Ezagutzen dut jende bat, ttipi ttipitik idazkiak leitzeko parada ukan duena. Urteekin beretu omen du horrela, orain dakien guzia. Frango harro dabil, bere balentria aipatzen duelarik. Eta galdera bat egitera ausartzen bazara, orduan idekitzen dizu, eta kalaka-malakaz beteriko bere zakutara osoa, burutik behera eta beharrietan barna ixurtzen.
Baizik eta, umetxo zelarik, amak biberoitik edatera behartzen zuela. Aldi berean, begien bistan zuen botoilatxoaren gainean inprimatutako marka, neurri zenbakiak eta beste irakurtzen zuela. Eta hori, egunean hainbat aldiz.
Berantago, zenbait liburu eta jokoen azaleko izenburuak, autore deitura-izenak eta larriki idatzitako guzietaz jabetu zen. Eskoletako liburu eta irakurgaiekin berdin egin zuen. Etxean, bere begi gosetien aitzinetik iragaiten zitzaizkion, eguneroko kazetaren titulu, eta azpitituluak tarteka, propaganda eta erreklamen abisu ezaugarrienak, erositako janarien ontzi-gaineko izen potoloenak, eta beste... leitu eta gogo-kutxan sartu egiten zituen.
Orain, segitzen du beti, begia erne eta jakitate gosez, alde guzietan agertzen diren zine-afitxen hizkirik ohargarrienak, aldizkarietako titulurik adierazgarrienak, liburuen laburpen soilenak, publizitate ohargarrienak, eskutik pasatzen zaizkion garagardo eta arnoen etiketak, oro... ikusi eta ikasten !
Zoritxarrez, bere burua bakarti senditzen du, eta bera bezalako jakitate maila duen norbait bilatzen du, jakituri trukaketan aritzeko. Zuk, beste horrelako jenderik ezagutzen al zenuke ?
Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu !