Kristiane Etxalus
4+3=1 harat hunataka
Zuren esku artean nere militantziako berri edo xaharkeri emanez, xerkatzen nuena zen lekukoa pasaraztea. Nik Aita Larzabalen eta Telesforo de Monzonen izaiteko maneratik hartu nuen lekuko hori, eta hor ginen multxo pollita tropelan abiatu ginenak Euskadi askatu, sozialista -eta berdin iraultzaile ere- bati buruz, nun zazpiak bat egin behar ginuen. Bidez bide, hitzez hitz, ekintzez ekintz, izanak gira lasterka, irriz, trufatuz, nigarrez, liluratuak edo kondaketako itsusiak, agian mamuak. Behextea eta gerla ere izan dira. Badira. Hala ta ere nola «ez den (da) barkatua izanen bekaturik egin ez duena» (Erasmusek diona), orain gure baitatik datorren lekukoa gustuz pasatuko nizuke, zu eta zutarrak hurbil zaitezen orduko eta lehenagoko gure helmugara. Herriak ontzat har lukeena.Bestalde iduritzen zait ez dela gauza txarra izkututakoa gordetzea -gure eskualdean gordetua plantan jartzea erran beharrean- historian ez gelditzeko besten iturrietik ixuria bezala. Ez gira ez Historioan sartzekotan, bainan zer gaitik ez historia xumean, bihotz bigunen eleberrietako beste «süjeten» artean, gure irudimenatik sortutako historietan eta ez besten artxiboetatik eroritakoa. Gisa guziz, ohart zaitezte otoi nere personaiaren lekua dela lili urdinen pentzetan edo larra basetan, txibiriten artean, Aberri Egunkari. Iparraldeko lehen Aberri Egunetik hat, 45 urte beranduago beraz, nago ez girenez bilakatze batean laketago ez eta irabazte ala galtze bateko jokoan. Iraultzaletasunak hautsi zuena irauntzaletasunak lotu dezan. Bai euskalduntzen ari gira. Ari, lan ari? Pizuduna aurdikiz, arin arin izaiteara heltzeko. Lekukotasuna bai, lagundu ere bainau ariketa horrek. Argi dut oraindik aizina dugula gure betiereko euskal erresuman sartzeko. Eta sartzekotan, nik nahiago nuke erle ta txiribita horien arteko zerbeitetan jostatu ez eta sustraietan eneatu. Gisa oroz, horri buruz, lehen eta baitezpadako baldintza da «Atrazina»tik libratzea, «Rondup» edo «Garzon» izena entzun ta muturra altxatzea. Ari ari hor gaindi. Nola nahiz, etapa baten ospatzeko parada badugu aste bukaera huntan, Mugerre Elizaberrin, arratsalde apaletik hat. 4+3 =1. Han izanen gira, atzokoak, gaurkoak eta biharkoak. Nere txokoa betiko barraren izkinean atxikia dut. Artetik uzten banauzie Sister Simone eta Michel Cahenen entzuteko eskertuko zaituztet. Berritasunak oraindik kilikatzen nau eta.
(Martxo honetan argitaratu berria den Sustraiak liburuaren parte hartzaileetarik bat. Liburu honek, 1960 eta 1970 hamarkadetan, Iparraldeko mugimendu abertzalearen hastapenaren ezagutzeko parada eskaintzen du.)
|