Euskal Herria da gure herria eta euskara gure hizkuntza. Horrela izan da betidanik, eta horrela da gaur egunean ere. Urte luzez gure naziotasun eskubidea eta gure hizkuntza eskubideak urratu dizkigun politika zapaltzailea baten magalpean bizi behar izan gara. Ezin izan dugu eta ezin dugu une hauetan ere, gure etorkizunaz erabakitzeko eskubiderik gauzatu eta, ondorioz, ukazioaren lege eta arauen menpe eduki nahi gaituzte.
Hala ere, noiz egin diegu men herria eta hizkuntzaren binomioa suntsitzen saiatu diren politika horiei? Betidanik, herriaren eta hizkuntzaren aldeko lana eta borroka izan dugu ardatz, gure hizkuntza eskubideen defentsa eta urraketa ororen salaketa jarri dugu behin eta berriro mahai gainean.
Estatu frantses eta espainiarrak ez dute Euskal Herriaren burujabetza onartzeko inongo asmorik eta desiorik. Trufa egiten digute, ditugun eskubide guztiak behin eta berriro urratuaz eta oinarrizkoa dugun eraikuntza lana oztopatuz. Estatuen logika horri jarraiki egiten dute politika Euskal Herriaren zatiketa ahalbidetzen duten botere autonomikoek ere ; zatiketa administratiboaren babespean, neurri hutsal eta ez-eraginkorrak bultzatzen tematzen dira, euskarari hauspoa eman baino, bere ondoratzean gehiago sakonduaz.
Garaia da ingurura begiratu gabe, zerbait oparituko diguten zain egon gabe, guri dagozkigun eskubideak lortzeko urratsak emateko. Euskarak inoiz baino gehiago behar gaitu eta, beste behin ere, herritarron aldarrikapen eta lanaren arabera jokatuko dute administrazio eta estatuek ere.
Euskararen alde, eskubideen defentsan eta normalkuntza bidean, lan asko egin da eta gu horren testigu izan gara. Ikastolak, Helduen euskalduntze eta alfabetatzea, Kontseilua, Behatokia, Euskaldunon Egunkaria, BerriaŠ zerrenda amaigabea osa dezakegu eta guztia herriak herriarentzat sortutakoak. Administrazioen papera ordea, oztopatzailea izan da ; diru laguntzen ukazioa, egitasmo ezberdinei sabotajea, legez kanporatzeakŠ Euskal Herri euskaldunaren alde ilusioz eta izerdi lodiz eraikitakoa, txiki-txiki egin nahi dute espainiar eta frantziar konstituzioetan oinarritutako politika basatiek.
Hizkuntza eskubideen defentsan aritzea ere gero eta gogorrago zigortzen da. Eskubideen bermea helburu beharko luketen politikek, herritarrak zigortu eta eraso berriak antolatzen dihardute. Euskararen normalkuntza osoa helburu ez badute ere, badaude hainbat administraziotan normalkuntza planak, baina ez dira betetzen. Oposaketa dei gehienetan, oraindik ere, ez da euskara derrigorra izaten. Eta, guzti hau larria izanda ere, eskubide horien defentsan dihardugunoi isunak jarri eta espetxe zigorra ezartzen digute.
Egoera aldatu beharra dago, hizkuntza politika aldatu beharra dago. Baina norabide egokian, euskarak behar duen aldaketaren norabidean. Euskal Herri euskalduna bada helburua, ezinbestez, lurralde osoari konponbidea bilatuko dion proposamena behar dugu. Euskal Herri osorako hizkuntza politika berria behar dugu, lege berri bat. Euskara ofiziala eta lehentasunezkoa izendatuko duena, eta hartutako erabakiak bermatu egingo dituena. Euskararen normalkuntza osoa lortzeko bideak irekiko dizkiguna eta belaunaldi guztien euskalduntzea ekarriko diguna.
Arestian esan dugu, Euskal Herria da gure herria eta euskara gure hizkuntza. Euskal Herri euskalduna helburu, apirilaren 6an Atarrabian elkartuko gara, errealitate horretarantz urratsak ematen jarraitzeko. Gure eta zuon indarrez, Euskal Herri euskalduna eraikiko dugu !