L'opinion - Azken hitza
Harek ere handik atera nahi
08/08/2008
Itziar Madina
-»Zuri dagokizun txostenak dion bezala, 2008ko agorrilaren 02an jazo ziren gertaerak. Permisarik gabeko autoa gidatzen zinuela lau eta hamar urte arteko zure hiru haurrak barnean, zortzi hilabetez esperantzan» -epaileak emazte gaztearen tripa borobilari so egiten dako urrezko begilagunen gainetik, eta aintzina segitzen du- « jendarmeen lehen brigada batek gelditzeko egin keinuari ihesarekin ihardetsi zenion eta molde lanjerosean gidatu zinuen luzaz, bidea trebeskatzera zoan oinezko bat kasik lehertuz, tunel baterat argirik piztu gabe sartuz eta kamiun bat bortizki geldiarazterat bortxatuz, noiz eta jendarmeen bigarren brigadak zu arrestatzea kausitu baitzuen. Zure kontra diren akusazioak hauek dira : jendeen eta adin gabekoen bizia lanjerrean emaitea gidatze temerarioaren ondorioz, autoan uhalarik ez normak segitzen dituen jarleku egokirik gabe bi haurren eramaitea eta agintearen manuei ez erantzutea. Guzi hunengatik hiru urte presondegi fermu eskatzen ditu Prokuradoreak zure kontra eta haurrak zure eskuetatik kenduak izaitea, alabainan inkestak agertu baitu zure ardurapean irriskuan bizi direlaren zantzuak badirela».
Amak ez du deus erran bainan auzitegiko gelan negar sotina aditu da : hamar urteko haurra. Luziak ez ditu sotana beltza eta ttattarra zuria daraman gizonaren eleak segitzen. Erdiz ditu funtsean konprenitzen, hain baita akzento hertsiarekin mintzatzen. Burdin gorian eman lezake eskua abokataren hitzek epailearen baitan oihartzun izan dezaten. Amalia, Tito eta Ñako. Barnerat sartzen badute haiendako ere izanen da presondegia. Hola erran behar du abokata ergel esku fin horrek. Erran dezala, erran : ama ala haurrak, nor da zigortu nahi dena? Zendako Haur Zentrorat igorri? Ixo ene Amalia gaixoa, ixo. Ez, amak ez zaituzte bakarrik utziko. Ixo polita, ixtante fini dun. Ondoko aldian ez gitun auzotik jalgiko. Aitak ama berriz kaskatuko duela? Hago trankil ene maitea. Hori mila aldiz nahiago itzala baino. Hiru urte. Urde zikin horrek zer ote daki haurrak zaintzeko ene moldeaz? Zer da haren haurrekilako amodioa? Goizero haurzaindegian ala esku arrotzetan kokatzen, arrastirietan postatik jin opari-paketa bezala biltzen eta sustut zortziak et'erditako bainaturik eta afaldurik oherat igortzen dituelarik. Hori bai, modako arropa berri berriak, puntako jostailuak eskainiko deztee. Bainan negar egiten dutelarik, logelako atea untsa hets eta telebistako gelarat joanen da, arima eta bihotza bakean, aita zentzudunaren gisan, bere haurren, biharko hiritar zuzenen, hezkuntza gogoan. Burutik ez zako pasatuko ere besoetan hartzea, musukatzea, eztitzea. Egia, jendartea ni bezalako pobre ezin kontrolatuen aztapar lanjerosetatik salbatzen egun osoa zintzoki arizan ondoan, jin dela merezitua duen gaueko bere lasaitasunaren ordua. Haurrak uler ala leher dezala.
Zutik orain, abokata mintzatzen ari da. Goxoki, sugetto baten muturrak (ala buztana izan da?) Luziaren triparen azala daldararazi du. Harek ere handik atera nahi du.





