L'opinion - Azken hitza
Ingrid
17/07/2008
Jean-Louis Davant
Andere horren libro ikusteaz bozten niz bazterrik gabe, beste jente hanitx bezala. Gaineala ez beita batere itsusia, ikono bat, sinbolo bat bilakatü da berehala : libertatearena balinba.
Haatik ez düt ahazten beste bahitürik badela Kolobian eta mündü zabalean. Ez dira denak makien edo banderolen esküetan, hüllanik ere : franko bada Estatüek bahiturik, preso etxerik züzen kontre : ogenik gabe, probarik gabe, ideien gatik zerratürik, edo eri handiizanez kanpoan artatürik behar lükeienak, bai eta beren kondena bete ondoan giltzapeko denbora lüzatürik lege berri okerrez... ez jakin noiz arte !
Ideien gatik han daudenetan, gogoan dütüt bereziki 18/98 delako auzian kondenatüak, eta bestalde, izen ezagün baten aipatzeko, Arnaldo Otegi Batasuna alderdi debekatüko aitzindaria.
Bahitü horiek ere zaintü behar dütügü, gure ganik hüllanenak beitira gisa oroz : gureak direlakoz, eta «gure» bi Estatüetako presondegietan daudelakoz, beren familietarik hürrün etxerik legez kanpo.
Beste presorik ere badügü Frantziako eta Espainiako presontegietan. Enetzat gerlako presonerak dira. Haiek ere familiatik hüllan agitü behar lükeie legearen arabera, eta bakealako negoziaketen bidez itzaletik elki, sobera lüzatü gabe




