitartean, gazteen euskalduntzeak orain arteko erritmoarekin segituz gero, ez dugu lortuko galera gelditzea. Bestalde, inkestak hiru elebitasun mota agerrarazten ditu : euskal elebidunak (%24,7), elebidun orekatuak (%50,8) eta erdal elebidunak (%24,6). Normalizazioaren ikuspuntutik, lehenengo bi multzoak dira interesgarrienak, hizkuntza sortzeko aukera dutelako (...). Hizkuntzaren transmisioari dagokionez bi datu garrantzitsu azalarazi dituzte, bi gurasoak euskaldunak direlarik, haurrek euskara jasotzen dute kopuru handian, kasik sistematikoki, batek euskara ez dakielarik, ordea, joera ez da euskara transmititzekoa. Horrez gain, euskararen irabazi eta galeren inguruan azpimarratu behar dugu galerak etengabeak direla eta irabaziak ez (...). Lehen hizkuntza euskara izan arren, % 24,9ak galdu du erabat edo partzialki hizkuntza, 16 000 pertsona hain zuzen ere eta lehen hizkuntza frantsesa izanik, 3 900 pertsonek euskara ikasi dute. Euskararen erabileraren inguruan, logikoa den bezala, ezagutzaren galerak erabileran ere eragiten du. Nabarmena da oso, bestalde, inkestan esaten direnez gain, beste arrazoi bat kontuan hartzekoa dela erabilera tasak ulertzeko mementuan : erabiltzeko aukerak ez datoz bat ingurune hurbilean ditugun erabilera tasak eta zerbitzuetan ditugunak eta hori ulertzeko arrazoirik argiena eskaintza falta da. Horretaz, erdal elebidunek erabilera tasa txikia dute. (...) Ondorioz, argi da, hizkuntzaren kalitatea bereziki landu behar den gai bat dela. Euskararen sustapenari doakionez datuak positiboak dira : % 93ak uste du euskaraz eta frantsesez hitz egin beharko litzatekeela etorkizunean, % 82ak uste du gizartean bi hizkuntza izateak ez duela arazorik sortzen, % 83ak euskararekiko interesa adierazten du... Horrek erakusten du, jendartea aldaketarako prest dela, hizkuntza-politika eraginkor baten aldekoa, eta orain, guzia politikarien esku dela.

Datuek adierazten dute euskararen egoera Iparraldean oso larria dela. Izan ere, galbidean den hizkuntza batek eskaintzen dituen datuak dira. Gaur egun, euskararentzat estatus egokirik gabe, corpus juridikorik gabe eta hizkuntza-politika eraginkorrik gabe, datuek argiki adierazten duten bezala, ezinezkoa da euskara normalizatzea eta ezinezkoa ere, galerari aurre egitea. (...) Haatik, datuak kezkagarriak badira ere, ez da oraindik berandu eta honako neurri hauek hartuz gero, euskararen normalizaziora aurrerapausoak eman daitezke. Hasteko, euskarari estatus ofiziala aitortu behar zaio, euskaldunon hizkuntza- eskubideak babestuko dituen corpus juridikoa osatu eta hizkuntza-politika eraginkorra abiatu. Hezkuntza-sistemak gainera, belaunaldi berriak osorik euskaldundu behar ditu, baita goi mailako ikasketen eskaintza ere. Honetaz gain, administrazioa eta bere zerbitzuak euskaldundu behar dira ; alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko bideak eskaini ; gizarteko beste alorrak euskaldundu, hala nola, aisia, kirola, hedabideak, kultura, etab ; diru baliabideak, administratiboak eta giza baliabideak nabarmen handitu behar dira eta azkenik, helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortu behar zaio

Hizkuntza baten biziraupena segurtatzeko hizkuntza-politika egokia behar da, baita herritarron hizkuntza-eskubideak babestuko lituzkeen tresna juridikoa ere. Euskarak status egokia izan behar du: berezkoa, lehentasunezkoa, ofiziala eta ezagutu beharrekoa!

inprimatu