Ustelkeria akusazioen presioagatik eta irlandarrek Lisboako Itunaren aurrean datorren ekaineko erreferendumean herritarren ezezko jarrera hartzearen beldur izaki, maiatzaren 6an Irlandako lehen ministro kargua utziko zuela iragarri zuen Bertie Ahernek iragan apirilean, eta bere hitza bete du.
Aherni 1980ko eta 1990eko hamarkadetan etxegintza arloko enpresaburuengandik dirua jaso izana leporatzen diote, eta iaz akusazio bertsua egin ziotenean, bere gobernuak krisia izan zuen. Krisia gainditu bazuen ere, epaitegi berezi batek auzia ikertzen segitzen du. Bertie bezala ezagutua, 1951eko irailaren 12an Dublinen jaio zen Patrick Alan Bartholomew Ahern. Aitak britainiarren okupazioaren kontra borrokatu zuen, IRAko kide gisa, 1919-1921eko gerran, eta Irlandaren zatiketa onartu zutenen kontra 1922-1923ko gerra zibilean.
Hain justu, zatiketaren aurka borrokatu zen Eamon de Valeraren aldean ekin zuen aitak, eta hark sortutako Fianna Fail alderdian (1932an lortu zuen lehen aldiz boterea) egin du bere karrera politikoa semeak. Alderdiak urteekin jarrera moderatuagoa hartu bazuen ere, aitak errepublikano sutsu izaten jarraitu zuen, eta Bertiek gogoratzen du txikia zela IRAren armak ikusi zituela etxean ezkutatzen, eta Garda Polizia aita galdekatzera joaten.
Ikasketak amaitu ondoren Dublingo Mater Ospitaleko Kontabilitate Departamenduan egin zuen lan Bertie Ahernek. Politikan gazterik hasi, eta 1977tik da diputatu Dublingo legebiltzarrean. 1997ko ekainetik taoiseach (Irlandako lehen ministroa, gaelikoz) izan da, hiru bider hautatua, harik eta dimisioa eman arte. Irlandako bake prozesuaren bultzatzaile nagusietakoa izan da. Bere agintaldian Irlandako Errepublikak goraldi ekonomikoa izan du.
Ian Paisley buruzagi unionista beteranoak ere maiatzean dimisioa emango zuela eta Ipar Irlandako lehen ministro kargua utziko zuela iragarri zuen duela aste batzuk. Stormonteko gobernu autonomoa Sinn Feinekin, behialako etsai amorratuarekin, partekatzeak DUP Alderdi Unionista Demokratikoan jasan dituen presioak, batetik, eta adinak, bestetik bultzatu dute nagusiki erabakia hartzera. DUPen dagoeneko badu ordezkoa, Peter Robinson, orain arteko bigarren buruzagia, eta hau izango da, seguruenik, hurrengo lehen ministroa.
Hain zuzen ere, Ahernek dimisioa gauzatu baino ordu batzuk lehenago Paisleyrekin bildu da Boyneko Bataila Gogoratzeko Zentroaren inaugurazioan (Hego Irlandan). Eliza Presbiteriar Askearen sortzaile eta buruak Irlandako gatazka konponbidean jartzeko eginiko ekarpena goraipatu du Ahernek. Jakina, erretiroa edota heriotzen garaietan politikoki zuzena omen da okerrak ez aipatzea. Paisleyk prozesu politikoari jarritako oztopoak ez ditu aipatu Ahernek.