Gara: Latest news - Printed edition  |  Le Journal |  Documents
Google
EUS | ES | FR | ENG
 » PRINTED EDITION
  - Index
  - Sujet à la une
- Basque Country
- Local
- Opinion
- Culture
- Sports
 » DOCUMENTS
 » Hemeroteka
Le JPB > L'opinion > Tribune Libre 2008-05-17
Euskal Herriko Gazte Independentistak
Gazteok Askatasuna behar dugu !

Euskal gazteon aurka estatuek egin dituzten erasoen azaleko balantzea egin ezkero, gogoratu ditzakegu Baxe Nafarroako operazioa, Uribe-Kostakoa eta Barakaldokoa, Donostiakoa, Oarsoaldekoa, Burlatakoa edo Gasteizkoak... Zoritxarrez zerrenda luzea da hauei gehitu ahal dioguna beste hainbat eskualdetan, arrazoi ezberdinak leporatuz, epaiketa zain edo isunak, espetxeratzeak eta atxiloketak pairatu behar izan dutenena.

Galdera da, zergatik halako errepresio gordintzea?

Ezker Abertzalea anikilatzeko estrategiari eutsi diote estatuek badugulako proiektu politiko bat herri honi eskaintzeko, burura eramatean PNV, UMP eta UPNko poltroneroak etxera bidaltzen dituena eta bi estatuekiko, orain UMPk eta PSOEk kudeatzen dituzten estatuekiko menpekotasuna ezeztatzen duena.

Proiektu horren parean Espainiako Konstituzioa eta Frantziako Errepublika, herri honi kartzela, sufrimentua eta menpekotasuna besterik ekarri ez dioten egiturak. Eta gatazka hor dago, proiektu oro gauzatzeko ezintasun horretan.

Agerikoa da PSOEk eta PNVk Ezker Abertzalearen iniziatiba desegin nahi dutela; bidea libre izan dezaten euren arteko manikeorako

Baina gainera, ezker abertzaleak Independentzia eta Sozialismoa burura eramateko tresna zehatz eta praktikoa ere jarri du mahai gainean, autonomien eta erabakiaren proposamena. Are gehiago, proposamen horrek balio erantsi ikaragarria du; herri honi hitza eta erabakia aitortzean proiektu ororen bideragarritasuna bermatzen delako eta ondorioz gatazkaren konponbiderako eskenatoki batera garamatzalako.

Herri honen gehiengoak bat egiten duen oinarrien gainean eraikitako proposamena da, gainera. Horregatik, eta hitzez haratago, agerikoa da PSOEk eta PNVk Ezker Abertzalearen iniziatiba desegin nahi dutela; bidea libre izan dezaten euren arteko manikeorako, Ezker Abertzalea anikilatu eta eurek negozioa lotu.

Estatuek gerrari ekin diote eta PNV aurretik doa, egoera prestatzen... mozio kriminalizatzaileak aurkeztuz udaletan, bere polizia politikoa euskal herritarren aurka oldarraraziz...

PSOEk (eta UMPk eta UPNk) Ezker Abertzalea iniziatibarik gabe behar du, bere konstituzio sakro-santuari, herri honen ukazioaren espresio gorenari eusteko.

PNVk eta NaBaik ere Ezker Abertzalea iniziatibarik gabe behar dute; konstituzioaren egitura horren baitan ahalik eta botere kuota handiena lortzen jarraitzeko, negozioa egiten jarraitzeko eta herri honen aurrean salbatzaile gisa agertzeko.

Eta horregatik errepresioa, ezker abertzalea mapa politikotik desagerrarazteko...

AAMren aurkako epaiketa

Eta testuinguru honetan guztian, askatasunaren aurkako epaiketa kokatu behar dugu. Espainiako Estatuak garatu arren bi estatuek herri honen aurka daramaten anikilazio estrategian kokatzen den epaiketa.

Lehenbizi, gure babesa azaldu nahi diegu auzipetuei eta txalotu nahiko genuke hauek epaiketan hartu duten jarrera. Defentsa juridikoari uko eginez, argi eta garbi utzi baitute estatuen erasoen izaera politikoa eta bizi dugun salbuespen egoera.

Orain, gazteok inoiz baino gehiago behar dugu Askatasuna. Askatasunak herri honen alde lan egiten duten euskal borrokalarien aldeko lana egiten du, eta egun, gatazkaren espresio gordinenak pairatzen ari garen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa dugu. Beste alde batera begiratu beharrean, Askatasunak estatuen errepresio makinaria salatu, herri babesa artikulatu eta dagozkigun eskubideak borrokatzen ditu eta horren ordaina ezin da izan epaiketa fartsa bat, horren ordaina herri sumindu eta duin baten txalo zaparrada itzela besterik ezin da izan. Aldiz, beste batzuek eraso guzti hauek beraien helburu politikoak indartzeko erabiltzen dituzte. Horiek izan behar ziren epaituak, eta ziur egunen batean herriak epaituko dituela.

Inoiz baino gehiago borrokatzeko garaia denean gazteok Askatasuna behar dugu

Horregatik, orain, herri honek aske izateko aukera guztiak irekita dituenean, eta etsaia egoera politiko historiko honen jabe izanda askapen borrokaren iniziatiba oro txikitzeko makinaria errepresibo guztia abiatu duenean, inoiz baino gehiago borrokatzeko garaia denean gazteok Askatasuna behar dugu, eta inoiz baino gehiago!

Beraz, dei egiten diogu euskal gazteriari gaur arratsaldean Bilbon izango den nazio manifestazioan parte hartzera eta erasoei erantzunez eta Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko bidean tinko jarraitzera. Independentzia eta Sozialismoa lortzeko aukerak zabal-zabalik ditu herri honek, baina bide gogorra dago oraindik egiteko eta tinko eutsi behar diogu aukera historiko honi.

Askatasuna behar dugun guztioi dagokigulako urratsak ematea !

JO TA KE IRABAZI ARTE !!!


Print
 
...More news
Sujet à la une
Aitor Mendizabal : Eros et Thanatos
Pays Basque
L’association d’alphabétisation des adultes AEK inaugure son nouveau siège à Bayonne
Sports
Une victoire pour viser plus haut
Culture
Les enfants ont leur festival à Hélette
Sports
Le bal desillusions perdues
Pays Basque
Des parents d´élèves s´indignent du service minimum de Sarkozy
  © 2006 Baigura | Contact | About us | Advertise Sarean zer |