Txomin Peillen
Euskal elkartasunaren zergak
Txiki-handiak erabaki du Frantziako gobernu gastuak apaltzea, salbu eta politika gizonenak: txipienak irakasle baten doblea irabazten duelarik. Zenbat diru galtzen da alferretan eskuin eta ezker Kontu Korteak (Cour des Comptes) horrek salatu arren. Zenbat kostatzen dira estatuaren bizkar bizi direnak? Bada liburu bat azaltzen dizuna nola Frantzian bizi deusik egin gabe herri laguntzekion. Oraino berriki salatu da Gaudron diputatuak bere soldata ederraz kanpo RMIa laguntza eraikitzen duela eta badira Frantzian bizi diren ingeles batzuk beren hilabete sariaz kanpo frantses RMI a jasotzen dutenak. Nire ondoan bere hiru zakurrekin, bizi den neska drogatuak aitortu dit laguntzekin ongi bizi dela, ez duela ez lanik ez ikasketarik egin nahi. Frantzia zorrez itoa da eta zorra beti goiti doa lanpostu sortzeko ordez, langabezia lagundu baita. Euroa ezpalitz Frantzia aspaldian bankarrota eginik litzateke eta libera famatua zolaraino jaitsia, eta prezioa orain baino gorago joanak.
Bestalde, gutitze, murrizte sistema ez da gerlarako igortzei behartzen, esleitzen; jadanik frantses oilarraren handitasunarengatik Afrikan, diktatura zenbaiten alde eta frantses konpania handien probetxurako milaka soldado kario atxikitzen dira eta mende azkeneraino iraun dezkeen gerra ustel batera, laster milako bat gehiago Afghanistanera igorriko dira, estatubatuar eskuinari atsegin emateko. Zenbat kostako?
Kostako da, irakaskuntzan hamaika mila lanpostu kenduko direla, gure euskal eskolek ere sufrituko dutela eta berriz ere euskal elkartasunaren bihotzezko zergak ordaintzen jarriko gara, euskarazko eskolek baldintza onetan lan egin dezaten. Sosa ere beharko da, agian, Herrikoan, lanpostu berrien laguntzeko, baita euskaldun laborari gazteen etxaldeak salbatzeko ere, Ipar Euskal Herriko laborantza lurrak eta etxeak aberats zaldizale batzuen eskuetara joan ez daitezen Gure Laborantza Ganbarak sos beharra izanen du. Bestalde, eskualdei utzi zaiete egiteko anitz, baina dirurik ez dute izanen non ez dituzten beren zergak goratzen edo Euskal herriari ematen diren laguntza txarrak beheratzen. Azkenean, gutiago jostatu eta gehiago gure sosekin Euskal Herria lagundu beharko zaigu, hori aintzinetik ere egiten jakin dugu.
|